‘Zubitik salto’, aurtengo Ibilaldiaren kantea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2007-02-16 01:00   Musikea

Kantea Iñigo Muguruzak egin dau eta letrea Kirmen Uriberen esku egon da. ‘Geroaren deiadarra’ leloa daroan 29. edizinoa Balmasedako Zubi Zaharra Ikastoleak antolatuko dau.

Balmasedan maiatzaren 20an ospatuko dan Ibilaldiaren kantea, ‘Zubitik salto’ aurkeztu dabe Bilboko Antzokian. Kantea Iñigo Muguruzak egin dau eta letrea Kirmen Uriberen esku egon da. ‘Geroaren deiadarra’ leloa daroan 29. edizinoa Balmasedako Zubi Zaharra Ikastoleak antolatuko dau.

Aurtengo Ibilaldiko kantearen izenburuak, zubitik salto egitearen irudiagaz jolasean, euskerearen errekara salto egitera konbidetan gaitu, letrearen egile Uriberen esanetan: ‘ausart izateagaz zerikusia dauka, formak apurtu nor bere burua oso-osorik sartzeko hizkuntzearen uretan’. Balmasedako euskerea sendotzea da kantearen mezuaren helburua.

Letrearen egitureak antxinako ume kantak gogora ekarri gura ditu. Ahozko tradizinoan dago iturria, beraz. Elementuak gehituta egiten ziran kanta horreek, ‘Akerra ikusi dogu’ kanta ezagunaren antzera. Horretan oinarritu da Kirmen Uribe letrea idazteko. ‘Gauza bi gustetan jatazan kanta zahar horreetatik. Alde batetik, jostarinak dirala, alaiak. Beste alde batetik, gehitzearen kontu hori. Nik neuk be ideia horixe erabili gura izan dot euskereari jagokola. Izan be, nik ez ditut txakurrak, txistuak eta txoriak batu, personak batu ditut bata besteagaz, euskal berbaldunak’.

Musikea egiterako orduan egileak kantea nori dagoan zuzenduta hartu dau kontuan: ume eta gazteei, ikastolen inguruan dagozanei, euskerearen alde lan egiten dabenei… ‘Hainbat eta hainbat euskalduni’, dino Muguruzak. Hori oinarri legez hartuta, kanta alaia egin dau musikariak eta umeen ahotsak ondo buztartu dira helburuagaz: euskerearen erabilerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu