'Etxepare, Aldudeko medikua' liburua aurkeztu dau Kepa Altonagak

Bizkaie! 2007-02-15 01:00   Kulturea

‘Jean Etxepare guztiz intrigagarria da’. Holan adierazoten dau Kepa Altonagak berak, hitzaurrean, liburua idazteko izan eban arrazoietako bat.

Euskaltzaindiak eta Euskal Herriko Unibersidadeak Akademiaren Bilboko egoitzan aurkeztu dabe 'Etxepare, Aldudeko medikua' liburua. Andres Urrutia euskaltzainburua, Ludger Mees, Euskal Herriko Unibersidadeko Euskara erretoreordea eta Kepa Altonaga egileak izan dira bertan.

'Etxepare, Aldudeko medikua' liburuari esker, Kepa Altonaga egileak 2003ko CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazinorako saria irabazi eban eta liburua Euskal Herriko Unibersidadearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

‘Jean Etxepare guztiz intrigagarria da’. Holan adierazoten dau Kepa Altonagak berak, hitzaurrean, liburua idazteko izan eban arrazoietako bat. ‘Nire begietarako, Jean Etxepare idazle dotorea da, zorrotza. Barritzailea da. Eta edegia. Gehiago esatearren: Jean Etxepare idazle ekumenikoa da. Atseginez irakurten da’.

Etxeparek eboluzionismoa euskerearen mundura sartu gura izan ebala gogorarazo dau egileak eta ‘hori erabagigarri subertau jatan. Momentu horretatik aurrera, gogo bizia izan dot, idazleaz bestalde gizona ulertzeko, eta bai gizon horren ingurua be’.

Gogo horrek bultzatuta, Jean Etxepareren nortasuna eta ibilbidea ezagutu gura izan ditu Altonagak. Etxepare, Aldudeko medikua liburuaren bitartez, 'Jean Etxepare medikua bere testuinguruan ulertzen ahaleginduko gara, eta izatez, Aldudeko medikuaren bizitzea eta obrea izan dira liburu honen ardatza eta denpora-biajerako atxakia’. Izan be, personearen ibilbidea eta pentsamentua erabilita, zientziaren aspektu orokor batzuk eta garaiko Euskal Herriaren barri emoten dau Altonagak liburuan.

Kepa Altonaga Biologian doktorea da eta Zoogeografia eta Ornogabe Ez-Artropodoen Zoologia irakasten ditu Euskal Herriko Unibersidadean. UEUko kidea da eta UZEI eta Elhuyarregaz kolaborau izan dau. Euskaltzain urgazlea da. 'Folin markesa: marraskiloak eta euskaldunak uharte galduan' (1998) eta 'Armand David, pandaren aita' (2001) liburuak argitaratu ditu.

Jean Etxepare Bidegorri (1877 - 1935) Argentinan jaio zan, Mar Chiquita herrian, baina umea zala bueltau zan Euskal Herrira. Medikuntzea ikasi eban Bordelen eta, 1901ean, doktore-tesia aurkeztu. Garaiko idazle laiko bakarrenetarikoa izan zan.

Gaztetatik hasi zan 'Eskualduna' aldizkarian kolaborazinoak egiten. Liburu bi argitaratu ebazan: 'Buruxkak' (1910) eta 'Beribilez'. Bere lan guztiak batu eta argitaratu ditu Piarres Xarritonek. Eskualtzaleen Biltzarreko lehendakari izan zan eta 'Gure Herria' aldizkariaren buruorde eta idazkari nagusia. Kanbon hil zan, 1935ean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu