Bandera komunista bat topau dot Txinan!
2007-02-14 01:00 BidaideEta ez da amesetea izan. Ezta drogen menpeko aluzinazinoa be. Egia esan, uriburuko hotzak burua argi eukiten laguntzen deust. Han egoan, neure begiakaz ikusi neban, Mao Tse Tung-en bizirik bako gorpua tapetan.
Eta ez da amesetea izan. Ezta drogen menpeko aluzinazinoa be. Egia esan, uriburuko hotzak burua argi eukiten laguntzen deust. Han egoan, neure begiakaz ikusi neban, Mao Tse Tung-en bizirik bako gorpua tapetan. Eta pentsauko dozue: ‘komunistea dan herrialde batean bandera komunista bat ikustea horren garrantzitsua ete da?’ Erantzuna oso erraza da: Asia erraldoiean zortzi urtean egindako bidaietan sekula ez dot ikusi haizea igitaia eta mailua batzen dituan bandera gorria astintzen Txinako Herri Errepublikean. Logikoa da, bestalde, kontuan hartzen badogu komunismoak hemen daukan eragin eskasa kontuan hartuta eta, batez be, sasoi bateko Kultur Iraultzea dalakotik bizirik geratzen diranek Maoren ganean daukien ikuspuntua zein dan jakinda. Urte hareetan, hogeta hamar miloe txinatar baino gehiago hil ziran gosez.
Urte honeetan guztietan, behin be ez dot euki Lemazain Handiaren gorpua ikusteko interesik eta gitxiago, ganera, herrialdeko lider karismatikoenaren gorpua gordeta daogan mausoleoaren atean dagozan milaka txinatarrez osotutako itxaron-lerro luzeak aguantetako. Halanda be, oraingoan, eta Pekinen sasoi honetan dagoan hotza dala-eta bisitari gitxi dagozala ikusita, sartzeko erabagia hartu eta itxaron-lerroan jarri naz. Duda barik, esperientziak merezidu izan dau, Txina barru-barrura bapatean sartzea lakoa dalako.
Lehenengo eta behin, mausoleoan (zoritxarrez horren ezaguna dan Tiananmen plazearen erdian dago) ezin da boltsarik, kamararik, eskuko telefonorik eta holakorik sartu, ezta ur botilarik be! (whiskey-a aitatu be ez dabe egiten). Holan ba, poliziak jagoten dauen gelatxu batean itxi behar dira gauza guztiak eta barriro itxaron-lerroan jarri, militarren antzera. Formazinoak perfektua izan behar dau eta nonor mogidu ezkero, armadun soldadu batek bozgorailu batetik egiten dau arrantza. Zorionez, nik ez dot piperrik be ulertuten.
Bagoaz, bildotsak hiltegian sartzen diran legez, monumentua jagoten daben soldaduez inguratuta. Lerrotik Lider Handiaren gorpuari botateko loraren bat erosi gura dabenek baino ezin dabe urten. Eta badira batzuk.
Sarrerea edonor harrituta ixteko modukoa da. Apaingura gitxiko edifizio komunista horreetarikoa da eta seriotasuna barru-barruraino sartzen jatzu. Lehenengo gelan Maoren estatua zuri bat dago, erraldoia. Txina Barriari bidea edegi eutsonaren hanketara lora horiak botateko momentua da. Kontuan hartuta goiz osoan zenbat txinatar pasetan diran hemendik eta botaten dabezan lorak, susmagarria da gaur horren gitxi egotea. Horregaitik, berehala txinatarren izakera pragmatikoa jatort burura eta seguru gelea loraz beteten danean kendu egiten dabezala. Gero sarrerako denda txikian barriro salgai jarten dabezanaren susmoa daukat.
Bapatean, lerroa bitan zatitu eta arreta-maileak gora egiten dau. Lemazain Handiaren arpegia ikusteko momentua ailegau da. Gelan apaindura gitxi dagoz eta erdigunean balen kontrako kristalak jarri dabez. Barruan, harri bihurtu diranaren itxurea daukien soldadu bi dagoz eta euren aurrean, kristalezko kutxa batean, ustez Maoren momifikautako gorpua. Ustez dinot, ze nagoan distantziatik ez da piperrik be ikusten eta ganera arin joateko agintzen deuskue, beraz, Madame Tussaud museoko modeloa be egon ahal da han barruan. Hau da, argizarizko panpin bat. Eta hor dagoz igitaia eta mailua gorpua tapetan. Baina oraindino ez dot ulertu zergaitik ezin diran ur boteilak sartu. Ezin deutsazu ganetik bota. Dana dala. Jack Daniel’s-ari tragotxua emoteko momentua da.
Txinan komunismoa ezarri eban gizona ikusteko aukereak gitxi irauten dau. Duda barik, bisitariek horren momentu garrantzitsuaren oroigarriak erosten emoten dabena baino gitxiago. Bizitzearen bitxikeriak: gobernu txinatarrak lider nagusiaren pentzuan egiten dau dirua, ia dirurik barik biziteko moduko gizarte komunista sortu gura eban liderraren pentzuan. Halanda be, ehun yuaneko billeteak eskutik eskura dabiz gorpua etxunda dagoan lekutik metro gitxira. Burua altzau ezkero zer egingo leuken jakitea gustauko litxakit. Seguruenik, erosketak egitera joango litzateke.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!