Hanburgoko ordezkaritza bat Gernikan izango da bonbardaketearen 70. urteurrenean
2007-02-14 01:00Hanburgo, 1943ko garagarrilean airetiko zigor masiboak sufridu zituan uria (milaka hildako egon ziran), Alemaniako ordezkaritzearen parte izango da Gernikako Bonbardaketaren 70. Urteurreneko Oroitzapenezko Ekitaldietan, apirilaren 26an, foru uribilduan.
Hanburgo, 1943ko garagarrilean airetiko zigor masiboak sufridu zituan uria (milaka hildako egon ziran), Alemaniako ordezkaritzearen parte izango da Gernikako Bonbardaketaren 70. Urteurreneko Oroitzapenezko Ekitaldietan, apirilaren 26an, foru uribilduan.
Estaduko idazkari eta Europar Batasuneko eta Kanpo Harremanetako Alemaniako Gobernu Federaleko komisarioa dan Reinhard Stuthek eta Kanpo Harremanetako Protokoloko burua dan Keplinghof andreak konpromiso horren barri emon deutse Miguel Angel AranazGernikako alkateari, aurrez aurre eta orain gitxi, Bizkaiko Udal horretako ordezkaritza batek Hanburgora egin eban egun eta erdiko bisita batean.
Gernikako ordezkaritzearen esanetan, ‘topaketa atsegina eta naturala izan zan, eta, alkatearen bisita eta gonbita eskertu ostean, Stuth jaunak adierazo eban euren eskuetan dagoan guztia egingo dabela egun horretan foru uribilduan egoteko’.
Hanburgoko Gobernu Jauregira joan baino lehen, Miguel Angel Aranazek Ohlsdorf Hilerria bisitau eban, bonbardaketetan hil ziran 30.000 personaren gurutze formako hilobi komuna baitago bertan. Bonbardaketak 1943ko garagarrilaren 27an hasi ziran eta 10 egun iraun eben, uriko auzo gehienak suntsituz.
Alkateak St. Nicolai eleizea be bisitau eban. Eleiza hori Hanburgoko erdi-erdian dago, eta gaur egun bonbardaketen sinbolo, oroigarri eta oroimenezko monumentua da.
Modu horretan, Hanburgo beste uri batzuen zerrendan sartu da. Zerrenda horretan dagoz Volgogrado errusiarra (lehengo Stalingrado), Pforzheim alemaniarra, eta Hiroshima eta Nagasaki japoniarrak, horreek be Gernikan egongo baitira apirilaren 26an.Gainera, aurreikusitakoaren arabera, Coventry uri ingeleseko eta Auschwitz poloniarreko ordezkariak be bertan egongo dira.
Uri horreek ‘Gernikako Adierazpena’ dalakoaren irakurketan parte hartuko dabe. ‘Gernikako Adierazpena’ Bakearen aldeko eta era guztietako gerren eta Giza Eskubideen urraketen kontrako adierazpena da, eta datorren apirilaren 26an, Gernikan, Bakearen aldeko urietako alkateak eta Bakearen zenbait Nobel Sari izango dira protagonista.
Gernikako Udalak nazinoarteko dimentsinoa emon nahi deutso uriaren Bonbardaketearen 70. urteurrenari. Miguel Angel Aranazek esan dauenez, ‘2007ko apirilaren 26a egun seinalatua izango da euskaldun guztiontzat, eta uste dogu une honek omenaldi berezia merezidu dauela. Omenaldiak mugak gainditu behar ditu eta, beste herri batzuakazko batasunaren eta alkartasunaren bitartez, nazinoartera zabaldu behar dogu gerraren, edozein gerraren, eta giza eskubideen urraketen kontrako gaitzespena’.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!