Barriro ekialdera begira
2007-02-01 01:00 BidaideHolako bidaia luzeetan ez da erraza izaten pentsautako edo zehaztutako guztia goitik behera gauzatzea baina, ahal dala, hilebete osoa egin gura neuke Txinan, barrualdeko familia bategaz urte barria ospatzeko. Hortik aurrera, Tailandia, Laos, Vietnam eta Kanbodia bisitau gura dodaz.
Oraindino hilebete eta erdi be ez da Euskal Herrira bueltau nintzanetik eta barriro ekialdera begira nago. Proiektua edo amesa baino gehiago da ze 17 bat ordu egingo dodaz hegaldietan eta aireportuetan eta tarte horretan zazpi ordutegi desbardin pasau ostean, sats eginda helduko nazala uste dot. Edozelan be, jet lag madarikatua pasau ostean, zer hobarik, nire bigarren etxean sentidutea baino; ganera, plangintza zehatza daukat hiru hilebete eta erdiko bidaia honetarako, beti be, Txina eta Asiako hego-ekialdeko parajeetan.
Holako bidaia luzeetan ez da erraza izaten pentsautako edo zehaztutako guztia goitik behera gauzatzea baina, ahal dala, hilebete osoa egin gura neuke Txinan, barrualdeko familia bategaz urte barria ospatzeko. Hortik aurrera, Tailandia, Laos, Vietnam eta Kanbodia bisitau gura dodaz eta aurrekontauren aldetik estu eta larri ez banabil behintzat Indonesia eta Ekialdeko Timorrera be osteratxoa egitea aurreikusita daukat. Horrezaz gan, Papuara heltzeko modua eukiko baneu benetako lujoa izango litzateke.
Dana dala, bidean aurrera egiteko modurik onena pausurik pausu joatea izaten da eta, beraz, ezer baino lehen aireportuetan arazorik ez izatea espero dot; kontrola pasau, Loiun hegazkina hartu, Frankfurten geldialdi laburra egin eta Hong Kongera eroango nauen hegaldi interkontinentala hartu, horrexek dira lehenengo egitekoak. Bidaia honetan Nazino Batuen erakundeko agentzia batzuen laguntzinoa eukiko dot eta, era horretara, gai sozialetan eta garapen arloan sakondu ahal izango dot, bestela ezinezkoa izango litzateke eta. Kontuak kontu, Asiara egindako lehen bidaietako espiritua, motxilea lepoan eta ‘txapela buruan eta ibili munduan’, berreskuratzea da asmoa. Ezustekorik ezean, Vietnamen sartuko naz orain sei urte bertan lehenengoz egon ondoren eta ordutik hona herrialdeak maila guztietan bizi izan dauen hazkundea hurretik ezagutuko dot. Kasu guztietan legez, bidaietan be ona izaten da aniztasuna.
Makinatxu bat aldiz irakurri dabenak gogaitzeko arriskuagaz baina barriro esan behar dot beti nagoala bihar-etzi etorri daitekenari adi. Orain hilebeteko batzuk, ‘Bidaide’ atal honetan argitaratutako artikulu batean esan neban Txinak Afrika erosi gura dauela. Gaiaren harian, oraintsu Txinak kontinente baltzeko estadu gehienen zorra parkatzea erabagi dau (itxurakeria hutsa, egia esan) eta, horrezaz gan, lehengaien horniketea bermatzeko milaka miloe euroko akordioak berbatu ditu Afrikako estadu batzuekaz. Beraz, ez dago dudarik, gauzak goirik behera aldatzen ez badira behintat, eta ez dot uste, etorkizunak begi urratuak eta arpegiko azal iluna izango dituala. Txina eta India eten barik hazten dagoz eta euren indar horregaz mundua bera aldatzen doa.
'Bidaide’ atalaren nortasunari eutsiz, bertatik bertara ahaleginduko naz geldiro-geldiro baina etenik barik datorren mundu barri horren gorabeherak zelan eragingo daben gurean azaltzen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!