Somaly Mam (II): 'arazoa gure gizartean eta gure baloreetan dago'

Zigor Aldama 2007-01-25 01:00   Bidaide

Asiako hego-ekialdeko esklabutza sexualaren kontrako burrukalari sutsua ez eze, UNICEF erakundearen datuen arabera, urtero bi mila miloe dolar mobiduten dituan industriaren biktima be bada Somaly Mam.

Asiako hego-ekialdeko esklabutza sexualaren kontrako burrukalari sutsua ez eze, UNICEF erakundearen datuen arabera, urtero bi mila miloe dolar mobiduten dituan industriaren biktima be bada Somaly Mam. Azken boladan, gero eta gehiago diran Gobernuz Kanpoko Erakundeen lana sekulakoa izan arren, arazoa indartu egiten da urtetik urtera. Somali Mamek Nazinoarteko Lankidetzearen Asturiaseko Printzea Saria jaso eban 1998an eta behin eta barriro adierazo izan dau esklabutza sexualaren indarraren arrazoiak herrialdeko kulturen balore sozialetan dagozala.


- Sano deigarria da Asiako hego-ekialdeko herrialdeetan ezkontzarako emakumeen kastidadea balorau arren, horrenbeste gizon prest egotea sexua erosteko. Kontraesana da hori ala hipokresia?

Hipokresia hutsa, gizonaren prepotentzian oinarritutakoa. Emakumeak merkantziatzat hartzen dira, gizonezkoen jabetza legez. Birjinidadea oso garrantzitsua da, gizon batek neskalagunari ezartzen deutson nahitaezko baldintza; dana dala, ahal izan ezkero, beti prest dagoz edozein neskatori birjinidadea kentzeko, hori eginaz aparteko indarra hartuko dabela (zahar hil, azala zuritu eta HIES gaixotasunik ez dabela hartuko) pentsetan dabelako. Harrigarria bada be, bortxaketa kasu asko dagoz eta putetxe askotan himena josi egiten deutsie neskatoei birjinidade etxurea emoteko. Ganera, gizartearen ezaugarriengaitik, kasu horreek ez dira zabaltzen, isiltasunaren legea da nagusi. Niri pasau jatan eta milaka neskatori bardin pasetan jake. Bortxatzen dabezanean, zikin eta errudun sentiduten dira eta, beraz, isilik egotea erabagiten dabe. Badakie jakin, ganera, salaketaren bat edo beste egin ezkero, zigortu egingo dabezala.


- Gizon asko kexu azaltzen dira euren emazteek ez dabelako hartu-emon sexualik gura izaten eta horregaitik joten ei dabe prostitutengana. Gizartean, ganera, ez da egoera hori txartzat hartzen...

Kanbodian eta inguruko herrialdeetan ez dago hezkuntza sexualik. Gai tabua da eta ezjakintasuna da nagusi. Behin emakume batek itaundu eustan ia zergaitik ez zan haurdun gelditzen eta azkenean konturatu nintzan birjina zala eta pentsetan ebala bernak igurtzi eta hori nahikoa zala umedun gelditzeko. Sexu hartu-emonak traumatikoak izaten dira emakumeentzat. Gizonek pentsetan dabe emakumeak ez dauela disfrutau behar eta, beraz, ulertzekoa da emakumeek hartu-emonik nahi ez izatea. Emakume askok badakie jakin euren senarrak prostitutakaz dabizala eta euretako batzuk onartu egiten dabe jokabide hori; karga horretatik libre sentiduten dira.


- Zuk zeuk berbaldiak emon izan dozuz Kanbodiako gizonezkoentzat beren beregi hartu-emon sexualei buruz. Zelakoa izaten da erreakzinoa?

Gure gizartean ez da sexuaz berba egiten eta arraroagoa da emakume batek berba egitea horretaz polizia edota militarren aurrean. Baina beharrezkoa da. Hasieran bildur nintzan uko egingo eustiela pentsetan nebalako. Dan dala, harrerea oso ona izan da eta alde guztietatik jaso doguz berbaldietarako eskaintzak; kasu batzuetan, platano bat erabili izan dogu preserbatiboak zelan ipini behar diran erakusteko. Sexu bidezko gaixotasunen jatorriaz, prebentzinoaz azalpenak emoten deutseguz eta kasu guztietan babes neurriak hartzea sano garrantzitsua dala azpimarratzen dogu. Prostituta asko, gehienak ez esatearren, baragarri ibilten dira sexu-transmizinozko gaixotasunakaz ze bezeroei preserbatiboa eskatzea ‘pekatua’ da eta deskuiduan eskatu ezkero, irainak entzun eta golpeak hartzeko arriskua izaten dabe. Gure asmoa da gizonezkoak eurak jaubetzea gaixotasunetatik ez dagozala libre.


- Zure liburuan indarkeria eta bortxaketa kasu ugari deskribiduten dozuz eta harrigarriena da normaltzat hartzen dozuzala...

Gauza bat esango deutsut; ia kasu guztietan, ezkontza gauean bortxaketea izaten da. Emakumeak ez daki sexu kontuan gauza handirik eta putetxeetan sarri ibili dan gizonezkoak, ostera, bai. Nahiko arrunta izaten da lehen kontaktu horretan eta ondorengoetan be indarkeria erabiltea gizonezkoak. Amek alabei emoten deutsien gomendioa argia izaten da: ‘lehen gau horretan, isilik eta geldi-geldi egon, itxiozu senarrari nahi dauena egiten’. Nik neuk be lehen normaltzat hartzen neban hori baina gaur egun bortxaketea dala pentsetan dot. Horrezaz ganera, ezkontzatik kanpoko bortxaketa kasuak be gero eta gehiago dira, gehienak taldean egiten diranak. Birjinidadeari aparteko garrantzia emoten jako eta, beraz, ume bortxatuen kasuak asko izaten dira. Kulturan bertan sustraituta dago hori eta sano gatxa izango da pentsakera eta jokabide hori aldatzea.


- Mendebaldean turismo sexualari leporatzen jako Asiako esklabutza sexualaren errua. Zein da zure eretxia?

Arazoa gure gizartean eta gure baloreetan dago. Turismo sexuala hor dago baina ez dauka aparteko indarrik. Kontua da ze kazetariek euren publikoa arazoagaz lotzea lortzen dabela baina, azkenean, komunikabideetan turismo sexuala salatu arren, kontrako efektua lortzen da, hau da, gura barik, gaiari publizidadea emoten jako. Prostituzinoaren eskaerearen kontra egin behar da, izan be, eskaerea gitxitu ahala prostituzinoa desagertzen joango da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu