Somaly Mam (I): 'esklabutza sexualaren biktimak bizi osorako dira biktima'

Zigor Aldama 2007-01-12 01:00   Bidaide

Somaly Mamek Kanbodiako esklabutza sexualetik iges egitea lortu eban eta, orain, gogo biziz egiten dau behar milaka neskato berak sufridu eban mundutik atarateko.

Kanbodiako esklabutza sexualetik iges egitea lortu eban eta, orain, gogo biziz egiten dau behar milaka neskato berak sufridu eban mundutik atarateko. Baina zeregina harago doa: helburua Asiako hego-ekialdeko gobernuek lurraldea ezagun egiten dauen prostituzinoa desagertarazoteko ekimenak bultzatzea da. Matxismoaren kontrako burrukan sartu da emakumezkoak objetu legez erabilten dabezan herrialdean. Haren istorioa eta Kanbodiako prostituzino eta explotazino sexualaren sarean sartuta dagozan hainbat gazterena ‘Errubakotasunaren isiltasuna’ lanean dagoz irakurgai. Bertan, herialdearen ezaugarririk ilunenen alde bildurgarrien barri emoten dau.

Somaly Mam-en bizimodua 217 orrialdetan batzen da eta berak sufridutako zein kanpoan ikusitako era guztietako irain era erasoen barri dago; berbarako, gizon talde batek bortxatu eban zazpi urteko neskato baten kasua. ‘Neskea hain estua zanez, kutxilo bategaz ebakia egin eutsen baginaren zuloa handitzeko’ gogoratu dau. Mamek, jakina, kasua salaru eban. ‘Bortxatzaileen esanetan, errua neskatoarena izan zan gona laburregia eukalako’. Kontua da ze epaileari eskupekoa emon eta kasua galdu egin ebela.

Era horretako kontakizunen gordintasunaren aurrean, liburuaren egileak itxaropenerako arrazoiak be badagozala dino. Mamen eretxiz, ‘Errukabotasunaren isiltasuna’ (Destino Argitaletxea) liburua idazteko arrazoiak hiru izan dira: ‘alde batetik, prostituzinoaren biktimeei konponbidea edo urtenbidea badagoala erakusteko; bestetik, munduko gobernuek esklabutza sexualaren kontrako burrukan gehiago inplikau daitezan eta, azken buruan, nire lehenaldia, bizitako esperientziak behin eta barriro kontetan ez ibilteko ze nahikoa gogorra da pasadizo baltz horreek gogoratzea’. Egia esan, Mamek komunikabideakaz dituan hartu-emonak maitasun-gorrotoan oinarrituta dagoz. Onartu egiten dau nahitaezkoak dirala garatu nahi dituan programetarako diru bilketak egiteko eta munduari ezagutarazoteko errealidadearen gogortasun hori. Edozelan be, komunikabideen sentsazionalismoa sarritan kritikau dau. ‘Kazetari batzuk sai amorratuak dira eta ni neu izaten naz bila datozen okela ustela irakurleen atentzinoa erakarteko’.

Somaly Mamen edertasuna dotore-dotorea da. Haren arpegiak lasaitasuna adierazoten dau baina begiradeak, barriz, bizitakoak eta sufridutakoak erakusten ditu. Madrileko hotel batean alkartu gara eta alkarri bostekoa emonaz hasi gara berbetan. Hur sentiduten dozun emakumea da, jemer, frantsesa zein ingelesa dakizana eta harrigarria da hori kontuan hartzen badogu zailtasun handiak izan ebazala eskolara joan ahal izateko. Eskuko telefonoa jo eta jo dauka. Kanbodiatik barri baltzak datoz. ‘Ustelkeriak hankaz gora botaten dau gure lana. Proxenetak libre ixten dabez eta neska asko prostituzinoaren mundura doaz bueltan. Egunero daukaguz era horretako arazoak eta trabak’.

Zelan hartzen dau familia batek alabak saltzeko erabagia?

Kanbodian betetan dan lege bakarra biziraupenarena da. Mundu guztiak dauka bizirauteko ardurea eta horretarako dabiz eten barik burrukan. Sarritan, helburu hori lortzeko bide eta pausuei ez jake erreparetan. Gainera, hiru hamarkadetan gerrea sufridu ostean, indarkeria giroa da nagusi bizitzearen arlo guztietan eta gizartearen baloreak goitik behera aldatu dira. Behin zuzenean itaundu neutson ama bati ia zergaitik hartu eban alabea saltzeko erabagia eta haren erantzuna sano deigarria izan zan: ‘senarrak sarritan joten nau eta alabea salduta, zeozelan zigortu egin gura izan dot’. Horrezaz gan, prostituzinoan diru asko dabil eta familia batzuk alabak saltzeko prest dagoz bizitzeari erosoago ekiteko. Pentsaizu herrialdea oso pobrea dala eta diruak agintzen dauela. Ganera, Kasku Urdinak testosteronaz ganezka etorri ziranean, arazoak okerrera egin eban nabarmen eta, gaur egun, pederasten paradisua da. Heziketa faltea be aitatu behar da faktore horreen guztien artean.

Zelakoa da bortxatua eta saldua dan neska baten bizimodua prostituzinoaren mundutik alde egitea lortzen dauen arte?

Prozesua nahikoa antzekoa izaten da kasu guztietan. Bortxatua eta saldua izan dan neska baten kasuan, hurrengo pausua ‘hezitzea’ izaten da, neskearen autoestimua ezerezean itxi eta errudun sentiduarazo daiten, holan, prostituzinoaren bidea urtenbide bakarra dala pentsau dagian. Bolada hori gogorrena izaten da. Tortura kasuak dagoz. Egunean 15 bat bezero hartu behar dabez eta neska asko preso bizi dira bizi-baldintza negargarrietan. Mantsotzen diranean, kanpora urtetan ixten jake eta hortik aurrera neskak eurak dira putetxera bueltetan diranak, izan be, erresistentziarako indarrik barik dagoz ordurako. Jakina, edadeak eta bizimoduak ez dau parkatzen eta neskek edertasuna galtzen dabenean, putetxeetatik kanporatu egiten dabez. Orduan beste infernu batean sartzen dira eta hartu-emon sexualen ondoriozko gaixotasunak eta aurreko bizimoduaren marka pilatzen jakez. Euretako askok gorputza saltzen jarraitzen dabe parkeetan eta kale bazterretan eta oso gazterik hilten dira. Esklabutza sexualaren biktimak bizi osorako dira biktima.

Dirua asiar askoren ‘leit motiva’ dala dinozu eta diruagaz ‘edozer’ erosi daitekeela. Dirua polito irabazi daben emakumeek aukerea izaten dabe galdutako izen ona berreskuratu eta marka hori desagertarazoteko?

Kasu askotan, bai. Gure gizartea gaixorik dago, diruak agintzen dau eta dirua lortzearren edozer egiteko kapaz dira. Lehen esan deutsut bortxatuak eta salduak izan diran emakumeek herritarren irain eta burlak sufridu behar izaten dabezala prostituzinorako ‘balio ez’ eta etxera buletan doazenean. Benetako infernua. Dana dala, emakume horreetako batzuk diru asko irabazten dabe eta horri esker ez dabe horrenbeste sufriduten. Horregaitik, familia batzuek euren alabak saltzen dabez eta salmentatik ataraten daben dirua ez eze, prostituzinoan jardutearen ondorioz lortutako horretatik be bizi dira sarritan.

Alkarrizketearen bigarren zatian, Somaly Mamek Asian esklabutza sexualaren indarraren bestelako arrazoiak azalduko deuskuz eta, horrezaz gan, bere esperientzia personala be kontauko deusku.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu