Izu-ikarea ez da amaitu
2007-01-02 01:00 BidaideVietnameko gerrea amaitu eta hiru hamarkada geroago, Laoseko lurretan lehertu bako milaka mina dagoz. Vietnameko gerran AEBek Laosen botatako bi miloe tona leherkailuen parte dira eta adituen kalkuluen arabera, % 10 eta % 30 bitartean ez ziran lehertu. Ordutik, urtero berrehun bat lagun hilten dira.
Astiro-astiro eta kontu handiz dabiz, zaratarik egin barik, metal-detektagailuaren soinuari adi. Hutsegiteen ondorioak negargarriak izan daitekez. Gorriz pintautako taket txikiek lehergailuak non dagozan ohartarazoten dabe. Kolore gorria nagusi dan kartel batzuetan buruazurra eta azur zuri bi agiri dira eta ‘Danger UXO’ berbak (arriskua, lehertu bako lehergailuak). Gobernuz kanpoko bi erakundetako gizon eta emakume piloa dabil material hilgarriaren bila heriotza gehiago ebitau guran. Bihotzeko arazoak dabezanentzako ez da lan egokia. Baliabide eskasakaz eta metraila-zatien kontrako babesik barik, mirakulua da zeregin horretan dabilzanen artean hildako gehiago ez egotea. Lanik arriskutsuena metal-detektagailuak zeozer atzemoten dauenean hasten da: lehergailua dagoan lekuraino lurra garbitu eta gero lehergailua indargabetu. Kontua da ze lehergailu horreetako asko ugerrak jandako metal hondakinak baino ez dirala, indargabetu ezin daitekezanak eta, beraz, goma 2 apur bat inguruan jarri eta lehertarazotea izaten da konponbide onena.
Vietnameko gerrea amaitu eta hiru hamarkada geroago, Laoseko lurretan lehertu bako milaka mina dagoz. Vietnameko gerran AEBek Laosen botatako bi miloe tona leherkailuen parte dira eta adituen kalkuluen arabera, % 10 eta % 30 bitartean ez ziran lehertu. Ordutik, urtero berrehun bat lagun hilten dira eta asko gehiago dira Asiako herrialderik pobreenean elbarri geratzen diranak. Laoseko herritarren % 35 inguru pobreziaren mailatik behera bizi dira, hau da, eguna pasetako pare bat eurogaz. Eurentzat hanka bat edo beso bat galtzea, hondamendi fisikoaz gan, pobrezia kronikoan sartzea da eta guzurra emoten badau be, bizimodua atarateko Vietnameko metal-detektagailu zaharrakaz dabiz beharrean lehergailuen bila. Minen metala saltzea diru iturri ona baina arriskutsua da. Kilo bakotxeko bost zentimo euro baino ez dabez jasoten.
Lehergailuz jositako eremuak Laosen herena hartzen dau eta azken hamar urteotan, % 10 baino ez dabe ‘garbitu’. Teknologia barriei esker lehergailuak atzemon eta indargabetzea errazagoa da baina baliabide urri eta zaharrakaz beharra gogorragoa ez eze arriskutsuagoa be bada. ‘Herrialdea malkartsua da eta, ganera, puntako teknologiarik barik gabiz eta aurrera pausuak astiro emoten doguz. Detektagailu zaharrek metal mueta guztiak atzemoten dabez eta denpora asko galtzen dogu txatarrea ataraten. Detektagailu barriek, barriz, mina-lehergailuak baino ez dabez atzemoten baina sano karuak dira, 2500 euro bakotxa’ azaldu dau Edwin Faigmane, UXO Lao NPA Norvegiar GKEaren babesa daukan gobernuaren erakundeko aholkulari teknikoak.
Jostailu hilgarriak
Cambodian eta Vietnamen be lehertu bako lehergailuen arazoa bizi arren, Laosen minak ez dira personen kontrakoak, zatikatze-bonbak baino. B-52 gerra hegazkin erraldoiek 1000 bat kilo lehergailuz betetako karkasa handiak jaurti ebezan; tenis pelota baten neurriko lehergailuak baina oso arriskutsuak, izan be, bombeen indarra baino gehiago metrailea zan zaurituak eta hildakoak eragiten ebazana. Dana dala, esandako moduan lehergailuen % 30 inguru ez ziran lehertu eta gaur egun, jostailua topau dabela pentsetan daben umeen begiradearen zain dagoz. Horixe da bederatzi urteko Jom neskatoaren kasua; MAG Suediar GKEak Xien Khuangeko eskolan emon ebazan oharrei jaramonik ez eutsen egin. ‘Lehergailua ikusi eta tentazinoari ezin eutsita, ostikadea emon eutson’ adierazo dau ospitalean alabearen ondoan dagoan amak. Halan da be, subertea euki dau Jomek ze gorputz-adarrik ez dau galdu; Sauri asko daukaz gorputzean eta horreek ez infektetea da orain ardura nagusia.
Datuak bildurgarriak dira. Orain arte, UXO Laok 707.000 lehergailu lehertu edo indargabetu ditu. Horreetatik, 321.300 lehergailu ‘txikiak’ ziran baina duda barik arriskutsuenak. Aitatutako lanotarako urteron lau miloe dolar gastau dabez, bi miloe tona lehergailu horreek botateko kostua baino askosaz gehiago. Gaur egun, nazinoarteko giro politikoan gorabehera handiak dagoz eta bete-betean eragin dau minen kontrako burruka horretan. ‘Diru edo fondo gehienak Irak, Sudan eta Afganistanera doaz eta gobernu askok bertan behera itxi dabez guri emoten izan deuskuezan laguntzinoak. Era horretara, egunetik egunera baliabide urriagoak daukaguz eta holan ezinezkoa da odol isuria eustea’ dino Olivier Bauduin, UXO Laoko finantza aholkulariak.
Bitxia da ikustea nazinoartearen atentzinoa erakarten daben egungo gatazketan (Irak, Iran, Afganistán edo Palestina) zein zaharragoetan AEBak protagonista dirala. ‘Oso arraza da gerrea abiarazotea eta herrialde bat hauts eginda ixtea; berreregite prozesua hasten danean, barriz, ezikusiarena egitea da errazena. Hori pasau zan Vietnameko gerreagaz eta bardin pasauko da amrikarren prepotentzia sufridu behar daben herrialdeetan’ salatu dau Faigmane jn.ak. Bake hitzarmenaren ondoren, hiru hamarkada pasau dira eta Vietnameko Gerreak biktimak eragiten ditu. Izu-ikarea ez da amaitu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!