Chuck Berry mitikoak Barakaldoko BECen joko dau urtarrilaren 29an
2006-12-27 01:00 MusikeaNazinoarte mailako izarrak Bizkaian: Chuck Berry mitikoa urtarrilaren 29an eta Maná bagilean, Barakaldoko BEC erakustazokako Bizkaia Arenan.
Chuck Berry rock and roll musikearen mitoak Barakaldoko BEC erakustazokako Bizkaia Arena aretoan joko dau datorren urteko urtarrilaren 29an. Berrygaz batera, Maná talde mexikarrak eta beste talde batek osotuko dabe Bizkaia Arenako datorren urteko nazinoarteko kontzertuen eskaintzea, José Luis Bilbao Bizkaiko diputadu nagusiak jakinarazo dauenez.
Foru erakundearen Kontseiluaren bilerearen ondoren emondako prentsaurrekoan, Bilbaok nabarmendu dau datorren urteko lehenengo kontzertuan rockaren mito bizi bat ikusteko aukerea izango dala Bizkaia Arenan; Berrygaz batera, Hermanos Auserón taldeak eta The Uski's bizkaitarrek joko dabe.
Era berean, bagilean, Maná talde mexikarra izango da protagonista, eta maiatzean nazinoarteko talde bat izango da; halan da be, taldearen izena urtarrilean jakinarazoko da, kontratua honezkero sinatuta dagoan arren.
Chuck Berryk BECen eskainiko dauen kontzerturako sarrerak 25 eurotan jarriko dira salgai, eta 7.000 bat sarrerakaz ‘gastuak estaltzea’ espero da, ikuskizunaren kostua ez baita 200.000 eurora heltzen.
Gainera, Bizkaiko diputadu nagusiak azaldu dau Bizkaiko Foru Aldundia eta BEC lanean dabilzala partaidetza pribatua eta instituzionala izango dauen babesleen partzuergo egonkor bat eratzeko, era horretara, Bizkaia Arenako kontzertu handiak bultzatzeko. Bilbaoren esanetan, datozen egunetan antolatuko dan ekimen honegaz garrantzia emon gura jako aretoari, mueta honetako ekimenak hartzeko gaitasun eta kalidade nahikoa erakutsi dauelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!