Khaosan planetea
2006-12-21 01:00 BidaideAbendua. Gabonak ate-joka. Bangokeko zerua urdin dago eta, gerizpean, hogeta hamar gradu. Euliak be ez dira ausartzen hegaz egitera. Halanda be, eguzkiaren izpi eskas batzuk baino ez dira sartzen Thanon Khaosanen, duda barik, Tailandiako uriburuko kalerik berezienean.
Abendua. Gabonak ate-joka. Bangokeko zerua urdin dago eta, gerizpean, hogeta hamar gradu. Euliak be ez dira ausartzen hegaz egitera. Halanda be, eguzkiaren izpi eskas batzuk baino ez dira sartzen Thanon Khaosanen, duda barik, Tailandiako uriburuko kalerik berezienean. Kalean zehar dagozan kartel eta argiek ez deutse argi naturalari sartzeko tartetxurik ixten. Hemen ez deutse kasu lar egiten natureari eta gaueko giroak zerbeza eta sexu usaina hartzen dauenean, hainbat touroperadore doaz pensino eta hostaletara turisten bila.
Khaosan kalean herrialde desbardinetako jentea dago baina helburu bera daukie: Asiako herrialde turistikoena ezagutu ahalik eta diru gitxien gastauta. Baldintza horreek beteten dabezan danek egiten dabe osteratxua Khaosan kalera, lehenago edo geroago, logela bila, mendebaldeko jateko gozoen bila edota pantaila erraldoi batean Premier League-ko partiduak ikusgai dagozan pub irlandes batean zerbezak edateko.
Asfalto tarte eskasari (kalea, berez, ez baita oso zabala) egindako begiradatxuari esker jakingo doguz bertatik doazenen gurariak eta bakotasunak: askori, egonezintasuna urrunetik igarten jake, batez be heldu barri diranak eta oraindino ez dakienak gau horretan non egingo daben lo, hamasei orduko biajea egin ostean; beste batzuei aurreko gaueko parrandea igarten jake, zabu-zabuka dabiz eta; intelektual itxurea daukienak be badagoz, terrazetan, ondorengo egunetan bisitauko dabezan herrialdeen ganeko informazinoa irakurten; eta, azkenik, tailandiarrak, gitxi izan arren, aitatutako horreen danen atentzinoa erakarten ahalegintzen dira.
Bitartean, kalearen alde bietan tuk-tuk gidariak dagoz turistak atrapau guran. Tuk-tuk horreek hiru erroberadun ibilgailu motorizatuak dira; sasoi batean, tailandiako uriburuan milaka egozan baina orain agortzeko bidean dagoz. Heldu barri dagozan turista ardurabakoek baino ez deutse kasurik egiten gidarien eskaintzei. Prezio merkeen atzean, ibilalditxuaz gan, souvenirrak, bitxiak eta neurrira egindako trajeak saltzen dabezan lekuetara be eroaten dabez.
Baina Khaosaneko ezaugarririk bereziena, duda barik, horren leku txikian batzen dan nazionalidade desbardinetako persona kopurua da. Bost kontinenteetako jentea, asko, inoiz entzun bako herrialdetakoak, hiru euro eskasen trukean gaua pasetako lekutxua eskaintzen deutsuen saltokien aurrean batzen dira. Hori bai, inork ez dau erosotasun lar topetan, gaua jente atseginez ingurauta pasetako lekua baino, kanpotar sentiduarazoko ez deutsun jenteagaz inongoa ez dan leku batean.
Baina Khaosanek alde iluna be badauka. Mendebaldarrak, Tailandian, harrotasunez gogoratzen dabez euren herrialdeetako legeak eta arauak, Tailandian ez dagoalako horrelakorik eta, ondorioz, muturreko egoerak bizi diralako. Denporeagaz, kaleko giroa aldatu egin da, batez be kalean gero eta polizia gehiago dagoalako; baina oraindino, gehiegikeriak egon, badagoz. Hori bai, ez edonork ikusteko moduan; baina, nonork belarrira murmurka zeozer ilegala proposatzen badeutsu eta atzetik segidu ezkero, laster topauko dozuz prostituzinoa, drogak eta jokoa. Khaosan lako kale batean ekintza horreek dakarren oihartzuna kontuan hartuta, teknika barria darabile bezeroak erakarteko eta poliziarik ez dabilen lekuetara eroateko.
Baina ez da urrun joan behar legez kanpoko jokabideak eta egoerak ikusteko. Khaosan saltoki txikitxuz josita dago eta prezio baragarrien trukean software programa barrienak (baita Windows Vista be), Hoollywoodeko film barrienak edota puntako musika-taldeen diskoak eros daitekez. Pirateria informatikoaz eta ikus-entzunezko pirateriaz gan, erropa marka ezagunenak edota mundu osoan ezagunak diran lujozko erlojuak be topau daitekez. Danak dagoz imitazinoaren erregearen herrialdean eginda: Txinan.
Khaosan lagunak egiteko be aproposa da. Bihotz bakartientzat imana da eta biaje-agentziak ganezka dagoz, biajeagaz jarraitu gura dabenek bisadua behar dabelako. Lehenago edo geroago, danak batzen dira taberna ezagunen batean, kantoiko ziberkafean edota hostalen baten urteeran, gauetan filmak jarten dabezan lekuan. Bangkok turisten banaketearen zentroa da eta Khaosan uriaren bihotza, bidaiariak herrialdeaz ikasten daben lekua, bueltan, hautsez beteta eta zapatilak apurtuta datozan horreek kontetan deutsiezan istorioei esker.
Baina ez pentsau txarto. Khaosan ez da Tailandia. Edozein leku izan eitekean, baina, duda barik, Thai budisten erreinuaren erdigunea ez. Kalean dagozan tailandiarrak eurak be ez dira benetako tailandiarrak. Onena hurreratzea da, begiradatxua egin, giroan sartu, burokraziak agintzen dauenari kasu egin eta arrapaladan urten herrialdearen benetako esentziaren bila. Ez da urrun joan behar. Kalearen beste aldera, besterik ez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!