Berunezko gabonak

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-12-18 01:00

Gerrea hasi zaneko 70. urteurrena bete da aurten. Gerrea, garagarrilaren 17an hasi zan eta Hego Euskal Herrian 1937ko udararte iraun eban, gitxi gorabehera. Hor tartean, gabonak pasau behar izan ebezan euskaldunak gerra giroan.

Gerrea hasi zaneko 70. urteurrena bete da aurten. Gerrea, garagarrilaren 17an hasi zan eta Hego Euskal Herrian 1937ko udararte iraun eban, gitxi gorabehera. Hor tartean, gabonak pasau behar izan ebezan euskaldunak gerra giroan. Gaurko artikuluan, eta gabonak laster etorteko diralako, gerra garaian gabonak zelan igaro ziran gure herrietan kontetan ahaleginduko gara.

Lehenengo eta behin kontuan izan behar dogu 1936ko abenduaren erdialdera, frontea nahiko geldi egoala. Garagarriletik, eta batez be abuztuan eta irailean, frankotarrek egindako aurrerakadeak erabat ‘izoztuta’, urrian Euzkadiko Jaurlaritzea eratu eta hainbat gudari hurreratu ziran burrukatzera, Mola jeneralaren gudariei aurre eginaz. Beraz abenduan, frontea gitxi gorabehera gaur eguneko Bizkaiaren mugetan egoan, Nafarroa osorik eta Araba, zein Gipuzkoa ia osorik frankotarren eskuetan ziralarik.

Lehenengo eta behin esan beharra daukagu ez egoala loteria kontuetan ibilteko, ez gogorik, ez asmorik, ez dirurik, ezta astirik be. Orduko egunkarietako barri nagusiak, gerrea bera eta frankotarrek atzerrian izango ebezan laguntzaileen ganekoak ziran. Barruko orrialdeetan, ‘Euzkadi’ egunkarian esaterako, Emakume Abertzale Batza taldeak gudariei gabonetan emoteko batutako diruen kopuruaren barri emoten eban. Danetara, gabon egunerako ia 10.000 pezeta ziran batutakoak. Era berean, gudari batailoien argazkiak eta barriak agertzen ziran egunkariko orrialdeetan.

Natibitate eguna hotza izan zan. Bilbon goizean jentea eleizara joan zan gehien bat. Edozein jai egunetan legez, denda eta bankuek ez eben aterik zabaldu eta egunkaririk be ez zan inprimidu. Erakundeetan jai eguna ospatzeko ikurrinea jarri eben. Bilbotarrak, eta gerrearen eraginez bertora heldutako gehienak, eguna paseuan emon eben eta arratsaldean batez be, antzerki eta tabernak jendez ganezka egon ziran.

Baina Bilbo eta frontean ez egozan herrietan, bertoko biztanleen ardura nagusiena, hemendik edo handik, janaria lortzea zan. Frankotarrak, Bilbon zein Bizkaia osoan ezarritako blokeoaren eraginez, hainbat janari faltan ziralako eta apurka-apurka banatzen ziralako jentearen artean, eta beti be errazionamendu txartelen arabera: Patatak, kiloa persona bakotxeko eta 0,50 pezetan kiloa; garbantzuak, 500 gramu personako, 1,40 pezetan kiloa; azukerea, 250 gramu personako, 1,80 pezetan kiloa. Beste leku batzuetan, esaterako Gernikan, Marijesiak euren errondak egiten ebezan, gerreak berak be moztu ezin izan eban ohitureari jarraituz.

Gabonak zirala eta gerrea apur bat lehuntzeko, preso egozanen artean trukaketak bultzatzeko asmoz, ahaleginak egin ebazan Euzkadiko Jaurlaritzeak. Baina egunak aurrera joan eta ez ziran aurreikusitako asmo on guztiak bete.

Gudarien artean, batzuk, suberte hobea izan eta etxean igaro ebezan gabonak. Hau izan zan Itxas Alde batailoiko gudarien kasua. Ordura arte Orduñako lubakiak zaintzen ebilzan gudariak, 24an bertan goizean, erreleboa lortu eta Bilbora joan ziran gabonak etxean pasetako asmoz. Beste batzuk, fronteak zaintzen igaro behar izan ebezan urte horretako gabonak. Holan pasau jaken esaterako Larrazabal edo Arana Goiri batailoietako gudariei. Azken honeek, arrosa, oilaskoa, arraultzak, patatak, esnea, txokolatea, eta turroia zein edariak izan ebezan afaltzeko. Gero txistu, akordeoi eta gitarrak osotzen eben batailoiko musika taldea, lubakietan zabaldu zan musikea eta eguna abesten eta dantzan igaro eben gudariek. Ez zan mobimentu handirik izan gudarien artean, beharbada noizik behinean fusil tiroren bat edo beste, baina larritasun barik.

Holan igaro ziran ba Bilbon eta Bizkaian gerra sasoiko 1936ko Gabonak. Gabon berezia duda barik. Ez dakigu orduan be batak besteari ‘zorionak’ esanez agurtuko ete ziran, sasoia ez zan eta zoriontzeko modukoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu