Txinaren etorkizunari alkarrizketea

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-12-14 01:00   Bidaide
Huang Luwen, Kimika ikaslea Fudan Unibersidadean (Shanghai)

Hilean 1.100 bat SMS mezu bialtzen ditu, shopping egitea ikaragarri gustetan jako eta egunean 8-12 bat orduz egoten da ikasten. Huang Luwen da, Shanghaiko Fudan Unibersidadeko 20 urteko ikaslea. Txinaren etorkizunaren ezaugarriak batzen ditu.

Hilean 1.100 bat SMS mezu bialtzen ditu, shopping egitea ikaragarri gustetan jako eta egunean 8-12 bat orduz egoten da ikasten. Huang Luwen da, Shanghaiko Fudan Unibersidadeko 20 urteko ikaslea. Txinaren etorkizunaren ezaugarriak batzen ditu, garaiotan ia gehiegikeriatan dabilen gizartearen bihar etziko liderren generazinokoa da. Orekea topau beharko dabe eta Luwenek badaki hori, baina herrialdearen etorkizuna oparoa dala uste dau, itsu-itsuan; gehiago esatearren, ‘gure oraina be oparoa da’.

Luwenek gidari lanak egin deustaz Shanghaien. Berari esker, akaso ezagutuko ez nebazan personak eta lekuak ezagutzeko aukerea izan dot. Baina berak be mundu ezezagun bat ezagutu dau. Nigaz etorri da, lehenengoz, uriko diskoteka erraldoi horreetariko batera eta urian dagozan euskaldunak be ezagutu ditu. Begiak zabaltzen lagundu deusku kulturen arteko trukeak. Bioi. Aste osoa alkarregaz ‘biziten’ egon ostean, kafearen usainaren inguruan jesarri gara berbalditxua egiteko.


- Zure uriko diskoteka batera lehenengoz sartu zara eta Txinan ohikoak baino liberalagoak diran jarrerak ikusi dozuz. Zer sentidu dozu?

Sentipen arraroa izan da, azaltzeko gatxa. Batetik, banekian zer topauko neban. Bestetik, harrituta geratu naz, ezin izan dot ebitau. Mundu paraleloa da, goi mailako klaseena; mundu horretan, tradizinoaren baloreak desagertu egiten dira. Gogoratzen dozu alkar musukatuz jantzan egiten eban bikote ha? Mundu horretatik kanpo, laser, argi, gerizpe eta gor ixteko moduko musika barik, jokabide horreek ezinezkoak izango litzatekez. Baina autortzen dot zenbat eta denpora gehiago barruan egon, orduan eta gusturago nengoala. Orain, kanpotik ikusita, konturatzen naz ia ezinezkoa dala ‘trantze’ horretan ez sartzea.


- Sarrerea 6 euroan dago. Egin ahal deutse aurre txinatarren boltsiloek?

Shanghai lako uri batean, gero eta gehiagok. Pistea jentez ganezka egoala ikustea besterik ez da behar horretaz konturatzeko. Baina hori ezinezkoa litzateke barrualdeko herritxu batean, hileko soldatea 80 euro bueltan dabilelako.


- Zer uste dozu horren desbardintasun ikaragarriez?

Gure herrialdearen parte dira eta murriztea da gure helburua. Baina badakigu ez dala erraza 1.300 miloe lagun garala kontuan hartuta. Ganera, egia esan, gure herrialdea eskulan merkeagaitik garatzen da arin, horrek inbersinoak erakarten ditu eta.


- Zelan ikusten dozu eskulan merkeagaitik egoitza Txinan jarten daben multinazionalak?

Oso ondo deritxat, primeran. Lanpostuak sortzen dabez eta garapenerako lagungarria dan teknologia ekarten deuskue. Ez dot uste sasoi bateko esklabutzat hartzen gaituenik, geuk be etekinak ataraten doguzalako. Uste dot, batera zein bestera, danok urteten dogula irabazten.


- Noizko demokrazia?

(Barreak) Mendebaldarrok beti daukazue kontzeptu hori buruan eta ezin dozue pentsau gure garapen ekonomiko erraldoia ez joatea bat sistema politiko demokratikoaren sorrereagaz. Baina guk argi ikusten dogu. Honaino heldu bagara, gure politikoei esker izan da. Egia da hobetu beharreko aldeak dagozala baina Txinako Partidu Komunistearen jokabidea, orain arte, bikaina dala uste dot. Demokrazia, gurean, esperantzearen amaierea izan daiteke.


- Zeintzuk dira esperantza horreek?

Aurrera egin, dirua irabazi, familia sortu eta gure seme-alabei guk euki doguzan aukera onak baino hobeak eskaini.


- Eta zelan ikusten gaituzu mendebaldarrok?

Orokorrean, uste dogu nahiko alperrak zareela. (Barreak). Ez, benetan, uste dogu zuen helburua bizitzaz gozetea dala, ahalik eta lan gitxien eginda eta ahalik eta diru gehien irabazita. Mundu globalizau honetan, ezinezkoa da horri eustea.


- Baina helburu zoroa dala uste dozu?

Ez, ez. Niri be gustauko litxakit lanik egin barik bizitea. (Isiltasuna). Ez, egia esan, ez. Lan egin gura dot, nire herrialdeak aurrera egitea gura dot. Zuen sistemea inflexino-puntu batera heldu da eta orain guri toketan jaku.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu