Arriagaren obren edizino kritikoa aurkeztu dabe
2006-12-13 01:00 MusikeaBilboko Udalak musikariaren jaiotzearen berrehungarren urteurrena ospatzeko ekitaldien barruan atara dau edizino kritikoa. Hogei titulu baino gehiago liburuki bitan batuta, konposizino bakotxaren azterketa kritikoagaz.
Juan Crisóstomo de Arriagaren jaiotzearen berrehungarren urteurrenarena ospatzeko, Bilboko Udalak musikariaren lan osoaren edizino kritikoa aurkeztu barri dau. Hogei titulu baino gehiago liburuki bitan batuta, konposizino bakotxaren azterketa kritikoagaz. Bilboko konpositore unibersalaren musikea berreskuratu eta zabaltzea da helburua, publikoarentzako orokorrean eta baita esparru profesionalagoa eta adituagoarentzako be: musikologoak, konpositoreak, interpreteak, irakasleak, aztertzaileak...
Argitaratutako Arriagaren lanak jatorrizko lanen musika-tresna desbardinetarako moldaketak izan dira eta konpas barriak, izenburu aldaketak eta aparteko zatiak ganeratuta. Horregaitik, Bilboko Udalak uste izan dau jaiotzearen bigarren mendeurren honetan, Arriagaren lan osoen edizino kritikoa egiteko proiektuari ekiteko sasoia zala. Jatorrizko partiturak berreskuratzea, konpositoreaz kanpoko edozein elementu kentzea eta, lehenengoz, musikariak berak sortu zituan moduan entzun ahal izateko aukerea eskaintzea ziran helburuak.
Lanaz Musika Zientzien Institutu Konplutentseak (ICCMU) eta SGAE (Autore eta Argitaratzaileen Elkarte Nagusia) taldeko Iberautor sozietatea arduratu dira.
Argitalpen honegaz izaera praktikoko edizino kritikoa egin dabe, adituei eta, batez ere, interpreteei Arriagaren musikea joteko materiala baldintza egokian eskaintzeko, hau da, konpositoreak berak sortu eban eran.
Lan osoen argitalpena bi liburukitan banatu da: musika instrumentala batetik eta ahots musikea bestetik. Liburuki bakotxaren barruan, lanak txantiloi txikienetatik handienera antolatu dira eta sarrera moduko hasiera zati bategaz lagunduta dagoz, ohartxuakaz eta egilearen lanaren errepasoagaz.
Bildumea orain arte gordetako dokumentuei esker egin da, batez be orain arte osoenak legez hartutakoakaz: batetik, Echezarrak 1906. urtean egindako obren azterketea eta, bestetik, Willem de Waal- ek Grove-rako idatzitako lanen zerrendea.
Katalogo praktikoa baino gehiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!