Mungiako San Antontxu bertso-paper lehiaketan izena emoteko epea amaitzear dago
2006-12-11 01:00 BertsolaritzeaTaket Bertsolaritza Alkarteak antolatutako ‘IX. San Antontxu Bertso-Paper Lehiaketea’ dalakoan lanak jasoteko epea abenduaren 31n amaituko da. Bertso-sortak Mungiako Agirre Jauregira bialdu behar dira.
Mungiako Taket Bertsolaritza Alkarteak ‘IX. San Antontxu Bertso-Paper Lehiaketea’ antolatu dau eta lanak jasoteko epea abenduaren 31n amaituko da.
Parte hartzaileak multzo bitan banatuko dabez: batetik, gazteak (18 urtera artekoak) eta, bestetik, helduak (18 urte edo gehiagokoak). Egin beharreko lana honakoa izango da: gazteek, gitxienez sei bertso eta gehienez zortzi idatzi beharko dabez; helduek, barriz, gitxienez zortzi bertso eta gehienez hamabi. Gaia eta neurria libreak izango dira guztientzat eta bertso barriak izan behar dabe, hau da, inon argitara emon bakoak.
Lanak aurkezteko baldintzak
Parte-hartzaile bakotxak gura beste bertso-sorta bialdu leikez eta sortak ordenagailuz edo makinaz idatzita aurkeztu behar dira. Bertso-sortak ezizenez sinatu behar dira. Beste azal batean, egilearen izen-abizenak sartuko dira baina kanpoko azalean ezizena bakarrik irakurri beharko da. Bietan, zein ataletakoa dan (gazteak/heldua) adierazoko da.
Bertso-sortak Mungiako Agirre Jauregira (Aita Elorriaga, 2 —48100-) bialdu behar dira.
Sariak
Sariak be, atalka banatuko dira. Gazteen artean, lehenengoak 150 euro eta taketa eskuratuko ditu; bigarrenak, 120 euro eta oroigarria; eta, hirugarrenak, 90 euro eta oroigarria. Helduen artean, lehenengoak 360 euro eta taketa eskuratuko ditu; bigarrenak, 240 euro eta oroigarria; eta, hirugarrenak, 150 euro eta oroigarria. Sari banaketea 2007ko urtarrilaren 21ean egingo da Mungiako Matxin Enparantzan goizeko hamabietan eta Mungiako bertso-sortarik onenari be sari berezia emongo jako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!