Txinatarrez betetako hegaldia

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-12-05 01:00   Bidaide

Heldu naz Shanghaira eta honakoa pentsau dot: ba ete dago txinatarrez betetako hegazkin batean joatea baino okerragorik?

Urtea: 2006. Bai, bai, 2006. Zemendia, Shenzhen uriko aireportuan, Txinan. Hegoaldeko uririk oparoenetik herrialdeko uri ekonomikora, hau da, Shanghaira eroango deustan hegaldia hartuko dot. Shanghai Airlines konpainiagaz noa eta, aireportura heldu nazanetik, osteratxua berezia izango dala igarri dot. Fakturazino-guneetan hasi da ikuskizuna. Txinatarrek ezin dabe itxaron-zerrendarik egin, ez dakie hori zer dan, kontzeptu horri ez deutse zentzurik hartzen. Itxaron-zerrenda bat, Txinan, jente-anabasea da. Buruan sartzen ez jaken beste kontu bat hauxe da: ekipajearen pisuari jagokonez, kilo kopuru mugatua egotea. Ahal izan ezkero, artalde osoa sartuko leukie hegazkinean. Ezin daben legez, sotoa txarto zarratutako kutxez eta bitxikeriez ganezka jarteagaz nahiko daukie. Nire maletea azkena urtetea gustetan jat, holan, txinatarrek daroen guztia ikusteko aukerea daukat eta.

Nire aurretik joan gura daben hogei txinatarrei ukondokadak emon ostean eta behin maletea fakturauta, segurtasun-kontrol magikoa pasetako ordua heldu da. Ez dago txinatarrik metalen detektagailuan pitetan ez dauenik. Askok, ganera, objektu batzuk barriro fakturau behar dabez. Antza, oraindino ez dabe ulertu bizimodu modernoko aparatuen funtzionamentua, makinatxu hau edo beste izateagaitik harro egon arren. Holan ba, gehienek oso altu egiten dabe berba, berbalaguna aurrean eukiko balebe legez. Hau da, horrenbeste arrantzagaz, berbalagunak estereoan entzungo deutse, seguru.

Hegazkinera 17. atetik sartu behar gara. Boeing 757ak adierazotako orduan urtengo dau eta bozgorailuetatik esan dabe 20. lerrotik atzerako jesarlekuak daukiezanak atera hurreratzen hasteko. Barregurea emon deust. Txinatar danak, dan danak, altzau eta ordenik barik azafatearengana doaz; koitadeak txartel danak begiratu behar ditu, banan-banan. Beti egiten dabe gauza bera, lehenengoak ailegau ezean hil egingo balira legez. Bardin metroan, autobusean edota taxian. Onena, oldeagaz bat egitea; ‘txinizetea’ baino ez jatzu geratzen, bestela, kanpoan geratzen zara. Oihanean legez.

Hegaldi lasaia gurako neuke izan, urrunetik ekatx gogorra datorrela entzun arren. Baina badakit nire bidaideak izango dirala protagonista nagusiak, ez turbulentziak. Segurtasun-abisuen barri emoten daben pantailatxuak bajau dabez eta nire eskumako gizona aho-zabalik geratu da begira, harrituta. Alboan daukan emakumeagaz, emaztea seguruenik, komentau dau ikusitakoa. Egiten daben lehenengo hegaldia izango da, estralurtar bat ikusiko balebe legez erreakzionau dabelako.

Hamar minutu pasau dira hegazkina aireratu danetik eta nire albokoaren auzokidea korroskadak botaten hasi da, daukazan indar guztiakaz ganera. Zeozerk kalte egin deutsola pentsau dot, eta ondo pentsauta, ganera: 45 minutuz egon da korroskadaka. Ez dakit zer egin, barre ala botaka. Hori gitxi balitz, atzeko lerroko gizonak karrazperea dauka eta, bape lotsa barik, lantzean behin txistua botaten dau lurrera.

Shanghairantz bajatzen hasi gara eta, antza, orain pantailek ez dabe nire auzokidea hipnotizetan. Orain, kuriosidadea nigan dauka. Nik egiten dodan guztiari adi-adi begiratzen deutso eta, begiak zarratu arren, niri begira dagoala igarten dot. Lurra jo dogu eta, berehala, txinatar danek biztu dabez euren eskuko telefonoak. Oraindino pistan gagozan arren, lekuetatik altzau eta euren gauzak hartzen hasi dira. Orain bai, jo daitezala eurak euren artean.

Heldu naz Shanghaira eta honakoa pentsau dot: ba ete dago txinatarrez betetako hegazkin batean joatea baino okerragorik? Ba bai: egun euritsu eta haizetsu batean uri erraldoi honetan taxi bat topetea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu