Mainontzi mahai jokoa

Bizkaie! 2006-11-28 01:00   Bertsolaritzea

Zelan deitzen jako maina asko egiten dauenari?
Zein da seiko motzeko doinurik ezagunena?
Zein izen dau bertsolaritzearen mahai jokoak?

Mainontzi, galdera guztien erantzuna!

Zelan deitzen jako maina asko egiten dauenari?
Zein da seiko motzeko doinurik ezagunena?
Zein izen dau bertsolaritzearen mahai jokoak?

Mainontzi, galdera guztien erantzuna!

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Lanku bertso-zerbitzuak alkarlanean bertsolaritzearen mahai jokoa sortu dabe. Bertsolaritzearen ondarea gorde eta izaera ludiko eta didaktiko baten bitartez zabaltzea du helburu jokoak. 12 urtetik aurrerako edozein bertsozalek bere ezagutzea neurtu ahal izango dau Mainontzik eskaintzen deutsozan 1800 galderetan. Zailtasunaren arabera, galderak hiru multzotan banatzen dira: zailtasun txikikoak, zailtasun ertainekoak eta zailtasun handikoak (600 galdera multzo bakotxean).

Jokalari bakotxari mainontzi edo euskarri bat emongo jako. Mainontzia kolore desbardineko sei peoiekaz beteten dauen lehen jokalariak irabaziko dau partidea. Horretarako sei arlotan banatutako galderei ondo erantzun beharko deutse:

Teoria: Bertsolaritzearen alderdi formala.
Jardun: Gai ete zara kopla bat osotzeko Mañukortaren gisan?
Hizkuntzea: Bertsogintzearen ezinbesteko tresnea.
Gaur: Zer barri egungo bertsolaritzan?
Historia: Izan ziralako gara eta garalako nor izan daitezala.
Saski naski: Han-hemen bildutako bitxikeriak.

Bertsolaritzea ezagutzeko baliabide egokia ez ezik, Mainontzi euskerea lantzeko tresna ezin hobea be bada eta ahozko mintzairea hobetzeko aukerea emoten da. Bestalde, euskal ondare tradizionala modu dibertigarrian ikasteko bidea da.

Ibilbide luzeko jolasa

Mainontzi mahai jokoa ez da atzo sortutako kontua. 10 urte dira ‘bertso-tribiala’ izenez sortu zala Gasteizko bertso-eskolan, bertsozaletasuna bultzatzeko baliabide erara. Ordutik hainbat bertso-eskola eta herritan jolastu dira bere galdera-erantzunekaz. Azkenik, esperientzia luzeak emondako aholkuak eta eskarmentuaren emoitza da Euskal Herri osora zabalduko dan Mainontzi bertsolaritzearen mahai jokoa.

Lan-taldea

Mainontzik sortzaile ugari batu ditu bere inguruan: Galderak Karlos Aizpuruak eta Xabi Paiak egin dabez eta zuzenketa lanetan Arkaitz Goikoetxeak eta Oihane Pereak jardun dabe. Koordinazio-lana Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Lankuk egin dabe eta, horretaz gain, Lanku arduratu da jokoaren gainerako ekoizpenaz.

Zelan eskuratu Mainontzi mahai jokoa?

www.lanku.com eta www.bertsozale.com web guneetan eros zeinke. Durangoko azokan, Bertsozale alkartearen stand-ean be salgai izango da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu