Bildur naz
2006-11-28 01:00 BidaideAskotan egon izan naz hemen baina Hong Kong-era heltzen nazanean beti sentiduten naz larri, itota legez, eta sentimentu hori luzaroan daroat nigaz. Oraingoan, sentsazino hori sakonagoa da.
Askotan egon izan naz hemen baina Hong Kong-era heltzen nazanean beti sentiduten naz larri, itota legez, eta sentimentu hori luzaroan daroat nigaz. Oraingoan, sentsazino hori sakonagoa da. Urira gauez heldu naz ferry batean, Txinaren beste kolonia ohian, Macau-n, arrakasta gitxiko bisitatxua egin ostean. Itsasontziko leihotik milaka argitxu ikusten dira urrunean. Etxe-orratzetako leihoetan ikusten diran argiek zeozelako bildurra emoten dauen industria konstelazino berezia sortzen dabe. Sentimentu hori sendoagoa egiten da erdigunera joateko metroa hartzen dodanean. Han, hostal bateko logela eskas bat daukat itxaroten; zabaleran metro bi eta luzeeran ia lau daukaz. Koltxoi mehe bat lurrean botata, armairu bat eta aulki bat. Gau bakotxeko 16 eurok ez dabe gehiagorako emoten. ‘Hau Hong Kong da’; hori pentsau behar dot, behin eta barriro, hegazkina hartu eta etxerantz ez joateko.
Baina uri honetan bildur gehien handitasunak sortarazoten deust. Gizakia ezin da danetara heldu eta kalean jentea, jentea eta jentea baino ez dago. Personak baino, automatak dirala emoten dau: dendarik denda dabiz, ipod makinatxuetara edota eskuko telefonoetara engantxauta, euren mobimentuak GPS batek kontrolauta egongo balira legez. Hong Kongeko dolarren billeteak edonon ikusten dira eta komertzio danak azken ordura arte dagoz jentez ganezka (gaueko hamaikak edota hamabiak arte), astean zazpi egunez. Kapitalismo gordinaren paradigmea da hau.
Euskal Herrian, orokorrean, ezjakintasuna dago oso gogor datorren mundu honen ganean eta horrek bildurtu egiten nau. Behin eta barriro errepetidu behar badot be, ez dot etsiko: laster, Txina eta India buru dirala, aldaketa garrantzitsu bat ezagutuko dogu. Ganera, bildur hori batek baino gehiagok dauka. Hona heldu eta gitxira, 16 (!!) euskaldun topau nebazan. Asteburupasa egozan Hong Kongen eta alkarregaz joan ginan afaltzera ingelesena izandako kolonia bateko jatetxera. Sortutako astrapaleaz gan, txinatar errealidadeak ganezka egiten deuskunean sentiduten dogun akidureaz be egin genduan berba. Konklusino bat atara genduan: hemen zer pasetan dan jakiteko, uria zapaldu eta begien aurrean ikusi behar da. Beraz, hemendik, Bizkaie!-ko irakurleoi planetako lurralde honetara etorteko gonbita egiten deutsuet.
Bestalde, bitxia egiten bajatzue be, zapatu horretan ezagutu neban lehenengoz Hong Kongeko gau-giroa auzo ‘normal’ batean; hau da, gizartearen maila apal horreekaz zerikusirik ez daukana. Hainbat kontuk harritu ninduen. Lehenengo eta behin, zelan ez, emakumezkoen erropa eskasek. Joera hori kontinente guztian igarten hasi da eta, antza danez, urira hurreratzen diran turistak oso pozik dagoz. Bigarren, eta Euskal Herrian pasetan dan legez (baina ez leku askotan), jenteak kalean edaten dau. Leku batzuetan, kriston astrapalea dago baina musikeak ez deutse auzotarrei kalterik egiten antza. Azkenik, prezioak Bilbokoen antzekoak edo apur bat karuagoak dira: tragoa sei eta hamaika euro bitartean dago.
Boltsiloa normalean baino hutsago eta hiru trago edan ostean, Hong Kong itxi eta benetako Txinan sartu naz. Nire aurrekontuak ez dau gehiagorako emoten.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!