Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokeak Haur Literatur Aretoa izango dau aurten be

z 2006-11-28 01:00   Kulturea

Ume eta gaztetxuentzako gune baten beharra ikusirik, Haur Literatur Aretoagaz, batez be, 2 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxuak euskerazko literaturara hurreratzea lortu nahiko leukie Durangoko Azokearen arduradunek, eurentzako aproposa dan txoko bat sortuz.

Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokeak aurtengo edizinoan errepetiduko dauen Haur Literatur Aretoa aurkeztu dau gaur. Haur eta gaztetxuentzako gune baten beharra ikusirik, Haur Literatur Aretoagaz, batez be, 2 eta 12 urte bitarteko ume eta gaztetxuak euskerazko literaturara hurreratzea lortu nahiko leukie Durangoko Azokearen arduradunek, eurentzako aproposa dan txoko bat sortuz. Gerediaga Elkartearen eta Berbaro Elkartearen ekimenez egingo da Haur Literatur Aretoa.

Antolatzaileek aurkezpenean azaldu dabenez, areto honen helburua ez da umeak jagotea, baizik eta umeak liburu artean lasai eta gustura sentiduko diran espazio bat sortzea. Era horretara, helburuen artean dagoz 2 eta 12 urte bitarteko umeak literaturearen mundura modu aktibo batean hurreratzea; umeei euskeraz irakurteko gogoa piztea; umeak ipuinen magian barruratzea; eta umeentzat Liburu eta Disko Azokearen barruan eurentzako gustukoa izan daitekeen gune lasaia bermatzea.

Haur liburutegi bat izateaz gan, hizkuntzeagaz jolasteko esparru bat izango da aretoa. Umeakaz hurreratuko diran guraso eta senitartekoez gan, begirale euskaldunak egongo dira bertan gunea dinamizetako eta umeen beharrei erantzuteko. Begiraleek umeen irakurketa zaletasuna eta euren irakurketa aktiboa bultzatuko dabe eurekaz irakurriz, irakurketea landuz eta marrazkiak eginaz, besteak beste. Aretoan beti be umeen partaidetzea bultzatzea lortu nahi da.

Beraz, umeek gune honetan egongo diran liburu barriak ikusi, irakurri eta eurekaz jolasteko aukerea izango dabe. Horrezaz gan, programazino bat izango dau txokoak eta egunean zehar ekintza finkoak eta bereziak egongo dira goiz eta arratsaldez. Ekintza finko legez, liburakaz lasai egoteko tarte zabalak dagoz, beti ere begiraleen dinamizazinopean.

Ekintza berezien artean, bi nabarmendu dabez antolatzaileek: liburu barriak aurkezteko idazleen tartea; eta ipuin kontalariak, Berbaroko Antzerki Taldea edota ilustratzaile tailerrak.

Azokea, eta baita Haur Literatur aretoa be, abenduaren 6tik 10era bitartean egongo da zabalik, goizeko 10:30etatik 20:00etara bitartean. Honetarako, egunean zehar, begiraleen bi txanda egingo dira: bi begirale goizez, bost orduz, eta beste hainbeste arratsaldean. Begirale talde biak bardinak izango dira egunero, aretoaren kalidadea eta jarraipen egokia bermatzeko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu