‘Letren Leihotik’ egitasmoa, herriz-herri literaturea eta olgetea batzeko

Bizkaie! 2006-11-27 01:00   Kulturea

Helburuak, besteak beste, euskeraz egunero zeozer irakurtea ez eze, hizkuntza horretan jolastea be bada. Eta bide batez, eskola, etxea eta kalea oinarri dirala, hirurotan egingo diran ekimen guztiak bata besteagaz jostea eta integretea, lema baten bidez: ‘Letren Leihotik’.

Bizkaiko zenbait udal (Alonsotegi, Arrigorriaga, Balmaseda, Basauri, Berango, Etxebarri, Galdakao, Gernika-Lumo eta Zeberio) eta mankomunidade bat (Enkarterrikoa) euskal literaturearen inguruko egitasmo barritzaile eta integratzaile bat sustatzeko alkartu dira. Letren Leihotik’ lemapean ezagutuko da egitasmo hori eta Galtzagorri Haur eta Gazte literaturea sustatzeko alkartearen laguntzaz sortu eta egin ahal izan da. Egitasmoa hil honetan bertan jarriko da martxan Galdakaon eta herriz herriko ibilbidea izango dau hurrengo urteko bagilera arte.

Literaturea, jolasa eta edade guztietako ikasle, irakasle nahiz gurasoak bateratzen dituan egitasmo honek Haur eta Gazte Literaturan izen propioa daben profesionalak ditu protagonista. Modu honetan, Letren Leihotik izenean bateratuko dira herri desbardinak, haurrak eta gazteak, irakasle eta gurasoak, literaturea, olgetea eta euskerea ardatz harturik.

Egitasmo honek 2007rako bi egutegi olgetari ditu abiapuntu. Iñaki Martiarena, Mattin ilustratzaileak irudiakaz apaindu ditu eta Yolanda Arrieta idazleak literatur testuez hornidu. Egutegietako bat handia da; bestea, txikia, egunez egunekoa. Irudi eta testu literarioak izateaz gan, handiak testuakaz osotutako joko eta ariketa koadernotxo bat dauka osogarri. Txikia handiagaz loturik dago eta berau erabiliz, umea tarteko, senide guztiak etxean testuakaz jolasten, euskeraz berba egiten eta literaturaz gozetan jartea lortu nahi da.

Egutegiok doban banatuko dira gorago adierazotako udalerrietako ikastetxeetan, Lehenengo Hezkuntzatik hasi eta Batxilergora arte, tartean Euskaltegiak ahaztu barik. Izan be, proiektuan parte hartuko daben udaletako Euskera Zerbitzuetatik egiten dan erregalu erabilgarria da hau.

Helburuak, besteak beste, euskeraz egunero zeozer irakurtea ez eze, hizkuntza horretan jolastea be bada. Eta bide batez, eskola, etxea eta kalea oinarri dirala, hirurotan egingo diran ekimen guztiak bata besteagaz jostea eta integretea, lema baten bidez: ‘Letren Leihotik’.

Horretarako, egutegi honeei loturik herri bakotxak bere ekintza osogarriak antolatuko ditu, edade guztietako ikasle, irakasle nahiz gurasoentzat. Adibide gisa, urtarrilaren 9tik 19ra Itziar Zubizarretak sortu eta zuzendutako literatur aretoa izango da Balmasedako Kultur Etxeko Eraskusketa-gelan.

Beste alde batetik, Yolanda Arrietak egutegiei eta irakurketeari loturiko berbaldiak eskainiko ditu zemendian eta datorren urtean guraso, irakasle, kultur bitartekari eta goi mailako ikasleentzat. Gurasoei eskainiko jakezan berbaldi informatiboak euskeraz zein gaztelaniaz eskainiko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu