Bilboko Txistularien Bandeak eta Alos Quartet ganbera-musika taldeak disko bat kaleratu dabe

Bizkaie! 2006-11-24 01:00   Musikea

Lehen disko honek txistua eta harizko musika-tresna klasikoak buztartzen ditu, eta zuzenean aurkeztuko da Bilboko Euskalduna Jauregian zemendiaren 29an.

Bilboko Udalaren Txistularien Bandeak bertoko musika-tresna nagusiaren interpretazino-aukerak bultzatzeko ahaleginari eusten deutso, eta CD baten argitalpena iragarri dau, Alos Quartet harizko laukoteagaz batera. Lehen disko honek txistua eta harizko musika-tresna klasikoak buztartzen ditu, eta zuzenean aurkeztuko da Bilboko Euskalduna Jauregian zemendiaren 29an, BilbaoMusikak antolatzen dauen ‘Asteazkenetan, txistua benetan’ kontzertu-zikloaren barruan.

Udal bilbotarreko iturrien arabera, ‘Harizko txistua’ izenburupean zortzi obra barri aurkezten dira Ruper Lekuek, Javier Ituartek, Aitor Furundarenak, Xabier Zabalak, Hilario Extremianak, Alvaro Garciak eta Itoiz rock taldeko lider ohia dan Juan Carlos Perezek konposatuak. Diskoak musika estilo desbardinak batzen ditu eta tradizinozko doinuak, habanerak, lo-kantak edo jazza lako erreferentzia desbardinak ditu.

Konposizino eta interpretazino barrikuntzakaz batera, ‘Harizko txistua’ obrearen grabazinoa eta argitalpena finantzietako dauen sistema originalarengaitik nabarmentzen da, pieza bakotxa babesten baita.

Enpresek (Valeriano Urrutikoetxea eraikitzailea, Batz trokelgintzea, Lanik egurrezko egituren fabrikatzailea, Umpro 2000 sustatzailea eta Argintza marmoldegia) eta mueta desbardineko erakundeek (Tolosa 750. Urteurrena Fundazinoa, Elorrioko Udala eta San Valentin de Berrio-Otxoa Kofradia) hartu dabe parte ekimenean.

CDa berehala izango da kalean. Lehen tiradan 2.000 kopia kaleratuko dira, eta grabazinoa Zazpi Kaleetako Merkatarien Alkarteak babesten dau, BilbaoMusikagaz dauen hitzarmenaren bidez.

Bilboko Udalaren Txistularien Bandea heziketa-hezkuntza sendo eta interpretazino eta irakaskuntza mailan lanbide-heziketa zabala daben bost musikari gaztek osotzen dabe. Garikoitz Mendizabal zestoarra (lehen txistua) bandako zuzendaria da 2004tik, eta Euskal Herriko Txistularien Alkarteko zuzendari karguagaz buztartzen dau. Taldea osotzen dabe Idoia Kareaga bilbotarrak (amatasun-bajeagaitik Iban Ibarretxerri itxi deutso behin behineko postua), Sabin Bikandik, Gorka Zabaletak eta Asier Garciak.

Txistua eta harizko musika-tresnen fusioa

Alos Quartet 1999an sortu zan Et Incarnatus ganbera-orkestrearen barruan, eta jardunbide artistiko zabaleko musikariek osotzen dabe, bai musika klasikoan bai eta beste genero batzuetan be, batez be, folk-musikea, izan be partaideak Oskorri, Benito Lertxundi edota Kepa Junkeragaz batera jo dabe, Dulte Pontes, La Buena Vida, Bide Ertzean, Rafa Rueda edo Ken 7koen biretan parte-hartzeaz gan.

Taldearen errepertorioak arlo desbardinak batzen ditu ikuspuntu berezia eskainiz harizko laukotearen osoketa klasikotik abiatuz. Lehen bakarreko lana 2005an kaleratu eben eta Xabier Zeberio (bibolina), Francisco Herrero (bibolina), Lorena Nuñez (biola) eta Pello Ramirez (biolontxeloa) musikariek osotzen dabe.

Txistuaren eta harizko musika-tresna klasikoen soinuen fusinoa aurrekari gitxiko arloa da, horregaitik ‘Harizko txistua’ da lehenengo diskoa osotasunean musika-tresnen alkartze barritzaile hau jasoten dauena.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu