Ikurrinea Moncloan

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-11-23 01:00
Madrileko Euskal Milizien historia

Izenburu horregaz laburtzen eban Jesús Galindezek Madrilera joandako euskaldunen ganean 1945ean idatzitako ‘Los vascos en el Madrid sitiado’ liburuko atal bat. Liburuan, Galindezek 1936ko gerran euskaldunek Espainiako uriburuan izandako burrukea batzen dau eta, beste euskaldun askoren artean, Madrilen euskaldunek eratutako Euzkadiko Gudarostea eta euskal milizien historia be kontetan dau.

Izenburu horregaz laburtzen eban Jesús Galindezek Madrilera joandako euskaldunen ganean 1945ean idatzitako ‘Los vascos en el Madrid sitiado’ liburuko atal bat. Liburuan, Galindezek 1936ko gerran euskaldunek Espainiako uriburuan izandako burrukea batzen dau eta, beste euskaldun askoren artean, Madrilen euskaldunek eratutako Euzkadiko Gudarostea eta euskal milizien historia be kontetan dau. Beraz, egon zan ikurrinik, benetan, orain Espainiako Gobernu Burua dan Moncloako etxe horretan? Galdereari erantzuteko Madrilen sortutako ‘Euskadiko Gudarostea’ren ganeko historia batu behar dogu.

Gudaroste edo milizia hori Euskal Herritik eta, batez be, Gipuzkoa aldetik iges egin eta Bartzelonatik igaro eta gero, Madrilera heldutako euskaldun batzuk sortu eben, gerrea hasi eta segiduan. Ia danak komunistak ziran eta hasieran euren burua Iruneko Lizarraga bazan be, eratzea eskatu ebanean, Errepublikako agintariek Alzugaray koronel nafarra jarri eben gudarien buru. Dana dala, benetako arduraduna Lizarraga zan. Koartel modura, Madrileko Euskal Etxea erabili eben, lehenago berton egozan euskal ikasleak alde egitera behartu eta gero. Horreetariko askok, azkenean, euskal milizietan parte hartu eben.

Berehala, hainbat euskaldun batu ziran milizietan, ia batailoi osoa, hau da, 500 bat lagun. 1936ko urriaren 10ean lehenengo konpainia biak Navalcarnerora joan ziran, bertatik Madrilera hurreratzen ziran Franco jeneralaren gudariei aurre egiteko. Hareekaz batera konpainia anarkista batek be burrukatu eban. Horixe izan zan euskaldunen lehenengo burrukea. Handik Boadilla del Monteko eremura joan ziran euskaldunak. Han, Mola jeneralaren gudariei egin eutseen aurre. Euskaldunen parte hartzea garrantzitsua eta izugarria izan zan eta, horregaitik, herriari be hurrengo egunetan ‘Boadilla de los Vascos’ ezizena imini eutsien. Gero, eta ordurako gudari euskaldunak esperientzia handikoak zirala kontuan hartuta, Casa de Campo, Puente de los Franceses, Parque del Oeste, Ciudad Universitaria edo Moncloan bertan burrukatu eben.

Negua amaituta, euskaldunek Uri Unibersitarioa jagoten eta defendiduten jarraitzen eben. Ordurako, frankotarrak ahalegindu ziran Madril euren eskuetan hartzen, baina beti be alperrik.

Euskaldunen artean, Alzugarayk komandante kargua itxi eta Irunen karabineroen nagusia lehenengo eta Gipuzkoako azkenengo gobernadorea izandako Ortegak hartu eban Madrileko euskal gudarien buruzagitzea.

Azkenengo asteetan, nasaitasuna zan nagusi frontean eta, euskal batailoiko konpainia bik lubakietan lekua euken bitartean, beste biak deskantsua hartzen eben. Bitartean, euskaldunak Madrilen burrukea euren alde jarri eta Euskal Herrira joateko asmoa agertzen eben eta Donostia, Iruñea, Gasteiz edo Bilboko kaleetan egingo ebezan garaipen desfileakaz amesten eben. Madrileko euskal miliziak martxan ziralarik, beste hainbat euskaldun Bartzelonarantz joan ziran. Kataluniako uriburuan, Espainiako Errepublikearen menpe egozan lurralde guztietako euskaldunak batzeko sortu gura zan euskal brigadan parte hartzeko asmoa euken euskaldunek. Brigada hori 142. Brigada Euskal Pirenaikoa izenez ezagutuko zan etorkizunean.

Apirila heldu zanerako gero eta gitxiago ziran Euskal Milizietan parte hartzen ebenak. Hasieratik egozan asko hil egin ziran eta, hareen ordez parte hartu behar ebenen artean, asko Bartzelonan egozan. Holan ba, 1937ko apirilean Euskal Miliziak desegin eta Karabineroen 42. brigadako batailoi bat izatera pasau ziran, euren euskal nortasuna guztiz galduta. Ortega koronela brigadako buru izentau eben eta, Sansinenea, euskal batailoiko arduradun.

Horixe izan zan Euskal Milizien azkena. Baina oraindino euskaldunak jarraitu eben Madrilen burrukatzen eta hilten. Horren adibide Ortega bera izango litzateke. Hilabeteak aurrera joan ahala, dibisino bateko buru egin eben eta gero Erdiko Armadako III Ataleko buru. Azkenean, frankotarrek hartu eta afusilauta hil zan.

Ikusten dogunez ba, ez dakigu ikurrinea Moncloan jarrita egon zan ala ez, baina hilabete askotan frankotarren eskuetatik kanpo egon zala bai, eta horren ‘errudunak’, zati handi batean behintzat, euskaldunak izan ziran.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu