‘Galindez Missing. Askatasunen aldeko borrokalaria’
2006-11-22 01:00 KultureaGalindezen desagerketa, bahiketa eta hilketearen 50. urteurrenaren harian, Sabino Arana Fundazinoak eta Euskal Museoak aurkezten daben erakusketearen asmoa aitatu euskal erbesteratuaren bizitzea jasotea da.
Jesus Galindez, erbesteko Eusko Jaurlaritzearen ordezkaria, 1956ko martiaren 12an desagertu zen New Yorken. Uriaren erdian bahitu eben, gero, Dominikar Errepublikara eroan eta han torturau eta hil eben, dana Rafael Leonidas Trujillo diktadoreak aginduta, zergaitik eta, harako haretan New Yorkeko euskal ordezkaria zala buru, haren erregimen totalitarioaren kontra egiten ziran kritikak gustetan ez jakozalako ez beste ezergaitik. 40 urte pasatxo baino ez ebazan.
Sasoi haretan euskal herritar hau, jatorriz Amurriokoa, Madrilen jaioa eta 1939an Errepublika garaitua izan ondoren erbesteratua, Jose Antonio Agirre lehendakariaren eskuin eskua zan, euskal agintariek eta Errepublikakoek alkar hartuta hainbat urtean diktadura frankistearen nazinoarteko onespena eragozteko eutsi eutsen burruka orekabakoan.
Galindezen desagerketa, bahiketa eta hilketearen 50. urteurrenaren harian, Sabino Arana Fundazinoak eta Euskal Museoak aurkezten daben erakusketearen asmoa aitatu euskal erbesteratuaren bizitzea jasotea da. Beharbada, munduaren eta, beren beregi, Latinoamerikaren historian arrazoi politikoengaitik desagerrarazotako lehenengotariko bat izan zan. Lehiakide politikoak desagerrarazotearen estrategia hori dramatismorik handienaz jasan daben kontinenteetako bat Latinoamerika da, kontinenteak izan dituan diktadura militarrek eurek sustatu eta bultzatuta, hain zuzen.
Galindezen historia gaurkotasun handiko gaia da, izan be, XXI. mendean ondo sartuta, urtero ia 2.000 persona desagertzen dira euren ideiengaitik, edo euren politika, gizarte eta kultura planteamenduak defendiduteagaitik.
Erakusketara (250 metro karratu) sartzeko, Galindez bizirik azken aldiz ikusi eben metro-geltokiaren berreraikuntza batetik igaro behar da. Gune hori historian izandako desagertuei eskainia da. Hortik aurrera, zati bitan banatzen da erakusketea. Batak hegazkin baten hangarra irudikatzen dau. Galindez New Yorketik Dominikar Errepublikara eroateko erabilitako hegazkina. Hor, azalpen-panel eta agiri zenbaiten bidez, Galindezen politika eta kultura alderdiak azaltzen dira. Baita Euskal Informazino Zerbitzuetako kide legez be, batez be 1942tik heriotza-urtera, 1956ra arte, baita denpora horretan guztian AEBetako FBIgaz garatu eban kolaborazinoa be.
Alderdi horreetan sakondu nahi daben guztiek, ganera, AEBetako zerbitzu sekretuen espediente osoa ikusteko modua izango dabe ordenagailuen bitartez; 1942 eta 1945 bitartean Mundu Gerran euskaldunen eta aliatuen arten izandako kolaborazinoari buruzko informazinoa ingelesez dago, jatorrizkoak diralako. Baita Dominikar Errepublikatik Galindezek nazien kontra Karibean zuzendu eban espioitza-sareari buruz. Ia 700 txosten dira, eta interesa dauenak oso-osorik kontsultau ahalko ditu.
Hurrengo gunea ia osorik da Galindezen desagertzeari eskainia. Bisitariak lehenengo bider ikusi ahalko dau FBIk Galindezen bahiketaz egin eban ikerketearen espediente osoa. Ia 100.000 agiri dira eta kontu handiz eta arretaz dagoz zentsurauta. Orain arte desklasifikau dan guztia da.
Erakusketa kontzeptuala da. Haren gutunak, argazkiak eta idazkiak izan ezik, gauza personal gitxi dagoz, izan be, New Yorken bizi zan apartamentua, erbesteko Eusko Jaurlaritzeak alokatua, CIAko agenteek miatu eben. Gero, CIAk jaso ez ebazan gauzak iparramerikar agintariek bahitu ebezan. Haren ondasun personal guztiak amerikar justiziak jagon ebazan 8 urtean. Epe hori da, desagertu dan norbait ofizialki hildakotzat emoteko igaro behar dan denporea.
Gero, haren gauza personalak familiari emon jakozan baina ezin izan dira inoiz berreskuratu.
Erakusketearen osogarri, Galindezen bahiketa eta hilketea laburbiltzen dabezan bideo bi preparau dabez. Lehenengoa, hamabi minutukoa, ‘El misterio de Galindez’ filmetik ataratakoa, Tornasol ekoiztetxeak eginda dago, eta bestea, ‘Galindez, la tumba abierta’, ITESAk eta Sabino Arana Fundazinoak ETBrentzat produzidutakoa. Horrezaz gan, hiru dokumentu dagoz: Jesus Galindez aurrez aurre ezagutu eben persona batzuen lekukotasunak entzun daitekez metroaren inguruan: Luis Mª Retolaza; Joseba Agirre, Agirre lehendakariaren semea; eta haren barri zeharbidez izan eben beste batzuena: Iñaki Anasagasti eta Bernardo Vega.
Hegazkinaren kabinan, barriz, kasuaren zirrikituak eta isilpeko kontuak oso ondo ezagutzen dabezan hiru historialariren lekukotasunak eskaintzen dira: Josu Txueka, Euskal Herriko Unibersidadeko Historia Garaikideko irakaslea eta Galindezi buruz oraintsu berrargitaratutako ‘Los vascos en el Madrid sitiado’ liburuaren hitzaurrea egin dauena; Iñaki Egaña, idazlea eta historialaria, iparramerikar agintariek desklasifikautako euskal gobernuari eta erbestaldiari buruzko dokumentuen azterketan aditua; eta Koldo San Sebastian, kazetaria eta historialaria, Amerikako euskal erbestaldiaren gainean hainbat liburu eta lan dokumental egindakoa.
Hirugarren dokumentu mintzatua Latinoamerikako desagertuei buruzko erreportaje bat da; lekukotasunak, Gregorio Dionis ‘Desaparecidos’ egitasmoaren Belgikako arduradunak eta Miguel Fernandino Euskal Herriko Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako Amnesty Internationalen eledunak emon dabez.
Galindezi buruz ehunka artikulu eta eleberri bi idatzi dira, eta haren bizitzea aztertzen daben hamarnaka liburu. Horren guztiaren aukeraketa bat be egin da erakusketarako.
Azkenik, nabarmentzekoa da musika-giroa, 1956an New Yorken, Dominikar Errepublikan eta Euskadin entzuten ziran musikakaz.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!