Txapelketa Nagusiko bidaia gogoan

Bizkaie! 2006-11-22 01:00   Bertsolaritzea

Igazko Bertsolari Txapelketa Nagusia gogoan daukagu oraindino baina, askotan, memoriak huts egiten deusku. Hutsune horreei aurre egiteko, liburu bat eta disko bikotxa kaleratu barri dabe Lanku Bertso Zerbitzuak eta Bertsozale Elkarteak.

Igazko Bertsolari Txapelketa Nagusia gogoan daukagu oraindino baina, askotan, memoriak huts egiten deusku. Hutsune horreei aurre egiteko, liburu bat eta disko bikotxa kaleratu barri dabe Lanku Bertso Zerbitzuak eta Bertsozale Elkarteak. ‘Lekunberrin hasi eta Barakaldoko Bilbao Exhibition Centre areto erraldoiean amaitutako txapelketako une ederrak gogoratzeko ezinbesteko materiala da’, zehaztu dabe argitaratzaileek.

Liburuak 400 orrialde daukaz, 545 bertso batzen ditu, bertsolarien 100 argazkigaz eta adituen 10 eretxi-kritikagaz. Disko bietan, 33 bertsoaldi jasoten dira. Liburuan, txapelketan parte hartu eben 38 bertsolarien ekarpenak dagoz. Diskoan, Josu Telleriak, Zigor Leundak, Ekaitz Elorriagak eta Martin Aramendik egindako aukeraketearen ostean erabagitako bertsoak entzun daitekez. Grabazinoaz Xenpelar Dokumentazino Zentroko Oihana Aranburu, Arantza Mariskal eta Nere Erkiaga arduratu ziran. Doinuen izentapena Joanito Dorronsorok egindakoa da eta sintoniaz Oreka TX arduratu zan.

Liburuan, kronikak, kritikak eta argazkiak ikus daitekez, besteak beste. Atariko Unai Elorriagaren berbek atontzen dabe eta, ostean, Josu Goikoetxearen kronikez jantzita datoz bertsoak. Kritikak be badagoz, Martin Aramendi, Ainhoa Agirreazaldegi eta Jon Sarasuarenak. Bestalde, hainbat eretxi artikulu jasoten dira. Artikuluotan, honako honeek hartu dabe parte: Xabier Aierdi, Iñaki Aurrekoetxea, Andoni Egaña, Ander Lipus, Xabier Mendiguren Elizegi eta Xabier Paya. Artikuluok Alberto Elosegiren argazkiakaz datoz horniduta. Naroa Sasieta eta Felix Irazustabarrena arduratu dira lanaren koordinazinoaz eta zuzenketeaz.

Honezkero, bati baino gehiagori sartuko jakon liburua eta CDak erosteko gogoa. Horretarako aukerea Bizkaiko txapelketako saioetan, Hernandorena sarietan, Durangoko azokan edota www.bertsozale.com eta www.lanku.com webguneetan izango dau.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu