Banoa (baina likido barik eskuko boltsan)
2006-11-21 01:00 BidaideOrain hasi eta 2007. urtearen hasierara bitartean, ‘Bidaide’ atalean, Asiako gorabeherak kontauko deutsuedaz baina orain artekoakaz alderatuta, gauza desbardinak, ‘txikiak’, zehaztasunak, sentsazinoak, personak helarazoko deutsuedaz.
Bai, hiru hilebete joan dira azken bidaia luzea egin nebanetik eta daborduko bidaiatzearen magiak sorginduta nauka, harrak jota nabil. Oraingoan, halan da be, bost aste baino ez dodaz kanpoan egingo, izan be, urte aldaketearen hitzordua sagradua da familian (bestela urkatuko nabela mehatxu egin deustie). Orain hasten dodan bidaia berezia izango da ze leku bakotxean disfrutetako nahikoa denpora eukiko dodala uste dot. Kazetaritzeak berez dakarren abiadea eta estresa baztertu eta sentsazinoetan buru-belarri sartzeko amesa daukat, izan be, horreek dira bidaiak eta erreportajeak aberasten dabezanak. Edozein bazterretan jesarri eta denporea zelan pasetan dan sentidu gura dot, txinatarrek eta laostarrek egiten daben moduan. Globalizazinoak bizimoduan marketan dauen erritmo zoroagaz ikusten ez doguzan gauza txikiakaz gozau gura dot. Personakaz egon gura dot. Azken urteotako bidaietan egindako lagunakaz eta nahikoa ahaztuta euki dodazan lagunakaz barriketaldi luzeak egin gura dodaz. Beraz, normalean baino gitxiago mobiduko naz baina nire kazetari senak aginduta galdetzen, ikertzen eta kuxkuxero lana egiten jarraituko dot jasotako edo deskubridutako guztia papelera edo zuon ordenagailuetara eroateko.
Gauzak holan dirala, orain hasi eta 2007. urtearen hasierara bitartean, ‘Bidaide’ atalean, Asiako gorabeherak kontauko deutsuedaz baina orain artekoakaz alderatuta, gauza desbardinak, ‘txikiak’, zehaztasunak, sentsazinoak, personak helarazoko deutsuedaz.
Bigarrenez, 10.200 metroko altueran, Afganistán parean gagozala nabil kronika hau idazten Boeing eta Lufthansa konpainiek kontinente arteko hegaldietan eskaintzen daben Internet zerbitzuari esker. Lo egin ezinik nabil, akaso, bidaiaren hasierako ‘suarengaitik’ ze Asiara egiten dodan hamalaugarrena izan arren, sentsazino hori ez da desagertzen. Beharbada, Euskal Herrian gaueko 21:00ak eta helmugea dodan Hong Kongen goizaldeko 4:00ak diralako be izan daiteke. Ez. Uste dot oraintsu bizi izan dodan jazoerea dala nire zorabioaren arrazoia. Komuna noiz librauko zain nengoala, neska europar gazte bat hurreratu eta atearen kontra jarri ostean, ia berehala, konortea galdu eta lurrera jausi da. Lurrean botaka hasi da begiak zabal-zabalik dituala eta epilepsia krisia izan eitekeala pentsaurik eta nik holako kasuetan zer egin behar dan ez dakidanez, tripulazinoko kide bati abisau deutsat; edozelan be, bidaiarietako bat, medikua, berehala hurreratu da eta arin hasi da neskatoa suspertzen. Kontuak kontu, irudiok ez jataz desagertu burutik eta oraingoan be jet lag ezaguna sufriduko dodalakoan nago.
Espero neban legez, aireportuetako segurtasun kontrolak zorrotzagoak dira orain. Likidoak dirala eta, kolonia, after-shave, lentillen likido eta enparaukaz zuhur ibili behar da eta bidaiariak nekatzen hasita gagoz. Nire ekipo elektronikoa zehatz aztertu dau kontrol postuko beharginak eta ondoko abisua luzatu deust: ‘urtarriletik aurrera ondo kargauta ekarri tramankuluotako bateriak ze biztuten edo martxan jarten ez diranak konfiskau egingo deutsudaz’. Eta nire galderea da: hegazkinean sartu aurretik edan eta edan ibili diranak komunera bialduko ete dabez gehiegizko likido kantidadeak kanporatzeko? Hegazkina hartzea abentura bihurtu da. Zorionez, ez deustie ezer esan eskuko boltsa bi eroan arren. Badaezpada atxakia parrastadea neukan prest arazorik txikienari aurre egiteko.
Ohikoa dan legez, Frankfurt eta Hong Kong lotzen dituan Boeing 747-400 hegazkina ganezka doa. Turista gitxi eta maleta txiki asko, izan be, gaur egun mundu mailako ekonomiaren erdigunea da Txina. Isiltasuna da nagusi. Aurikularrak konektau barik daukadaz eta pantailan ikusgai dagoan pelikulako personaiak berbaz dabiz baina nik ahoa zabaltzen baino ez dodaz ikusten. Nire alboan zurrungaka dagoz lagun bi, baina lotsaz edo, nahikoa apal eta eskertzekoa da hori. Lo egin gura dot.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!