Hamaikagarren ‘The Pub Ibiltaria’
2006-11-14 01:00 MusikeaBilboko Pío Baroja Plazeak aurten be, hamaikagarrenez, Oskorriren ‘The Pub Ibiltaria’ emonaldiaren edizinoa hartuko dau 2006ko abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, iluntzeko zazpietan. Musika-eskoletako ikasleak, musikariak eta karpara hurreratu gura dauen edonor izango da egun horretan protagonista, Oskorriko musikarien laguntzinoari esker, aurkezpen-prentsaurrekoan Natxo de Felipek zehaztu dauen legez.
Bilboko Pío Baroja Plazeak aurten be, hamaikagarrenez, Oskorriren ‘The Pub Ibiltaria’ emonaldiaren edizinoa hartuko dau 2006ko abenduaren 21ean, Santo Tomas egunean, iluntzeko zazpietan. Musika-eskoletako ikasleak, musikariak eta karpara hurreratu gura dauen edonor izango da egun horretan protagonista, Oskorriko musikarien laguntzinoari esker, Natxo de Felipek ekimena aurkezteko prentsaurrekoan azaldu dauen legez. ‘Musika tresnaren bat joten dakien edo ikasten dabilen edozeinek izango dau bere abilezia praktikan jarteko aukerea’, dino musikariak. Bestalde, kantetea gustetan jakon edonor be joan daiteke ikuskizunean parte hartzera eta, banatutako koadernotxoan dagozan kantak ensaiau ostean bada, hoba. Koadernotxo horreek musika-eskoletan, abesbatzen egoitzetan eta BBK-ren kultur aretoan (Elkano, 20, Bilbo) egongo dira publikoaren eskura.
Hamaikagarren kontzerturako errepertorioan, urtero legez, danetariko kantak sartu ditu Oskorrik, oso zaharrak eta nahiko barriak, oso ezagunak eta guztiz ahaztutakoak, dramatikoak eta umoretsuak eta beste hainbeste. Tartean, Iparralden hain ezaguna dan eta orain Euskal Herri osora zabaldutako ‘Bizi naiz munduan’ amodio kanta goxoa; ‘Akerra ikusi degu’ eta ‘Alferraren astea’ kanta ezagunak, ‘Polita zeradela’ kanta saltokaria; ‘Alarguna’ abesti tristea entzun ahal izango dira Bilbon.
Egun handia heldu orduko, aurreko zapatuan, abenduak 16, ensaio orokorra egingo da Bidebarrieta Liburutegian. Animau zaiteze eta gogoan izan ‘The Pub Ibiltaria’ azken geltokira hurreratzen doala, izan be, hamaikagarren edizinoaren ostean, beste bi baino ez dira geratzen bildumeari amaierea emoteko.
Oskorriren 35. urteurrena
Abenduko agendea ganezka dauka Oskorrik, Natxo de Felipek berak prentsaurrekoan gogorarazo dauen legez. Izan be, taldearen 35. urteurrena ospatzeko, kontzertu bereziak antolatu dabez abenduaren 15, 16 eta 17rako Bilboko Arriaga Antzokian iluntzeko zazpietan, Bilboko Bandearen urteroko ‘Gabonetako Kontzertua’ ekimenagaz bat eginda. Oskorriren soinu berezia eta Bandearen nortasuna be gordeteko, konponketak egin dabez errepertorioetan eta honezkero buru-belarri dagoz ensaioetan. Azken emoitza Arriagan ikusiko da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!