Nazinoarteko kazetaritzeari begiradea
2006-11-09 01:00 BidaideAskok ez dabe kazetaritzan sinisten. Fedea galduta daukie. Egunkariek abrosiduarazo egiten dabe, telebisteak ez dauka fundamenturik eta irratiari ia kasurik be ez jako egiten. Gero eta gehiago joten dogu nazinoarteko informazinora baina, halanda be, inork ez dau mundua ulertzen eta muturreko egoerak bizi dira, tarteko biderik barik.
Askok ez dabe kazetaritzan sinisten. Fedea galduta daukie. Egunkariek abrosiduarazo egiten dabe, telebisteak ez dauka fundamenturik eta irratiari ia kasurik be ez jako egiten. Gero eta gehiago joten dogu nazinoarteko informazinora baina, halanda be, inork ez dau mundua ulertzen eta muturreko egoerak bizi dira, tarteko biderik barik. Akaso, neurri handi batean, Bushen Administrazinoaren ondorioz sortutako egoerea da baina kazetariok be errudun gara horretan.
Radio Euskadiko ‘Levando anclas’ irratsaioko mikrofonoen aurrean hiru lagun alkartu gara. Kazetariak gara hirurok, baita programearen zuzendari Roge Blasco be. Mikel Ayestaran Sirian dago Vocento taldeko idatzizko komunikabideentzat barriemole lanetan eta bertatik bertara bizi izan dau Libanoko gerrea; Ander Izagirrek edonon topetan dau zeren ganean idatzi, beste inork istoriorik ikusi ez arren (Bidaideko azken kronika biak Izagirreri eskainita egon dira). Azkenik, testu hau idazten dagoana be estudioan izan da. Kazetari arruntagoa naz ni, ohiko gaietaz arduratzen dana, ekonomia, politikea edota gizartea, berbarako. Hori bai, globoko leku zehatz batean zentrauta: Asia.
Gure lanbidearen ganeko hausnarketea egiteko batu gara. Barriemole garan aldetik, mundu islamikoa eta Mendebaldeko mundua deritxanaren arteko alkar ulertzean eta bide bakarreko begiradan zeresan handia daukagu. ‘Inbasinoek gerra izena hartzen dabe, hildakoak zeharkako ondorioak dira eta, azken batean, arazoaren ganeko informazino sakona eskaini beharrean, hildakoen kopurua baino ez da emoten’, dino zorrotz oraintsu Siriako presidenteari alkarrizketea egin deutson Ayestaranek. ‘Informazino-iturri ofizialak oso ondo geratzen dira baina nik kaleko giroa ezagutu gura dot, jentearen pentsamentua zein dan jakin gura dot’.
‘Teletipotik eta propaganda instituzionaletik urrundu eta harago joaten ahalegindu behar gara; titular hutsetatik urrundu eta gaiak sakon jorratzen dabezan erreportajeak egin behar doguz’, ganeratu dau Izagirrek. ‘Baina irakurleak be esfortzu berezia egin behar dau inguruan daukaguna ulertzeko. Jenteak ez badau irakurten edota dobako egunkariek dinoenagaz geratzen badira, akabo. Orain, antza, informazinoa gitxi-gitxika eta argazki askogaz emon behar da publikoa erakarteko. Eta horrek azkenik ez daukan istorioa emoten dau. Sakontzea ez da aspertzea: hori ondo baino hobeto ulertu behar leukie komunikabideek eta irakurleek’.
Kazetaritzearen esaera ez idatzi batek dino ‘irudi barik ez dago barririk’. Horregaitik, hainbat gatazka ahaztu egiten dira. Afrikan edota Asian, berbarako, antxinatik datozan gatazkak dagoz baina ez daukie lekurik munduko komunikabideetan. Estadu Batuetako tiroketa batek orrialde osoa hartzen dauen bitartean, Sudaneko sarraski bat barri labur legez baino ez da kontetan. Hildakoen balioa desbardina da. Euskaldun bat bost estadubatuar, hamabost palestinar, ehun afrikar eta berrehun txinatar legez baloretan da.
Irudi batek mila berbak baino gehiago balio dauela be dudan jar daiteke. Manipuletako, ez da beti Photoshop erabili behar. Argazkia nondik atara erabagiten dogun momentutik emoten da errealidadearen ikuspuntu zehatz bat eta, ikuspuntu hori osotzeko, testua ezinbestekoa da. ‘Askotan, istorio oso onak dagoz, baina irudirik barik; kontrakoa be pasetan da. Kasu bietan, zeozer falta dala igarten da. Horregaitik, onena testuaren eta irudiaren arteko orekea topetea da’, dino Ander Izagirrek. Halanda be, askotan argitaratzen dira fundamentuzko testurik bako erreportaje grafiko bikainak; kontrakoa ez da inoiz pasetan. ‘Irudiaren garaian bizi gara, hori ezin dogu ukatu’, zehaztu dau Ayestaranek.
Komunikabideak enpresak dira, ez Gobernuz Kanpoko Erakundeak. Helburua dirua irabaztea da eta interes ekonomikoen eta politikoen menpean dagoz. Kazetaritza independientea ez da existiduten eta, akaso, irratsaioan bat egin dogun hiru ‘freelance’ kazetariok gara ideal horretatik hurren gagozanak. Halanda be, kazetaritzeak funtzino soziala dauka: informetea eta eretxia sortzea. 'Bidaide' lako ataletan balantzea orekatzea da helburua eta gehienetan tarterik ez daukienei euren istorioa kontetako aukerea emotea. Ez da lan erraza. Baina merezidu dau, batez be munduaren irudi osotuagoa emoteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!