Hiru kontzertu handi Bilbon Oskorriren 35. urteurrena ospatzeko

Bizkaie! 2006-11-07 01:00   Musikea

Oskorri musika taldeak 35. urtebetetzea ospatuko dau abenduaren 15, 16 eta 17an Bilboko Arriaga Antzokian eskainiko dituan hiru kontzertu bikain eta errepetiduezinakaz.

Oskorri musika taldeak 35. urtebetetzea ospatuko dau abenduaren 15, 16 eta 17an Bilboko Arriaga Antzokian eskainiko dituan hiru kontzertu bikain eta errepetiduezinakaz. Bilboko Musika Bandeak urtero antolatu ohi dauen ‘Gabonetako Kontzertua’, Oskorriren 35 urteetako errepertorioaren inguruan garatuko da aurten.

Horretarako, Oskorriren soinu berezia eta banda bilbotarraren nortasuna be gordeteko, konponketa barri bakanak moldatu behar izan dira, Euskal Konpositore Elkarteko presidente dan Hilario Extremianaren kontura etorri diranak.

Dagoeneko zenbait entsegu eginak dira Oskorri eta Rafael Sanz Espertek zuzentzen dauen Bilboko Musika Bandearen artean, eta emoitzea harrigarria izan dala adierazo dabe Oskorri taldekoek.

Errepertorioan hainbat kantu dagoz, besteak beste, ‘Emazurtz’ (Gabriel Arestigaz batera moldatu eben kantu hunkigarrienetako bat), ‘Forjarien kanta’ (Eibarko forjari grebalarien kantu zaharra), ‘Aita gurea’ (Natxo de Felipek bere aitaren heriotzearen harian konposatua), ‘Bizkaipourri’ (Bizkaiko kantuez osotua), ‘Umepourri’ (ume kantuez onduriko popourria), ‘Gu gaituzu Oskorri’ edo ‘Gipuzkoako buelta’.

Azken urteetako zenbait kantu be batu dabez, besteak beste, ‘Gerradantza bakerako’ eta ‘Lamikizko sukaldaria’, eta derrigorrezkoak diran batzuk be bai: ‘Arin Bero’ edota ‘Furra furra’ ospetsuak.

Arriaga Antzokian abenduaren 15, 16 eta 17an (bariku, zapatu eta domekan) egingo diran zuzeneko hiru kontzertuok disko bat argitaratzeko asmoz grabauko dira. Sarrerak salgai dagoz daborduko antzokiko leihatiletan, BBK-ko orotarako kutxazainetan eta Interneten, 6 eurotik hasita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu