Vespaña: hile bi Espainian zehar Vespa batean (II)

Zigor Aldama 2006-10-27 02:00   Bidaide

Alkarrizketearen lehenengo partean, Ander Izagirre kazetari eta idazleak Espainiaren inguruan dagozan topikoak gogoratu ebazan eta Vespan egindako biajean herrialdea zelan ikusi eban azaldu euskun. Vespea, ibilgailu bat baino, bidaidea izan da Izagirrerentzat. Goazen ba, hur daukagun hori eta, aldi berean, ezezaguna dana aztertzera.

Alkarrizketearen lehenengo partean, Ander Izagirre kazetari eta idazleak Espainiaren inguruan dagozan topikoak gogoratu ebazan eta Vespan egindako biajean herrialdea zelan ikusi eban azaldu euskun. Vespea, ibilgailu bat baino, bidaidea izan da Izagirrerentzat. Goazen ba, hur daukagun hori eta, aldi berean, ezezaguna dana aztertzera.


- Espainia edota Espainia eta espainiak?

Egia esan, biaje honetan ez deutset jaramon lar egin mugei. Aurrera egin ahala, aldatzen joan diran lekuak baino ez dodaz ikusi. Transizino hori astiro-astiro ikusten dozu, Galiziatik Gaztelara berbarako, ez autonomia erkidegoaren kartela topetan dozunean. Ganera, eskualde bakotxean be, desbardintasun ugari dagoz. Beraz, Espainia ez da bat eta bakarra, ez da leku danetan bardin sentiduten eta, askotan, sentidu be ez da egiten.


- TVEko lehenengo katean baino ikusten ez diran herritxuak egon badagoz?

Ez horrenbeste, baina herritxu batzuetan eskuko telefono konpainia zehatz bategaz baino ezin zeinke telefonoz berba egin. Eta, horren harira, gauza barregarri bat pasau jatan. Herri txikitxu batean nengoan eta etxera gura neban deitu baina telefonoak ez eustan seinalerik emoten. Handik ebilen emakume bati itaundu neutsan ia eskuko telefonoz ezin bazan berbarik egin eta esan eustan konpainia bakarrak eukala koberturea. Ni ez nintzan konpainia horretakoa eta erantzun neutson: ‘Ba ezin izango dot etxera deitu’. Orduan, emakumeak arpegi arraroagaz begiratu eta erantzun eustan: ‘plazearen erdi-erdian daukazu telefono-kabinea!’. Oraindino existiduten dirala be ez neban gogoratzen. Zelan aldatzen dan gure mundua denpora gitxian...


- Eta Teruel, existiduten da Teruel?

Bai, existidu, existiduten da, baina biaje honetan ez naz handik pasau, lehenagotik ezagutzen nebalako. Maestrazgoa, berbarako, leku interesgarria da. Bata bestearen ganean eguzkia hartzen dagozan milaka lagunez betetako hondartzetatik 40 kilometrora herri interesgarri asko dagoz, bakearen eta naturearen benetako paradisuak. Leku horreetan igarten da landa eremuetan gero eta jente gitxiago bizi dala. Hainbat herri, ganera, erabat abandonauta dagoz. Penagarria.


- Baina ez da logikoa jenteak bizi baldintza hobeak topetea?

Bai, zelan ez. Bizi baldintza eskasak dagozan lekuetan ez da bizi behar ‘polito’ geratzen dalako. Baina leku horreetara ongizatea eroateko ahalegina egin behar da.


- Biajearen arlo praktikoak aztertuko doguz orain. Zer eroan zenduan motorrean?

Biajeetan, beharrezkoak ez diran gauzak etxean ixten ikasten dozu. Vespan, kaxa bat neukan eta barruan kanpin-dendea, lo-zakua, jatekoa preparetako su txiki bat eta erropa batzuk. Horrek autonomia itzela emoten eustan edonon lo egiteko eta jateko. Ez neban arduratu behar egunero erreserbak egiteaz. Kanpin-denda bategaz edozein bazterretan egin zeinke lo. Ez neukan ezer aurretiaz pentsauta, biajearen iraupena baino ez. Hori garrantzitsua zan niretzat.


- Baldintza horreetan, erropea garbitzea lako gauza sinpleak konplikau egiten dira, ezta?

Garbitegi asko dagoz, eskerrak. Behin, Galizian, erropak umelduta ekin behar izan neutson ibilbideari eta, bidean, eguzkiak urten eban. Orduan, geratu eta erropa danak jarri nebazan motor ganean, kantzontziloak, kaltzetinak... Bertan jan neban, ezerezaren erdian, eguzkiak nire erropak sikatzen ebazan bitartean. Klimearen menpean nengoan, ez aparatu teknologikoen menpean.


- Arazorik euki dozu euskalduna izateagaitik?

Ez, bat bera be ez. Beti dagoz ‘kontuz, mutil hau donostiarra da!’ lako broma tipikoak, baina lagun arteko olgetak baino ez dira. Hori bai, Euskal Herrian beharrean edota biziten egon izan dan edadeko jente asko ezagutu dot. Nigaz, euren sasoiko kontuak gogoratzen ebezan barriro eta gustura kontetan eustiezan esperientzia hareek. Ezin dogu ahaztu garai batean Espainia osotik etorri zala jentea Euskal Herrira beharrera eta behargin horreek edota euren seme-alabak hemen bizi dirala orain. Lotura horreei esker, jenteak asko lagundu deust.


- Ia egunero idatzi dozuz biaje kronikak vespana.blogspot.com blogean. Ganera, webguneak hainbat bisita izan ditu. Zelan izan zara kapaz blogean idazteko eskuko telefonoz ia berbarik be egin ezin zan lekuetan?

Blogaren kontua esperientzia oso polita izan da. Lan egiteko ardurea sortarazo deust eta biajean neure kuadernotxuan gogo biziz hartutako oharrak bertan garatu dodaz. Landu bako oharren eta azken erreportajearen arteko erdibideko lana egin dot blogean. Ganera, bide batez, lagunakaz, familiagaz eta irakurleakaz kontaktua izan dot. Ez neban arazo larregirik izan Internetera konektetako. Egia esan, edozein bazterretan sar daiteke Sarera.


- Orain, ohar horreek liburu itxurea hartuko dabe...

Hori da nire ideia. Uste dot formato horretan irakurteko beste istorio daukadazala, Espainiaren zeozelako espilua osotzeko. Orain, hainbat hilebetez Vespa baten ganean jesarrita egon ostean, ordenadorearen aurrean jesarriko naz laster jaiotea gustauko jatan semetxuari formea emoteko.


Bidaideren hurrengo testuan nazinoarteko kazetaritzea eta biaje kazetaritzea landuko doguz Ander Izagirre, Unai Aranzadi, Mikel Ayestaran kazetarien eskutik eta nik neuk be ekarpentxua egingo dot.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu