Mundua bere oinetan euki eban pintore bilbotarra, barriro gure artean

Julen Gabirtia 2006-10-23 02:00   Kulturea

Eduardo Zamacois (Bilbo, 1841 – Madril, 1871) nazinoarteko famea lortu eban lehenengo margolari bilbotarra izan zan, eta, halanda be, ez da bape ezaguna. Holako injustiziak izaten dira sarritan artearen munduan.

Eduardo Zamacois (Bilbo, 1841 — Madril, 1871) nazinoarteko famea lortu eban lehenengo margolari bilbotarra izan zan, eta, halanda be, ez da bape ezaguna. Holako injustiziak izaten dira sarritan artearen munduan: atzerrian ezaguna izanda, etxean ez dogu ezagutzen. Hain zuzen be, ‘Zamacois-Fortuny-Meissonier’ erakusketea Zamacoisi eskainitako lehenengo antologia da, eta Bilboko Arte Eder Museoan egongo da ikusgai, 2007ko urtarrilaren 28ra arte. Guztira, Zamacoisen 68 lan, Fortunyren 10 eta Meissonierren 8 dagoz erakusketa horretan.

Erakusketearen bitartez, XIX. mendearen amaierako Europako pinturak euki dauen margolaririk garrantzitsuenetako baten ibilbide artistikoa eta bizitza aztertu gura da. Beste alde batetik, Zamacoisen eta XIX. mendearen amaierako Europako pinturako bi artistarik nabarmenenen —Ernest Meissonier eta Mariano Fortuny— margoak parez pare jartean, bilbotarraren ibilbide artistikoa testuinguruan sartzen da, eta, modu horretan, bere balioa hobeto ulertzen da.

Gaur egun, Zamacoisen produkzinoaren zati handi bat Europa eta Estadu Batuetako museo eta bilduma partikularretan dago. Hori dala-ta, obra horreetako asko lehenenego biderrez ikusi ahal izango dira Euskal Herrian, eta, ondorioz, aukera aparta da gure ondare kulturalaren alderdi ezkutu bat ezagutzeko.

Eduardo Zamacoisek arte munduan emondako lehenengo pausoak Bilbon emon bazituan be, 1855ean Madrilera joan zan biziten, familiagaz. Hantxe amaitu zituan arte-ikasketak, eta 1860an Parisera joan zan, Europako zentro artistikorik garrantzitsuenera. Han, Ernest Meissonier margolari ezaguna hartu eban maisu, eta, Frantziako uriburuan egoala, bere sasoiko margolari, idazle eta intelektualik handienakaz egoteko aukerea euki eban. Bestetik, margolarien artean, Mariano Fortuny margolari kataluniarra izan zan bere lagunik handiena.

Adolphe Goupil arte-merkatari handi eta ospetsuaren bitartez, Zamacois Parisko arte merkatuan sartu zan eta bezero aberatsen laguntza jaso eban. Bezero horreen artean egozan, besteak beste, Matilde Bonaparte printzesa, William H. Vanderbilt magnate iparramerikarra edo Charles Dickens idazlea. Zamacoisek izen eta ospe komertzial aparta lortu eban. Gai historiko eta kostunbristea lantzen eben koadroak ziran, formatu txikikoak. Bertan, gai literario, historiko eta anekdotiko asko jorratzen ziran, arrakasta handiagaz. Zamacoisek Parisen izandako karrera arrakastatsuak 1870. urtean jo eban goia, Printze baten heziketa lanak Parisko Aretoko Urrezko Domina lortu ebanean eta, ondorioz, bilbotarra guztiz margolari ospetsua izatera heldu zanean. Halanda be, gerra franko-prusiarra hastean, Frantzia itxi eta Madrilera joan zan biziten. Hantxe hil zan handik hilabete gitxira, bularreko angina bategaz, 29 urte baino ez eukazanean.

Gaur egun, bere obraren katalogazino osoa egitea falta danean, uste da Zamacoisen corpus artistikoa ehun bat piezatakoa baino ez dala. Modu horretan, erakusketa honi esker, XIX. mendeko artistarik berezienetako baten ibilbidea sakon aztertzeko aukerea dago, lehenengoz. Izan be, Zamacoisek karrera laburra euki eban, baina sendoa eta bizi-bizia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu