Paperaren burrukea
2006-10-23 02:00Urriaren 7a Eusko Jaurlaritzearen sorrerearen urteurrena ospatu genduan. Baina egun horrek badauka beste kontu garrantzitsu bat Euskadiko historian. 1894ko urriaren 7an ‘La Lucha de Clases’ aldizkari sozialistaren lehenengo alea argitaratu zan. Gaurko artikuluan, Bizkaia eta Euskal Herriaren historiarako hain garrantzitsua izan dan prentsa tresna horren gaineko zehaztasunak jakingo doguz.
Urriaren 7a Eusko Jaurlaritzearen sorrerearen urteurrena ospatu genduan. Baina egun horrek badauka beste kontu garrantzitsu bat Euskadiko historian. 1894ko urriaren 7an ‘La Lucha de Clases’ aldizkari sozialistaren lehenengo alea argitaratu zan. Gaurko artikuluan, Bizkaia eta Euskal Herriaren historiarako hain garrantzitsua izan dan prentsa tresna horren gaineko zehaztasunak jakingo doguz.
1894an sortu zan ‘La Lucha de Clases’ aldizkaria eta 43 urteko iraupena izan eban. Sorrerea sozialismoak berak ezagututako garapenagaz lotu behar dogu. XIX. mendeko azkenengo urteetan, meategi eta ontziolen ‘gerizpean’ lantegiak ugaltzen doaz. Ordura arte ezagutzen ez zan langile barri bat sortzen eta zabaltzen doa: lantegi handietako edo fabriketako langilea. Ordutegiak, soldatak, zereginak… ordura arteko baserritarren eta Euskal Herrian ezagutzen diran beste langile batzuen baldintzakaz zerikusi gitxi daukie. Lan baldintza okerrak, eskubide ezak eta beste hainbat arazok munduko beste hainbat lekutan garatutako sozialismo edo marxismoa zabaltzea ekarri eban. Eta horixe bera pasau zan Bilbo inguruan. Berehala eta XIX. mendeko azken urteetarako, Bilboko ezkerraldean garapen itzela ezagutu eban sozialismoak eta, horregaz batera, Alderdi Sozialisteak.
Garapen horren ondorioa eta bultzatzailea ‘La Lucha de Clases’ astekaria izan zan. Alderdi eta talde sozialista guztiak batzen ebazan Federación Socialista Vascongada izeneko erakundeak zuzentzen eta gidatzen eban aldizkaria. Federazino horretako estatutuetan agertzen zan moduan, erakunde horretako Batzar Nagusiak aukeratu eta izentetan eban aldizkariraren zuzendaria. Lehenengoa Valentín Hernandez izan zan eta, ostean, hamabi zuzendari izan ebazan aldizkariak, besteak beste Tomás Meabe edota Julian Zugazagoitia bera. Azkena Eusebio Sanchez de Luna izan zan. Egia esan, zuzendari baino, gehiago ziran alderdi sozialistak berak jarritako ‘ikuskatzaileak’, eta euren bete beharra aldizkarian agertutako artikuluak alderdi sozialistearen pentsaereagaz bat etortea zan. Zuzendariagaz batera gidaritza lanak Erredakzino Batzordeak beteten ebazan eta Batzorde horretako kideak Federazino Sozialistearen Batzorde Ejekutiboko kide berberak ziran. Ikusten dogunez ba, alderdi sozialisteak guztiz kontrolauta eukan aldizkaria.
Astekaria aurrera atarateko, diru iturririk nagusiena Federazinoak berak emoten eban. Ez eukazan erosle asko, iragarkiak be gitxi ziran eta diru-emole partikularrak be ez egozan. Dirua alderdi sozialistatik etorren. Egoera horrek aldizkariraren bizitza guztian behin eta barriro zer esana emon eutsen agintari sozialistei, ez ebelako ulertzen horrenbeste diru emon beharra aldizkaria kalean mantentzeko.
1930eko hamarkadan, 3000-3100 ale ataraten ziran. Hori argitaratzea astekariaren salmentetatik ataraten zana baino karuagoa zan, beraz, argi egoan aldizkariak dirua galtzen ebala. Baina agintari sozialistak kejau egiten ziran, Bizkaian sozialistak askoz be gehiago izanda, baita alderdi sozialistako kide ziranak eta zaleak kontuan izanda, hain gitxi saltzea, batez be Bilbon. Beste aldean, La Arboledan, afiliauta egozan sozialista kopurua baino ale gehiago saltzen ziran.
Datu horreek aztertzerakoan, kontuan izan behar dogu, baita be, ‘La Lucha de Clases’ ez zala artikulu orokorrak argitaratzen ebazan astekaria. Bertako artikulu gehienak politikearen eta, batez be, sozialisten eretxi politikoen ganekoak ziran. Hori holan izanda, irakurleak beste egunkari bat behar eban albiste ‘arrunten’ barri izateko. Beraz, pentsau behar dogu ‘La Lucha de Clases’ astekariko harpidedunak beste egunkari baten beharra eukela. Egunkari hori, gehienetan, ‘El Liberal’ sozialistea zan.
Aldizkaria jente artean zabaltzeko, alderdi sozialisteak berak eukan egiturea aprobetxetan zan, hau da, harpidedunak ezagututa, herri bakotxeko soizialisten bati bialtzen jakozan aleak eta hori arduratzen zan ale horrek banatzeaz. Lana egiteagaitik, 3 zentimo ataratzen ebazan ‘saltzaile’ edo bitartekariak ale bakotxeko. Batzutan, lana herri bateko afiliatuak egiten eban. Orduan etekina herri horretako alderdi sozialistearentzako geratzen zan.
La ‘Lucha de Clases’ Bizkaian eta Gipuzkoan zabaltzen zan batez be. Gipuzkoan, Bizkaian baino hiru bider gitxiago saltzen zan. Araban, Gasteizen baino ez zan saltzen ia eta Nafarroan be ez egoan harpidedun askorik.
La Lucha de Clases’ astekariak XX. mendeko lehenengo hamarkadak iraun ebazan. Gero, 1936ko gerrea hasita egoala, 1937ko martiaren 8an egunkari bihurtu eben, Bilbon, urte bereko bagilera arte, hau da, Bilbo frankisten esku geratu arte.
Hori ba, Bizkaiako eta Euskal Herriko astekari sozialistearen ibilbidea modu laburrean kontauta.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!