Vespaña: hile bi Espainian zehar 'Vespa' batean (I)

Zigor Aldama 2006-10-11 02:00   Bidaide

Ander Izagirre kazetariak edozein bazterretan topetan dau istorio interesgarriren bat. Behatzaile zorrotza da eta sortzeko ahalmena dauka, planetako bazter ostenduenetan zein Espainiako barrualdeko herritxu txikitxuetan egon arren. Azken horreek 'Vespa' motor batean bisitau ditu 'Vespaña' izeneko proiektuagaz.

Ander Izagirre kazetariak edozein bazterretan topetan dau istorio interesgarriren bat. Behatzaile zorrotza da eta sortzeko ahalmena dauka. Planetako bazter ostenduenetan zein Espainiako barrualdeko herritxu txikitxuetan egon arren. Izagirrek danetarako balio dau eta edozein egoeratara modatzen daki. Argitaratu dituan liburuetan ikusten da hori eta, bat nabarmentzekotan, plazaratu dauen azkena aitatuko dogu, ‘Los sótanos del mundo’ (Elea, 2005). Pangea izeneko espedizinoan munduan zehar egindako birearen barri emoten dau, beste bidaiari batzukaz planetako puntu bajuenak topetan eginiko biajea. Ander Izagirrek bidaia horren ganean berba egiten deuskunean konturatzen gara berak egiten dauen kazetaritzearen esentziaz: ‘gurago dot planetako punturik bajuenetako depresinoak bisitau punturik altuenetakoak baino, bertan jentea bizi dalako eta zortzimilakoetan, ez’.

Izagirre kamaleoia da. Igaz, Frantziako Tourraren ganean idatzitako ‘Plomo en los bolsillos’ (Pearson, 2005) liburuagaz Kirol Liburuaren Marca Saria irabazi eta bat baino gehiago ahozabalik itxi eban. Halanda be, biajeen literaturea dauka gogokoen. Horren erakusle dira ‘Palestina, ombligo del mundo’ (Sauré, 2000) eta ‘El testamento del chacal’ (Laertes, 2003) liburuak.

Gure protagonisteak kazetari legez aurkezten dau beraren burua, ez idazle legez. Duda barik, kontakizunak beti dira benetakoak baina ondo landutako estiloa egunerokotasunak agindutako prisazko ohiko kazetaritzatik urruntzen da. Izagirrek zehaztasunak kontetako astia dauka eta, askotan, irudi bat baino gehiago balio daben berba atseginak irakurteko aukerea emongo deusku. Autortzen dauen legez, ‘argazkia eta berbea osogarriak dira alkarren artean eta biak erabili ahal badira, lana aberatsagoa izango da’. Azken batean, Ander Izagirre literatura kazetaria da. 'Vespaña' izeneko azken proiektuan erakutsi dau hori. Hau da, Espainian zehar Vespa motor batean ibili da. Hile biko bidaian bizitakoak blog batean batu ditu (www.vespana.blogspot.com). Umore garratzez kontautako biaje kronikak gustetan bajatzuez, jo bertara.


- Galdera hau derrigorrean egin behar da. Zelan otu jatzun 'Vespaña' proiektua?

Bidaia honen historia orain dala urte piloa sortu zan. Orduan, egiteko gogoa neukan baina azken erabagia Pangea espedizinoa amaitu ostean hartu neban. Bost kontinenteetan zehar biajea egin ostean pentsau neban alboan geunkan hori ezagutzeko astia heldu zala ze, askotan, ezezaguna da guretzat. 'Vespaña' izenburua otu jatan eta, oinarri horregaz, vespa motor batean Espainiari bueltea emotea zan zuzenena. Ibilgailu sinplea da, ia barregarria, baina era berean ibilbide luzeak egiteko aukerea emoten dauena.


- Egon zaran lekuak ez bazenduzan ezagutzen, sorpresa bat baino gehiago hartuko zenduzan...

Bai. Asko. Topikoa emon arren, etxetik berrogeita hamar kilometrora inork bisitetan ez dituan leku zoragarriak daukaguz. Nik izenak baino ez nebazan ezagutzen. Niretzat, berbarako, Los Ancares izan zan biajeko lehenengo sorpresea. Leon eta Lugo probintzien arteko inguru menditsua da eta orain dala hamabost urte ez euken ez argirik ezta telefonorik. Biztanleak harriz eta lastozko teilatuz egindako etxolatan bizi dira, orain dala hiru mila urte zeltiarrak bizi ziran legez. Orain, ingurua asko aldatu da baina posible da orain dala hamar urtera arte etxola batean bizi izan dan nonor topetea. Agure bat ezagutu neban eta bera bizi izandako etxolea zutunik egoan oraindino. Edurtea egoanean, hile birako inkomunikauta geratzen zirala kontau eustan. Orain dala hiru mila urte bizi eta Fragagaz bardin antzean bizi ziran eta hori sinistezina da. Bizimodu primitiboaren azken zipristinak dira eta hemendik hur dagoz.


- Nirera joko dogu orain. Datorren urtean, ‘Espainiaren urtea Txinan’ ospatuko da. Egiozu txinatar bati herrialdearen definizinoa.

(Barreak). Topikoa da ia kontinente bat dala esatea baina, daukan tamainua kontuan hartuta, Espainian danetarik topau daiteke: jente desbardina, klimak, paisajeak, kulturak eta baita hizkuntza ugari be. Kostaldean, urte osoan turistaz beteta dagozan herriak topau daitekez; halanda be, urte osoan edurrez tapautako mendilerroak be badagoz, baita basamortuak eta basoak be. Hori guztia mila kilometroko erradio txiki batean.


- Eta flamenkoa, zezenak eta paellea?

Kanpoan irudi hori saldu izan da beti eta, errelidadearen parte bat izan arren, herrialdeak horreek baino aberastasun gehiago daukaz ostenduta. Ezin dogu esan horreek ez dirala existiduten. Gehiago esango deutsut: biajean, El Rocio peregrinazinoaren parafernalia ezagutu neban. Baina hori ez da dana.

Alkarrizketa honen bigarren partean, Anderrek Espainiaz daukan ikuspuntua kontetan segiduko dau. Biajean izandako gorabeheren ganean egingo deusku berba eta egungo kazetaritzea aztertuko dau.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu