Gernikako zugatzaren azpian
2006-10-09 02:00Urriaren zazpian ospatu da lehenengo Eusko Jaurlaritzea sortu zaneko hirurogeta hamargarren urteurrena. Hori dala eta, egun horretan jazotakoen barri emoten ahaleginduko gara hurrengo lerroetan.
Urriaren zazpian ospatu da lehenengo Eusko Jaurlaritzea sortu zaneko hirurogeta hamargarren urteurrena. Hori dala eta, egun horretan jazotakoen barri emoten ahaleginduko gara hurrengo lerroetan.
Dakigunez, 1936ko garagarrilaren 17an Frankotarrak Espainiar Errepublikaren aurka altzau eta Gerrea hasi zan. Ordurako euskal abertzaleak eta Espainiako Gobernuan nagusi ziran Frente Popularreko alderdi politiko ezkertiarrak, Hego Euskal Herrirako autonomia estatutua eztabaidatzen ebizan. Batez be, alde batetik zein bestetik protagonista nagusiak José Antonio Agirre, gero lehendakaria izango zana eta Indalecio Prieto sozialistea izan ziran. Estatutuaren proiektuan nahiko adostasun handia egoan eta Gerrea hasi ostean, urriaren 1ean, desadostasuna sortzen eben gai ekonomikoak alde batera itxi, akordioa sinau eta Madrilen Estatutua onartu zan.
Estatutu honetan Hego Euskal Herriak Gobernu autonomikoa izango ebala ezartzen zan. Hurrengo egunetan, Gobernu hori osotu eta gobernu horren burua, hau da, lehendakaria, aukeratu behar ziran. Ezinbestekoa zanez, aukeraketea hauteskunde bidez egiteko asmoa euken agintari politikoek baina, egoerea nahiko berezia zala eta (pentsau daigun Gerrea hasita egoala), herriko ordezkarien bitarteko aukeraketea egitea erabagi eben eta urriaren zazpia izan zan ospakizuna egiteko aurreikusitako eguna.
Urriaren zazpian, goizetik altzau behar izan eban José Antonio Agirrek. Eguna nahiko triste egoan, hodeiak han hemen eta edozein momentuan euria egingo ebala emoten eban. Preparau eta egin eban lehenengo lana Begoñako Baseleizara joatea izan zan, bere alderdi politikoaren, EAJ, zein Agirre beraren nahia zan eta. Bertan, EAJaganako fideltasuna adostu eban Agirrek. Handik urten eta Euskal Ejerzitoko gudarien buru ziranek biltegietan hirurehun mila kartutxo baino ez zirala geratzen jakinarazo eutsen agintari abertzaleari. Beraz, Frankotarren ejerzitoak aurrerakada serioa egin ezkero, nekez eutsiko eutsien euskaldunek hain kartutxo gitxi izanda. Barri honen jakinean, Gernikarako bidea hartzeko ordua heldu zan.
Gernikan, frankotarren esku ez egozan herrietako alkate eta zinegotzi guztiak egozan batuta. Hautagai bi aurkeztu ziran lendakaritzarako: bata José Antonio Agirre eta bestea Ramón Madariaga. Bozketea Juntetxe barruan egin zan. Horretarako lau mahai preparau ziran eta bakotxeko buru Bizkaiko Diputadu Nagusi Rufino Laiseka; Bilboko alkate Fermin Zarza; Gipuzkoako Gobernadore Zibil Antonio Ortega eta, azkenik, Bizkaiko Gobernadore Zibil José Etxebarria Novoa. Azken horrek zuzentzen eban prozesua. Udalerri bakotxeko alkate edo zinegotziek emondako botoek udalerri horretan botoa emoteko eskubidea euken hautesleen botoen beste balio aukeraketearen emoitzak honakoak izan ziran: 291.471 boto José Antonio Agirreren alde eta 100 Ramón Madariagaren aldekoak.
Behin botoen zenbaketea egin eta gero, Etxebarria Novoak zenbaketearen barri emon eta Agirre lehendakari izentau eban. Gero, Agirrek bere gobernu kideak aurkeztu ebazan. Bertan, Frankotarren kontra agertutako alderdi politiko guztietako ordezkariak egozan baina anarkistarik ez. Alderdi politiko bakotxak, bere indarren neurrian, ordezkari gitxiago edo gehiago eukazan. Honexek izan ziran lehenengo Jaurlaritzako kideak:
- José Antonio Agirre Lekube (EAJ): Lehendakaria eta Defentsa Sailburua.
- Jesús María Leizaola Sánchez (EAJ): Justizia eta Kultura Sailburua.
- Telesforo Monzón Ortiz de Urruela (EAJ): Gobernazino Sailburua.
- Eliodoro de la Torre Larrinaga (EAJ): Ogasun Sailburua.
- Juan de los Toyos González (PSOE): Lan, Aurreikuspen eta Komunikazino Sailburua.
- Juan Gracia Colás (PSOE): Gizarte Ekintzako Sailburua.
- Santiago Aznar Saratxaga (PSOE): Industria Sailburua.
- Alfredo Espinosa Orive (UR): Osasun Sailburua.
- Ramón Mª Aldasoro Galarza (IR): Merkataritza eta Hornidura Sailburua.
Gonzalo Nardiz Bengoetxea (ANV) Nekazaritza Sailburua.
Juan Astigarribia Andonegi (PCE) Lan Publikoetako Sailburua.
Batzar Etxeko kontuak amaituta, bertan egozan guztiak kanpora urten eben eta, arbolapean jarrita, Agirre aurrean eta gobernu kide barriak (Telesforo Monzón ezik) atzean, José Antonio Agirrek bere kargua izenpetu eban. Honeek izan ziran beraren lehenego berbak: ‘Jaungoikoaren aurrean apalik, Eusko lur gainean zutunik, Asabearen gomutaz, Gernikako zuhaitzpian, nere agindua ondo betetzea, Zin dagit’ .
Gero, Batzar Etxearen inguruan egozan gudariak bisitetan joan zan lehendakari barria. Gudariak lehendakariaren aurretik pasau ziranean, Euskal Herriaren askatasunaren aldeko oihuak entzun ziran. Sei egun lehenago Madrilen adostutako estatutuaren kontra be agertu ziran beste asko. Holan, estatutuaren aurrean abertzaleen artean egozan ikuspegi desbardinak agirian geratu ziran.
Baina oraindino beste bitxikeri baten barri be izan eban Agirrek eguna amaitu baino lehenago. Gernikako ospakizunak amaituta, gudarientzako armak erostera atzerrira joandako Telesforo Monzón heldu zan. Armak baeukazala esan eutson Agirreri baina, danon harridurarako, arma horreek Hamburgotik etozan. Agirrek ez ebala aituten esan eutson Telesforori, Frankogaz batera egozan alemanek Frankon kontra egozan euskaldunei armak saltzea, eta ‘mundua’ erdi zoratuta egoala pentsau eban.
Hurrengo hilebete zein urteetan jazotakoek erakutsiko eutsen Agirreri zein punturaino egoan hankaz gora 'mundua'.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!