Artxandako Funikularraren 91. urtemugea ospatzeko lasterketea egingo da bertako 1.451 eskilaretan gora
2006-10-04 02:00Datorren zapatuan, urriak 7, 91 urte beteko ditu Bilboko Artxandako Funikularrak, eta hori ospatzeko, Bilboko Udalak ibilbide bitxiko atletismo lasterketa bat antolatu dau: Funikularraren beheko eta goiko plazak lotzen dabezan ia 1.500 eskilarak igotea.
Datorren zapatuan, urriak 7, 91 urte beteko ditu Bilboko Artxandako Funikularrak, eta hori ospatzeko, Bilboko Udalak ibilbide bitxiko atletismo lasterketa bat antolatu dau: Funikularraren beheko eta goiko plazak lotzen dabezan ia 1.500 eskilarak igotea. Ibilbideak trenbidearen 771 metro egiten ditu, gehi 167 metro hasierako eta amaierako sarbideetatik; gitxieneko maldak % 25ekoak dira, eta handienak, amaierako zatian, % 45ekoak.
Bilboko Udaleko iturrien arabera, zati gehienetan korrikolariak trenbideen alboetatik joango dira, eta lasterketearen azken aldean, barriz, eskilaretatik bertatik igoko dira. Trenbideen tartean 1.380 eskilara-maila igoko dira, hasierako tartean 30 maila, eta amaieran beste 41; danetara, beraz, 1.451 eskilara-maila. Kategoria guztietarako, igoereak 25 minutu iraungo dau, eta 11:15ean ez da bidaiarik egingo.
Abiapuntua Funikular Plazako (Castaños) beheko geltokiaren hallerako sarrerea izango da, eta helmugea, barriz, goiko geltokia dagoan plazea, Artxandan. Lasterketea goizeko 11:05ean hasiko da, 11:00etako zerbitzua amaitu eta segiduan; 11:15eko zerbitzurik ez da egongo, eta Funikularra barriro hasiko da martxan 11:30etan, froga amaitzean. Igoerea ikusteko lekurik onenak ibilbidean dagozan zubiak izango dira: Lezamako Trenbide Zaharrekoa zein Artxandako Errepidekoa.
Atletek igoerea egiteko beharko daben denporea sei minutu inguruan kalkulau da. Funikularrak hiru minutu behar izaten ditu, bost metro segunduko abiadureagaz.
Urtengo daben lehenengoak beteranoak izango dira; lau minutu geroago emakumeen txandea izango da, eta handik lau minutura senior gizonezkoena.
Ingurua oso estua danez, ibilbidearen lehenengo zatian (tunelean) ezin izango da korrikolaririk aurreratu. Ibilbidea Funikularraren trenbideetako eskumako aldetik hasiko da, ez eskilaretatik. Tuneletik urten ostean, funikularraren kablearen eta eskilaren artetik joan beharko da derrigorrez, eta bagoiak gurutzatzen diran ingurua baino lehenago (igoerearen erdialdea) eskumatik igon beharko da, eskilarak dagozan lekutik. Zati hori gainditu ostean, ezkerretara jo behar da, eta bide bakarra egongo da.
Une horretatik aurrera, igoerea beti egingo da eskilaretatik, eta erdiko gunea, ibilbideko maldarik handienekoa (% 45), korrikolariak aurreratzeko baino ez da erabiliko. Eskilarak amaitzean, alboko urteerea hartuko da (ezker aldean jarritako gezi batek adierazoko dau nondik joan) eta korrikolariak goiko geltokiaren plazara helduko dira.
Sariei jagokenez, kategoria bakotzeko lehenengo bi sailkatuek garaikurra jasoko dabe, eta denpora absolutu txikiena egiten dauenak sari berezia izango dau. Bizkaiko Atletismo Federazinoko epaileak arduratuko dira proba zaintzeaz.
Babes Zibileko kideek ingurua kontrolauko dabe, eta ibilbidearen erdialdean (Lezamako Trenbide Zaharra) eta helmugan kokatuko dira. Antolakuntzeak erantzukizun zibileko asegurua jarriko dau probarako.Lasterketeak hiru kategoria izango ditu: gizonezko seniorrak, emakumezko seniorrak eta beteranoak. Korrikolariek berariazko konbidapen bidez hartu ahal izango dabe parte, eta, gehienez be, kategoria bakotxean sei korrikolari joango dira, izan be, ibilbidea estua da, eta, ondorioz, ezin da parte-hartzaile gehiegi egon.
Gizonezkoen senior kategoriako lehenengo bostak Bizkaiko eta Euskadiko Kross txapeldunak izango dira, eta emakumezkoen senior kategoriako lehenengoa Europako txapelduna Mendiko Lasterketetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!