Bilboko Udal Txistulari Bandeak III. kontzertu denporaldia aurkeztu dau

Bizkaie! 2006-10-03 02:00   Musikea

Bihar, urriak 4, hasi eta martira arte 12 emonaldi eskainiko dituan kontzertu ziklo honek bi bereizgarri ditu: batetik, artista gonbidatuen presentzia, eta bestetik, txistu-musikarik tradizionalena eta beste genero eta estiloakaz buztartzeko jokerea.

Bilboko Udal Txistulari Bandeak, Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean, Euskalduna Jauregiko dobako III. kontzertu denporaldia hasiko dau bihar, urriak 4. Martira arte 12 emonaldi eskainiko dituan kontzertu ziklo honek bi bereizgarri ditu: batetik, artista gonbidatuen presentzia, eta bestetik, txistu-musikarik tradizionalena eta beste genero eta estiloakaz buztartzeko jokerea.

Kontzertu honeek bataiatzeko erabilitako ‘Asteazkenetan, txistua benetan’ izenburuak eguazteneko emonaldiak iragarri arren, ekitaldiak beste astegun batzuetan be izango dira. Gainera, barrikuntza legez, musikariak ez eze, aurten bertsolariak eta dantzariak be izango dira artista konbidauen artean.

Jose Inazio Ansorena, Donostiako Goi-Kontserbatorioko txistu katedradun eta Donostiako Udal Txistulari Bandako zuzendaria izango da presentziarik nabarmenenetakoa. Ansorenak zemendiaren 6an parte hartuko dau ziklo honetan Joserra Senperena piano-joleak lagunduta, hongaz grabatu eban eta 2004ko Musika Hamabostaldiaren barruan Chillida-Lekun eskainitako kontzertuko diskoa. Bilboko emonaldian, Andoni Egaña bertsolariak eta Ion Maia dantzariak be parte hartuko dabe.

Gainerako konbidauak askotarikoak dira. Juan Vegak zuzentzen dauen Yoku txistulari bandeak, esaterako, Luis Urteaga eta Hilario Olazaran musikagile ezagunek txisturako idatzi eben gerra aurreko doinuak eskainiko ditu urriaren 16an. Zemendiaren 22an, Aiko dantza-taldearen txandea izango da, ‘Maisuak’ izenburuko ikuskizunagaz. Zemendiaren 29an, Bilboko txistulariek Alos Quartet hari-laukoteagaz batera jardungo dabe, alkarregaz grabau daben ‘Harizko txistua’ diskoa aurkezten. Abenduaren 19rako, Gabonetako kontzertua programau da, Udal Musika Eskolako Koruaren eta txistu-ikasleen partaidetzaz. Urte barria ospatzeko, Santurtziko Udal Txistulari Bandearen emonaldia izango da urtarrilaren 10ean. Zezeilaren 7an, konbidaua Izeia taldea izango da, euskal musika-tresna tradizionalak, teklatuak, biolina, perkusinoa eta bi dantzari batzen dituan seikotea.

Programau diran gainerako ekitaldi guztiak Udal Txistulari Bandearen esku geratuko dira. Horretarako, ohiko doinu tradizionalak eta erakustaldi barritzaileagoak tartekatuko ditu. Holan egingo dau martiaren 7rako aurrikusitako ganbera-kontzertuan. Euskal musika tresnarik ezagunena eta instrumentu edo musikagile klasikoen arteko nahasketa hau, hari-laukoteak eta ganbera-musikea tarteko, igazko denporaldian udal txistulari bandearen ekitaldi-zikloak abiatu eban barrikuntzarik arrakastatsuena izan zan.

Publikoak Bilboko Txistulari Bandearen dobako kontzertuei eskaini deutsen harrera ezin hobea ikusita, jesarleku-kopurua handitu behar izan dabe, igazko 150 aulkietatik 270era pasatuz. Gainera, Gabonetako kontzertuaren eta Alos Quartet hari-laukoteagaz grabauriko Harizko txistua’ diskoaren aurkezpenaren kasuan, bi emonaldiak Euskalduna Jauregiko Antzoki Aretora aldatzea erabagi da, 600 persona baino gehiagorentzako lekua dauka eta.

Bilboko Udal Banda barrituak aldi barria hasi eban lehengo denporaldian, ohiko jarduerez gain (jaiak, kalejirak, protokolo ekitaldiak, etab.), emonaldi programa zabala egin dabe eta: birak egin dabez Euskadi barruan nahiz kanpoan, kontzertu didaktikoak emon dabez eta musika estilo eta genero barrietara zabaldu dira. Tanbolin-jotzaileen talde profesional bakarrenetako bat da, gainera.

Une honetan, Bilboko Txistularien Udal Bandea lau musikari gaztek osotzen dabe. Talentu handiko gazteak dira, trebakuntza akademiko sendoa dabe eta lanbide esperientzia luzea, bai interpretazino arloan, bai irakaskuntzan.

Garikoitz Mendizabal (1. txistularia) Bandako zuzendaria da 2004ko urtarriletik, eta Euskadiko Txistularien Elkarteko lehendakaria be bada. Idoia Kareaga (2. txistularia) txistu irakaslea izan da hainbat musika eskolatan, eta nabarmendu egin da ‘Hala Dzipo’ musika tradizionaleko Barakaldoko eskolako koordinatzaile moduan. Gorka Zabaleta (silbote-jotzailea) Azkoitiko Txistularien Udal Bandako kide izan da, eta Sahatsa, Itsasi eta Itxaropena dantza taldeetakoa be bai, 2004ko urtarrilean Bilboko Txistularien Udal Bandan sartu baino lehen. Azkenik, Asier Garcia (atabalaria) ‘Perkustra’ perkusino taldeko kidea da, eta taldeagaz hainbat jaialditan hartu dau parte, baita nazinoartekoetan be. Garcia Areatzakoa da eta 1999an hasi zan Bilboko Txistularien Udal Bandan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu