Bilboko Udal Musika Bandeak urriaren 1ean ekingo deutso III. kontzertu denporaldiari

Bizkaie! 2006-09-26 02:00   Musikea

Abendura arte programau diran sei emonaldiei esker, Bandea estilo askotako zuzendari eta bakarlari gonbidatuakaz batera ikusteko aukerea izango da.

Abendura arte programau diran sei emonaldiei esker, Bandea estilo askotako zuzendari eta bakarlari gonbidatuakaz batera ikusteko aukerea izango da, besteak beste, iparramerikar armadako banda-zuzendaria, 35. urteurrena ospatuko dauen Oskorri taldea, Abesbatza Alkarteko zuzendari Gorka Sierra, Sestaoko Orfeoia, Garikoitz Mendizabal txistularia edota BilbaoMusikak antolatzen dauen musika-zuzendaritza ikastaroko ikasleakaz.

Urriaren 1ean, Udal Bandako musikariek aparteko batuta baten esanetara jardungo dabe. Egun honetako zuzendari gonbidatua Thomas Rotondi koronela izango da, United States Army Band izeneko Estadu Batuetako armadako musika-talde nagusiaren arduraduna. Banda hau ‘Pershing’s Own’ izenagaz be ezagutzen da sortzailearen oroimenez, bera izan zan eta taldea abian jarri ebana, I. Mundu Gerran entzun ebazan europar bandak oinarritzat hartuta. Bandearen egoitza Fort Myer-en dago, Pentagonotik eta Arlington-go Hilerri Nazionaletik oso hur.

Mundu osoko eszenatokietan eskaini dituan kontzertu ugariez gan, United States Army Band ospetsuak jazoera historiko desbardinetan parte hartu izan dau 83 urteko historia luzean, II. Mundu Gerrako guda-lekuetatik hasi eta John Fitzgerald Kennedy presidentearen hiletaraino, bai eta Estadu Batuen Teherango enbaxadan bahitutako personen itzuleran edota Los Angeleseko olinpiadako ekitaldietan, besteak beste. Francis Ford Coppola-ren ‘Harrizko lorategiak’ filmean be ibili ziran bandako kideak, martxa militarrak joten.

Thomas Rotondi bandak bere historia luzean izan dauen zortzigarren zuzendaria da. Tronpeta-jole legez sartu zan taldean 1977an, eta ordutik 30 urte egin ditu iparramerikar armadako erakunde desbardinetako musika-taldeak zuzenduz, baita West Point-eko akademia ospetsua be.

Udal Musika Bandea zuzentzeko, jaiotzez txiletarra dan Manuel Manny Bobenrieth United States Army Band-eko akordeoi-jole bakarlariaren laguntasuna izango dau. Bobenrieth-ek testuinguru desbardinetan eskaini izan dau bere musikea, militarren bandatik bertatik hasi (Ronald Reagan, George Bush aita eta Bill Clinton presidenteen aurrean, eta Etxe Zurira gonbidatutako Margaret Thatcher eta Mihail Gorbatxov lako agintariak, Ingalaterrako Karlos eta Diana printze-printzesak, Boris Ieltsin, Japoniako Enperadorea edota Nelson Mandelaren aurrean) eta jazz eta Broadway-ko musikaletaraino, telebistarako soinu-bandak ahaztu barik. Kontzertuko errepertorioari jagokonez, askotariko doinuak eskainiko dabez: Verdi, Wagner, armeniar dantzak, musika latinoa...

Oskorri taldearen urteurrena

Udal Bandearen kontzertu denporaldiko jazoerarik garrantzitsuenetakoa, Oskorrigaz batera (abenduaren 15, 16 eta 17an) eskainiko dituan hiru kontzertuak izango dira, taldeak aurten ospatu behar dauen 35. urteurrenagaz bat eginez. Euskal musika talderik ezagun eta beteranoena osotzen daben musikariakaz batera, Bandak Rafael Sanz-Espert zuzendari titularraren batutapean jardungo dau.

Urtea Oskorriren omenaldiagaz amaituko da, baina aurretik, Udal Bandeak Bilboko Txistulari Bandako zuzendari Garikoitz Mendizabal konbidauko dau urriaren 8an eskainiko dauen emonaldirako. Ondoren, zemendiaren 5ean, Gorka Sierra, Bilboko Abesbatza Alkarteko zuzendaria izango da konbidaua. Zemendiaren 12an, barriro Sanz-Espert-en zuzendaritzapean, domekako kontzertua bi zatiz osotuta eskainiko dabe: lehen zatian, Juan Jesus Silguero Udal Bandako flauta-jolea eta Iñaki Gurruchaga harpa-jolea izango dira artista konbidauak; eta bigarren zatian, lehen mendeurrena ospatzen ari dan Sestaoko Orfeoiak parte hartuko dau. Azkenik, abenduaren 3an, BilbaoMusikak antolaturiko III. Zuzendaritza-Ikastaroko ikasle aukeratuei egokituko jake Udal Bandea zuzentzea.

Udal Musika Bandea Bilboko musika-erakunderik errotuenetakoa da. 110 urte beteteko zorian da eta 52 musikarik osotzen dabe.

Udal Musika Bandea, Bilboko Udaleko Kultura eta Euskara Sailaren BilbaoMusika erakunde autonomoaren menpean dago gaur egun. BilbaoMusika Musika Eskolea, Txistulari Bandea, Ikasfolk eta musika-kulturearen sustapen eta zabalkundeagaz eta udalerri mailako adierazpide desbardinakaz lotuta dagozan bestelako ekitaldiak kudeatzeaz arduratzen da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu