Deustuko Unibersidadeak hasiera ofiziala emon deutso 2006-2007 ikasturteari

Bizkaie! 2006-09-25 02:00

Deustuko Unibersidadeak gaur, irailak 25, zabaldu dau 2006-2007 ikasturtea, Donostiako campusean. Ekitaldia goizeko 10:00etan hasi da Donostiako gotzain Juan María Uriarte buru izan dauen mezeagaz.

Deustuko Unibersidadeak gaur, irailak 25, zabaldu dau 2006-2007 ikasturtea, Donostiako campusean. Ekitaldia goizeko 10:00etan hasi da Donostiako gotzain Juan María Uriarte buru izan dauen mezeagaz. Ondoren, zeremonia akademikoari ekin jako eta horren barruan, Ana Toledo Lezeta Giza Zientzien Fakultadeko irakasleak ‘Euskararen iraupena atzo eta gaur' izenburuko inaugurazino-berbaldia emon dau.

Idazkari Nagusiak zabaldu dau ekitaldia 2005-2006 ikasturteko txostena irakurriz; gero, omenaldia egin jake joan dan ikasturtean Unibersidadeko zerbitzu urteak amaitu dabezan irakasle eta lankideei.

Unesco Etxearen txostenak iragarri dau XXI. mendea amaitzerako munduko ondare linguistikoaren % 90 galduko dala. Izan be, XX. mendeko azken laurenean galerearen erritmoa oso azkarra izan da: 1970-1985 urteen artean munduan berba egiten ziran hizkuntzen % 40 galdu ziran.

Lehia horretatik bizirik urten dau euskereak. Ana Toledoren esanetan, euskerearen ahozko erabilerea eta jarduera-eremuak izan dira iraupenaren zutabeak. Euskal letrek be izan dabe eraginik, neurri apalagoan bada be. Toledo irakaslearen eretxiz, gizartearen aldaketen erritmora egokitu ez diran hizkuntzak galdu dira; euskerea, barriz, gai izan da mendebaldeko Europan sortutako aldaketa soziologikoak bere egiteko eta, ondorioz, bizirik dirau XXI. mendeko euskal hiztunen erkidegoan. Euskerea gizarte moderno bati jagokozan eremuetara heldua da, sendoago edo ahulago, eta belaunaldien arteko transmisinoa eteten ez bada, euskereak gaur dauen prestigioa galtzen ez badau eta jarduera-eremu guztietan erabilten bada, bizirik iraun beharko leuke. Hizkuntzearen egoera soziolinguistiko ahulak, ostera, iraupen hori baldintzatzen dau erro-errotik.

Egoera ahula hiztun-kopuru urriagaitik, gehienak elebidunak eta bi hizkuntz komunidade indartsugaz lehian barruti komunikatibo gehienetan. Belaunaldien arteko transferentzia ahozko transmisinoan oinarritzen zan eta hizkuntza eginkizun ugaritarako tresna legez behar ez zan gizarte batean iraun dau euskereak luzaroan. Geroago, industri iraultzeak ekarritako aldaketetara egokitzeko gai izan.

‘Mendebaldeko gizarteak sekulako aldaketea izan dau: berrikuntzearen, informazinoaren, ezagutzearen eta globalizazinoaren gizartea heldu da tupustean eta erabat zaharkituta itxi ditu industri gizartearen metodo, prozedura eta edukiak’, esan dau Ana Toledok. Haren esanetan, gizarte eredu barrian, garapen jasangarria kontrajarri jako industri-iraultzeak ekarritako garapen jasanezinari, eta gaur ezagutzearen eta informazioaren gizartean gagoz bete-betean. Bihar, ezin jakin. Baina gizadiaren ondare linguistikoaren % 90en galera iragarri dan honetan, Toledo irakasleak burutazino hau dakarsku: gaur egun herri globaleko bizilagunek ingurumena jagon eta babesteko daben sentiberatasunak ba ete dauka lekurik Babelgo Torrearen osteko hizkuntz gatazketan?

Inaugurazio-berbaldiaren ondoren, Jaime Oraá Deustuko Unibersidadeko erretoreak hartu dau hitza. Lehenengo gogoratu dau orain 120 urte, gaurko egunez, emon zala Bilboko campuseko geletan lehen eskolea eta aurten Donostiako campusak be 50 urte beteten dituala eta ha izan zala Donostiako eta Gipuzkoako lurralde historikoko lehenengo ikastetxe unibersitarioa, Oñatiko Unibersidadearen ostean.

Erretoreak aitatu dau gaur hasten dan ikasturte honetan egingo dala 2004-2007 plan estrategikoa eta barriro ekingo jakola gogoetari gure herriak prestakuntzan, ikerketan eta ezagutzaren transferentzian zein premina dituan aztertzeko. Hausnarketa horretan oinarrituko da 2007-2010 plan estrategikoa, Deustu 2010. urtera eroango dauena, hau da, Batzorde Europarraren aurreikuspenen arabera titulazino guztiak Boloniako prozesura egokitzeko epemugara.

Jaime Oraá euskal unibersidade sistemearen lege barriaz adierazo dau Europako erakundeek ezarritako helburuetako asko jasoten dituala, baina bizkorrago ibili beharko dogula legea apliketan, batez be, unibersidade plana eta zientzia eta teknologia plan barria egiten, eta unibersidadeak Europako estandarren arabera ebaluau eta egiaztetako euskal agentzia lanean jarten. Bestalde, uste dau euskal programek Europako ikerketa programetan parte hartu dagien bultzatu behar dogula, baita ikertzaileak preparetako eta erakarteko programak landu be, gure sistemara goi mailako ikertzaileak ekarteko.

Errektorearen eretxiz, sistema integratu honetan, unibersidade publiko eta pribatuen arteko erregimen juridikoko desbardintasunak ez dira alkar ulertzeko traba eta era batzuetako eskaintzak egotea, gainera, gure herriarentzako aberasgarritzat hartu behar da.

Hitzaldia amaitzeko, Oraá irakasleak kalidadeko ikerketea sustatzeko eta Europako mailara eroateko ilusinoa azpimarratu dau. Deusturen ospea irakaskuntzatik badator be, badaki ikerketea bultzatzea ezin garrantzitsuagoa dala, sinistuta baitago unibersidadeko hezkuntzea eta ikerketea dirala euskal gizarteak behar dauen aldaketea bultzatzeko funtsezko tresnak. Langintza horretan oinarrizkoa izango da, bere esanetan, gure sistemako hiru unibersidadeek eta euretako ikertzaileek esku hartzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu