Ana María Briongos: 'musulman danak ezin doguz zaku berean sartu'
2006-09-21 02:00 BidaideHamar urtez bizi izan da Iran eta Afganistan artean, herrialde horreen ganeko dozena erdi liburu baino gehiago argitaratu ditu, persiar hizkuntzea ikasten dabil eta aditua da islamaren munduan.
Hamar urtez bizi izan da Iran eta Afganistan artean, herrialde horreen ganeko dozena erdi liburu baino gehiago argitaratu ditu, persiar hizkuntzea ikasten dabil eta aditua da islamaren munduan. Curriculum horregaz, ezinbestekoa da Ana María Briongos (Barcelona, 1946) idazlea nazinoarteko egoeraz arduratuta egotea. Oraintsu argitaratu dau ‘¡Esto es Calcuta!’ liburua (Ediciones B argitaletxeak argitaratua eta ‘Grandes Viajeros’ sariketan finalista).
Irakeko eta Afganistaneko inbasinoek, Iraneko programa nuklearraren inguruko egonezak eta Mahomaren irudiek guztiz kontrakoak diran mundu bi aurrez aurre jarri dabez. Halanda be, Briongos gustura dago uniberso horreen bien artean.
Irakeko eta Afganistaneko eraso militarrek oraindino be ardurea sortarazoten dabe baina, akaso, Iraneko krisi nuklearrari begira dagoz orain mendebaldarrak. Zelan ikusten dozu egoerea herrialde horretan?
Iran eskualdeko potentzia garrantzitsuena da, duda barik. Demografia altua dauka, biztanleen edukazino mailea oso altua da eta oso garatuta dago. Horregaitik, Mendebaldea bildurtuta dago. Ganera, petrolioa be kontroletan dau eta energia nuklearra erabilten dauen proiektu bati bidea zabaldu deutso. Proiektu hori arma nuklearrak egiteko erabil daiteke eta horren bildurra dago. Estadu Batuek Iraken eta Afganistanen egindako inbasinoen ondorioz, erregimena eta herritarrak oso erradikalak bihurtu dira, ardurea sortu arazoteko beste. Berez oso erradikala zan presidenteagaz bat egin dabe herritarrek. Nazinoarteak Iranen eragiten dauen presinoak mugen barruan dagozan arazoak albo batera ixtea ekarri dau eta horrek mesede egin deutso erregimenari, ordura arte arriskuan egoalako.
Iranek arma nuklearrak egin gura dituala uste dozu?
Armamentu atomikoa topetan dagozala uste dot, bai. Arlo estrategikoan, oso interesgarria da eurentzat, inguruko herrialdeek, Israelek eta Pakistanek kasurako, badaukiezalako. Holan, etor leitekezan inbasinoei aurre egiteko armamentua eukiko leukie. Ez dogu ahaztu behar Ahmadineyad presidentearen muturreko jarrerea Bushen gobernuaren nazinoarteko politikearen ondorio zuzena dala. Akaso, Ameriketako Estadu Batuen mehatxurik barik, Iranek ez leuke horrelakorik egingo.
Tensino-giro horretan Mahomaren irudiek edo karikaturek be eragina izan dabe. Zer deritxazu musulmanen jarrereari?
Puntu honetara helduta, argi itxi gura dot onartezina dala erlijino kotuak dirala-eta hiltea, baina biñeta horreen probokazinoaren kontra be banago. Egunkariaren arduradunek baekien irudi horreek hainbat lagunen bizia arriskuan jarriko ebela. Pentsaezina da musulmanek gure jarrerea izatea, guk kasu horretan izango genduan jarrerea hartzea. Mundu horrek ez dau onartzen inork eurentzat sagraduak diran gaiei burla egiterik. Mendebaldarrek euren ohiturak ez dabezala inoiz errespetau uste dabe eta gertakaria humiliazinotzat daukie. Hori bai, horrek ez dau indarkeria justifiketan. Nire ustez, musulmanek bakeaz berba egiten daben ideologoak behar dabez, orain zarata handia egiten dabizanen diskurso desbardinagaz. Baina, oraingo testuinguruan, ez dot uste horrelakorik pasauko danik.
Zapaterok behin baino gehiagotan erabili izan dau ‘zibilizazinoen arteko aliantza’ terminoa. Baten batek ba ete daki zer dan hori?
Bueno, printzipioz ideia hori ez da Zapaterorena, Hatamí presidente iraniar ohiarena baino. Huntington-en ‘zibilizazinoen arteko gerrea’ kontzeptuaren kontrapuntua izan gura dauen kontzeptu nahiko abstraktua da. Belarrira ondo emoten dau, baina mendebaldeko munduaren eta mundu islamiarraren arteko kolaborazinoa ia ezinezkoa da. Eta gitxiago, ganera, Espainiako eta Iraneko gobernuek proponiduten daben erara.
Irak eta Afganistan aztertuko doguz orain. Oinarrian arazo bera izan arren, hau da, estadubatuarren inbasinoa, erantzuna oso desbardina izan da. Zergaitik?
Musulman danak ezin doguz zaku berean sartu. Hori egitea akats itzela izango litzateke. Irak eta Afganistan oso desbardinak dira alkarren artean, batez be gizarte kohesinoari jagokonez. Afganistanen jente gitxi bizi da, oso desegituratuta dago eta ‘gerra gizonek’ kontroletan dabezan tribu ugari dagoz. Iraken, ostera, gizarte-sare sendoa eta kultura talde gitxiago dagoz. Kontuan hartu behar da, baita, kanpoko tropak Afganistanera ailegau ziranerako herrialdea guztiz hondatuta egoala; Irak, barriz, ez. Dana dala, gaur egun bietako baten be ez dago bake-girorik eta luzaroan ez dala egongo emoten dau.
Zein erregimen da hobea, Saddamena ala Estadu Batuetakoa?
Itaun horri familia irakiar baten ikuspuntutik erantzun gura deutsat. Ni irakiarra banintz, gurago neuke nire familia bizirik egotea Saddam boterean egon arren. Saddam boteretik kentzeko atxakiagaz datozan inbasoreek sarraskiak baino ez dabez eragiten, ustez sistema hobea ezarri guran. Ez dogu ahaztu behar Saddam Husseinek hil egiten ebala, baina ez egozan gaur egun dagozan triskantzak.
Gerra zibila ebitau daiteke?
Gehiago esango deutsut: nik uste dot honezkero gerra zibila egon badagoala. Horregaitik, kanpoko tropek ezin dabe alde egin. Bonbeak euren eskuetan egin deutse eztanda eta orain kalteak gitxitu gura dabez. Egoera horrek bizi gura dogun munduaren ganeko hausnarketa sakona egitera eroan behar gaitu eta, batez be, helburu hori zelan lortu geinken pentsau behar da. Ez dago beste biderik desastrea ebitetako.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!