Urnietak Lourdes Iriondo kantautorea omenduko dau
2006-09-20 02:00 MusikeaDonostian jaio arren, bizitza osoan urnietarra sentidu zan euskal artistearen omenez antolaturiko lehenengo ekitaldia irailaren 26an izango da, Mikel Atxagak moderauko dauen Lourdes Iriondoren gaineko solasaldia, hain zuzen.
Donostian jaio arren, bizitza osoan urnietarra sentidu zan euskal artistearen omenez antolaturiko lehenengo ekitaldia irailaren 26an izango da, Mikel Atxagak moderauko dauen Lourdes Iriondoren gaineko solasaldia, hain zuzen; hitzordua, arratsaldeko 19:30etan, Lekaioko Kultur Etxean. Solasaldian, Joxe Mari Iriondok kantautorearen figura eta bere bizitzako alderdirik nagusienak gogoratuko ditu.
Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Miren Azkaratek, barriz, Lourdes Iriondoren oroimenez argitaraturiko liburua aurkeztuko dau, Jaurlaritzearen Argitalpen Zerbitzu Zentralaren ‘Bidegileak’ bildumearen barruan kaleratua. Argitalpen honek Lourdes Iriondoren ibilbidea aztertzen dau bere jaiotzatik hasi, 1937an, eta pasa dan urtean hil zan arte, eta euskal artistearen bizitzako hainbat une interesgarriren argazkiez ilustrauta dago.
Irailaren 29an, barriz, Lourdes Iriondoren omenezko mezea izango da Urnietako San Miguel parrokian, goizeko 11:00etan. Meza ostean, Lourdes Iriondo Parkearen inaugurazinoan, ekitaldi poetiko txiki bat izango da. Joxean Artzek, Joxe Angel Irigaraik eta beti ondoan izan eban lagun, kide eta senar Xabier Letek parte hartuko dabe ekitaldian.
Hurrengo egunean, irailaren 30ean, Urnietako Udalak Pierre Paul Berzaitz Iparraldeko abeslaria konbidau dau., Sarobeko Arte Eszenikoen Zentroan izango da kontzertua gaueko 22:30etan.
Lourdes Iriondoren omenezko hurrengo ekitaldia abenduan izango da; abenduaren 23an, Txanbolin Txistu Elkarteak herriko kaleak alaituko ditu goizeko 11:00etan hasiko dan kalejireagaz.
Beste alde batetik, Lourdes Iriondo eta partaide izan zan Ez Dok Amairu taldearen inguruko erakusketea be antolatu dabe, Lekaioko Kultur Etxean, 2006ko urtarrilaren 14ra arte zabalik egongo dan erakusketea, hain zuzen be. Erakusketea labirinto-itxuran egongo da, eta ikusi ahala bisitariak Lourdes Iriondogaz eta Ez Dok Amairugaz lotutako agiri idatziak, argazkiak, grabazinoak eta bideoak ikusiko ditu. Erakusketea Jexux Artze fundazinoaren eta Usurbilgo Udalaren lankidetzeari esker gauzatu ahal izan da.
Abenduaren 26an, Nestor Basterretxea eta Fernando Larruquerteren ‘Ama Lur’ filma emongo dabe Saroben. Hurrengo egunean, barriz, Joxean Goikoetxea akordeoi-joleak kontzertua eskainiko dau San Miguel parrokian.
Lourdes Iriondo 1960ko hamarkadan, arte adierazpenetan euskerearen presentzia aldarrikatzeko sorturiko mobimentuaren kide adierazgarrienetako bat da, kulturearen mundua irauli eta kantautoreak garrantzia izaten hasi ziraneko garaian, berba konprometidu eta protestazkoak sortuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!