Emakundek aurrerantzean 'Bardintasunaren Aldeko Emakunde Saria' baino ez dau emongo

Bizkaie! 2006-09-12 02:00

Emakunde erakundeak oraintsura arte emoten ebazan 'Emakunde Sariak' barritu eta aurrerantzean sari bakarra, 'Bardintasunaren Aldeko Emakunde Saria' izenekoa, eskainiko da. Saria 13.794 eurokoa da eta hautagaiak aurkezteko epea zemendiaren 30ean amaituko da Emakundek jakinarazo dauenez.

Emakunde erakundeak oraintsura arte emoten ebazan 'Emakunde Sariak' barritu eta aurrerantzean sari bakarra, 'Bardintasunaren Aldeko Emakunde Saria' izenekoa, eskainiko da. Saria 13.794 eurokoa da eta hautagaiak aurkezteko epea zemendiaren 30ean amaituko da Emakundek jakinarazo dauenez.

Bardintasunaren aldeko Emakunde saria gaur bertan onartu dau Gobernu Kontseiluak. Sari barri honek aurreko Emakunde sarien lekua hartuko dau. Aurreko sariek lau arlo desbardin saritzen ebezan eta orain, sari barria bakarra izango da. Honen helburua emakume eta gizonen berdintasunaren alde lan egin daben pertsona fisiko zein juridikoak, publikoak zein pribatuak nabarmentzea da.

'Bardintasunaren aldeko Emakunde Saria-'ren deialdiaren oinarrietan zehazten danaren arabera, emakumeen lana aintzat hartzeko eta emakumeei boterean jagoken lekua itzultzeko eginkizunetan nabarmendu diranei emon gura jake saria, eginkizun horreek gauzatzeko jardun, ekintza, lan edo proiektuen bidez alderdi garrantzitsuren batzuetan hobekuntzak ekarri dabezanei, hain zuzen; edo, beren jardunagaz, emakumearen zeregina aintzat hartzen eta duintzen laguntzeko eginkizunean nabarmendu diranei; edo sexuen arteko eskubide eta aukera bardintasuna sustatzen nabarmendu diranei.

Epaimahaiak honako erespideak hartuko ditu kontuan: hautagaiak emakumeen eta gizonen arteko bardintasunaren aldeko lanean egindako ibilbidea; emakumeen lana aintzat hartzearren eta emakumeei boterean jagoken lekua itzultzearren, edo sexuen arteko eskubide eta aukera bardintasuna sustatzearren egindako jardun, ekintza, lan, eta proiektuek berez daben garrantzia; eta jardun, ekintza, lan edo proiektu horreek edo proponidutako persona horren ibilbideak gizartean daben oihartzuna eta eragina.

'Emakunde Sariak' lau alorretan banatzen ziran orain arte: komunikabideak, hezkuntza, kirola eta publizidadea. Une honetan, barriz, Emakundek uste izan dau egokia zala arloen aniztasunaren ikuspegia sartzeko beste modu batzuk antolatzea; hori dala eta, aurrerantzean, emakumeen eta gizonen arteko bardintasuna lortzeko ekarpen bakar bat sarituko da, nabarmenena, edozein arlotakoa izanda be.

'Emakunde Sariak' 1990ean eratu ziran lehenengoz komunikabideetako profesionalen lana autortzeko helburuaz. 1995ean publizidade arloko saria eratu zan eta 1997an hezkuntza eta kirol arlokoa. Hamabost urtetan zehar, hirurogei persona baino gehiago izan dira sarituak eta ehun persona inguruk parte hartu dabe alor desbardinetako epaimahaietan.

2006ko Bardintasunaren aldeko Emakunde Saria jasoteko hautagaiek eurek edo beste edozeinek aurkeztu leikez hautagaiak, beti be Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira, edo bertan egoitza edo ordezkaritzaren bat badaukie. Lan edo proiekturen bat bada hautagaitzat aurkezten dana, deialdia argitaratu aurreko bi urteetan burutua beharko dau izan. Emakundeko Zuzendaritza Kontseiluko kideek osotuko dabe epaimahaia, beste deialdi batzuetan saria jaso daben personakaz batera. Hautagaiak aurkeztean, hautagai horreek gizon eta emakumeen arteko bardintasunaren alde egin daben ekarpena egiaztatzen dauen txosten bat aurkeztu beharko da, bai eta egiaztapen horri jagokozan agiriak be. Horreek guztiak Emakunderen egoitzan aurkeztu beharko dira, (Manuel Iradier kalea, 36 zk., 01005 Gasteiz), edo posta ziurtatuaren bidez edo administrazino-prozeduraren araudian aurreikusitako moduan bialdu helbide horretara bertara.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu