Euskaltzaindiaren sorrerea

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museko Teknikaria 2006-09-12 02:00

Hurrengo artikuluan Euskaltzaindiaren sorrerearen gainean egingo dogu berba. Dakigunez, Euskaltzaindia Euskerearen Akademia Nagusia da eta bere asmo nagusien artean euskerea babestea dago, hizkuntzearen gaineko ikerketak bultzatuz eta erabilerea indartuz.

Hurrengo artikuluan Euskaltzaindiaren sorrerearen gainean egingo dogu berba. Dakigunez, Euskaltzaindia Euskerearen Akademia Nagusia da eta bere asmo nagusien artean euskerea babestea dago, hizkuntzearen gaineko ikerketak bultzatuz eta erabilerea indartuz.

Baina noiz eta zelan sortu zan Euskaltzaindia? Atzerantz bota behar dogu begiradea, 1918. urtera, hain zuzen be. Urte horretan izan zan Oñatiko Unibersidadean Euskal Ikasketen Lehenengo Kongresua. Bertan, euskal nortasunagaz eta ezaugarriakaz zerikusia euken hainbat gai landu ebezan Oñatira heldutako jakintsuek iraileko lehenengo egunetan.

Eztabaiden artean, zelan ez, euskerea bera egoan. Euskerearen egoerea, etorkizuna, babesteko hartu beharreko neurriak eta beste hainbat kontu. Irailaren 5ean, arratsaldeko bostetan batutako batzordea Txomin Agirre idazleak zuzendu eban eta partaideen artean, besteak beste, Resurrección María Azkue, Luis Eleizalde edo Julio Urkixo egozan.

Igarten zan euskerearen etorkizunerako eragin handia izango eban ‘zeozer’ sortzearen aldeko giroa. Besteak beste Txomin Agirrek berak, batzarra hasi eta gitxira argi itxi eban: ‘hemen esandakoak gure hizkuntzearen Akademia sortzeko lehenengo pausuak izan daitekez’. Eta holan joian arratsaldea. Azkenean, Luis Eleizaldek euskerearen aldeko erakundea sortzea proponidu eban. Bere esanetan, erakunde barri honek ardura nagusi bi izan behar ebazan: ikerketa zientifikoak eta erabilerea zaintzea, eta halan izanda, sortu beharreko erakunde barria atal bitan banandu behar zan.

Dana dala, ez daigun pentsau Eleizaldek egindako proposamena barria zanik, ez behintzat bere osotasunean. Ulibarrik, D´Abbadiek, Manterolak edo Aristides Artiñanok (azken horrek Durangon 1886an egindako Euskal Jaietan) antzeko proposamena bota eben, Artiñanoren kasuan ‘Proyecto de Academia Vascongada’ izenburupean egindako komunikazino batean.

Eleizalderen porposamena entzun eta gero eztabaidea sortu zan, Elizaldek esandako atal biak alkarren arteko zerikusia eta erlazinoa izan behar eben edo ez argitzeko. Batzuk erlazinoaren aldekoak ziran, esaterako Belaustegigoitia. Beste aldean, Urkixok edo Aita Olabide abadeak ez eben holan ikusten. Eztabaidea luzatzen joiala eta, azkenean Txomin Epalzak hartu eban berbea eta Eleizaldek aurreratutako erakundea sortzea proponidu eban, ganerako eztabaidak gerorako itxita. Danon gustokoa izan zan proposamena eta hortxe, momentu horretan gauzatu zan Euskaltzaindiaren sorrerea.

Helburua argi egoala, erakundea finkatu eta beharrezkoa zan antolaketea egitea ziran asmoak. Horretarako, Urretak bere egunean Gipuzkoako Aldundiak Bizkaikoari bialdutako estatutu batzuen barri emon eban. Bere esanetan, jaio barria zan erakundearentzako aproposak izango ziran aitatutako estatutuak. Jarraian, Gregorio Muxikak, Urretak berak, Cosme Elgezabalek eta Aita Olabidek hartu eben parte, bakotxak esandakoaren gainean euren eretxiak emonaz. Baina orduak aurrera joiazala eta ez zala akordiorik hartzen eta, azkenean batzarra bertan behera ixtea erabagi eben batzartutakoek, erabagiak hurrengo egunerako geratuz, behintzat estatutuen kasuan.

Hurrengo eguna, irailaren 6a, Euskaltzaindia izango zanaren estatutuen formea erabagiten emon eben ‘euskaltzainek’. Azkenean lan hori aurrera eroateko batzorde bat osotu zan eta batzordeari epe batzuk jarri jakozan, lana ahalik eta arinen amaitzeko.

Hortik aurrerako historia ezaguna dogu. Hilebete batzuk geroago, estatutu barrien asmoa amaituta egoan eta Hegoaldeko lau aldundien onarpena hartu eban. Holan ba, 1919ko irailaren 11an Oñatiko Kongresuan ‘euskaltzain’ izentautako Resurrección María Azkuek, Arturo Campiónek, Luis Eleizaldek eta Julio Urkixok lehenengo batzarra egin eben. Eurek izentauta, Eguzkizak, Inzagarayk, Landerretxek, Lhande eta Olabidek be euskaltzain kargua hartu eben eta urtea amaitu baino lehenago, danon artean adostuta, Azkue aukeratu eben erakundeko eta historiako lehenengo Euskaltzainburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu