Amaitu da
2006-09-07 02:00 BidaideBai, holan da, lau hilebeteko bidaiaren ostean, familia eta lagunakaz egoteko ordua be heldu da, baita deskantsetako be.
Bai, holan da, lau hilebeteko bidaiaren ostean, familia eta lagunakaz egoteko ordua be heldu da, baita deskantsetako be.
Taiwan, Txina, Mongolia, Nepal, Pakistan eta India bisiteteak esperientzien sobredosia eragin deust eta denpora asko beharko dot guztiz barruratzeko. Shanghai-ko hi-tech diskoteketan hasi eta Mongoliako nomadetaraino, Nepaleko gerrillea eta Kaxmirreko lurrikaratik bizirik urten ebenak ahaztu barik. Ezagutzen ez nebana ezagutu dot 16 astetan eta, zelan ez, kantsau be egin naz. Danetara, 120 egun izan dira eta, batez be, istorio tristeak entzun doguz. Baina gozetako momentuak be egon dira. Mongolian, inoiz ahaztuko ez dodan esperientzia bizi neban; natureagazko lotura zuzena izan genduan modu berezian.
Horregaitik guztiagaitik, biaje honetako azken segundua be izan da garrantzitsua. Asian pasetan dana ondo ulertzeko modu bakarra bertara joatea da eta, bide batez, munduko jazoerak be hobeto ezagutuko doguz. Guk landutako gai gehienei, zoritxarrez, lepoa emoten deutse komunikabideek. Baina munduan biztanle gehien daukazan kontinentean pasetan danaren espilua izan gura izan dogu, mendebaldarren artean interesa biztuteko.
Bizkaie!-n, biajean bizi izan doguzan gorabeherak irakurteko aukerea izan dozue. Ia denpora errealean, gure bizipenen barri irakurri dozue kroniketan eta zuen gustukoak izan diralakoan nago. Gure kazetari lanak ez dauka zentzurik irakurlerik ez badago. Alperrik emongo dogu munduko edozein bazterretan pasetan danaren barri, nork irakurri edo entzun ez badaukagu. Baina geure buruari gogor egin behar deutsagu eta ‘zabor-kazetaritzea’ baztertu. Panoramea bardin antzean topau dot, zoritxarrez. ‘Salsa rosa’ eta ‘tomate’ lako programak dira nagusi oraindino. Edozer egiten dogu gure zilbor zikinari (programen edukiak be holakoak diralako, zikinak) begira egoteagaitik; holan, errealidade gordina ebitetan dogu. Arazoa, baina, hauxe da: askok, errealidadea momentu zehatz batean ebitau beharrean, betiko ahaztuten dabe.
Dana dala. Orain parentesi txikitxu bat egin behar dogu Bidaiden munduko beste leku batzuetako kontuak aztertzeko, laster, akaso zemendian, ekialdearen exotismorako bidea hartu arte. Askotan, oso gatxa da nazinoarteko egoerea ikuspuntu alai eta hotz bategaz aztertzea (batzutan beharrezkoa izan arren). Libano, Afganistan, Irak, Congo... Gerra horreek guztiek hainbat hildako ixten dabez egunero. Jentea ohitu egiten da horretara eta gero eta interes gitxiago dauka. Abrosiduta gagoz hildako mairuakaz, baltzakaz eta estadubatuarrakaz. Eta, neurri batean, behintzat, logikoa da. Baina ezin deutsagu egoereari lepoa emon. Bidaiden, sufrimentu hori erakusten dogu, beti be biajeetako edota munduko arpegi onakaz batera!
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!