Wangari Muta Maathai, 2004ko Bakearen Nobel Saria Euskadin
2006-09-04 02:002004. urtean Bakearen Nobel Saria jaso eban Kenyako Wangari Muta Maathai andrea Euskadin dago CO2 emisioen konpentsazinoko hitzarmen bat sinatzeko.
Esther Larrañagaren zuzendaritzapean dagoan Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak konbidauta, 2004. urtean Bakearen Nobel Saria jaso eban Kenyako Wangari Muta Maathai andrea Euskadin dago CO2 emisioen konpentsazinoko hitzarmen bat sinatzeko.
Wangari Maathai irakasleari orain urte bi emon eutsen Bakearen Nobel Saria, Green Belt Movement Fundazinoaren bitartez garapen iraunkorraren, demokraziaren eta bakearen alde egindako lanagaitik. Maathai bera da fundazinoaren presidente; hiru hamarkada daroez Afrikako emakumeak mobilizetan eta dagoeneko 30 miloe arbola inguru landatu ditue.
Esther Larrañaga sailburuak egin eutson harrerea irailaren 4an eta Gernikako Arbola eta Batzar Etxea ikustera joan ziran. Gaur, hilak 5, martitzena, Maathaik berbaldia emongo dau Bilboko Guggenheim Museoko Auditoriumean, arratsaldeko 19:30ean; ingurumenari buruzko berbaldia izango da, ingurumena giza eskubidetzat eta bakea eregiteko funtsezko oinarritzat hartuta.
Irailaren 6an, goizeko 9:00etan, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak Ajuria Enea jauregian hartuko dau Wangari Maathai irakaslea. Bilkura horren ostean, lehendakariak, Nobel saridunak eta Larrañaga sailburuak agerraldia egingo dabe berba egindakoaren barri emoteko, eta gobernu-ekintzan ezinbestean sortzen diran CO2 emisinoak konpentsatze aldera Eusko Jaurlaritzeak Green Belt Movement Fundazinoagaz eta Ekopass erakundeagaz sinatutako lankidetza-hitzarmenaren zehetasunak ezagutarazoko ditue. Esther Larrañagaren Sailak zenbait bilera be berbatu ditu euskal erakunde, Unibersidade, GKE eta mobimentu ekologisten ordezkarien eta Maathai profesorearen artean, gure erkidegoan nahiz mundu osoan ingurumen-egoereari buruzko ikuspegiak alkarri adierazoteko.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!