Infernuan paseoan

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-08-31 02:00   Bidaide

Ingurunearen lehen irudia neskato batena da, zabor ustelduez ganezka dagoan kalezulo baltzean kaka egiten. Mumbaiko (lehengo Bombay) udal zabortegi erraldoia bertan dago eta berehala jaubetu naz, lehen irudi hori bat datorrela ganerako paisajeagaz.

Osterea egin dot infernuan. Benetako infernua ze ez dot uste mendebaldeko inor ibiliko zanik munduko txabola-auzorik handiena dan honetan, hemengo arazo eta gorabeheren barri jakin guran. Auzoa baino gehiago uria esango neuke ze miloe eta erdi inguru dira biztanleak.

Ingurunearen lehen irudia neskato batena da, zabor ustelduez ganezka dagoan kalezulo baltzean kaka egiten. Mumbaiko (lehengo Bombay) udal zabortegi erraldoia bertan dago eta berehala jaubetu naz, lehen irudi hori bat datorrela ganerako paisajeagaz. Kaleetan basatza itzela dago monzoi sasoiko euriteen ondorioz. Ur baltzak dagoz edonon eta umeak biluzik uretan dabiz plisti-plasta. Zerumugan galtzen dan txapa, plastiko eta egurrez egindako txabolen itsasoa daukat aurrean eta alboan hamar miloe biztanle dituan uriko zaborrak metatuta. Zaborrez betetako kamioi bat heltzen dan bakotxean ume piloa hurreratzen da zabor artean zeozer topetako amesagaz. Ume txikienen barreak, zabor artean jateko bila dabizan erroien soinuakaz buztartzen dira. Hau ez da Anesvadeko iragarkia, hemen umeak barreka eta pozez zoratzen dagoz eta hori guztia bildurgarria da.

Ume horreen gurasoek euren esku dagoan guztia egiten dabe; euriteek eragindako kalteak konpontzen dabez edo lantegi txikietan dabiz beharrean. Zorionekoak horreek ze asko eta asko dira orduak eta egunak gora begira emoten dabezanak. Emakumeen egoerea okerragoa da, eurentzat ez dago deskantsurik, etxeko lanez gan, subertea dabenak lantegietan dabiz beharrean lan baldintza negargarrietan; horrezaz ganera, seme-alaben ardureari ezin eutsita, noraezean ibilten dira, sarritan behar ez dan leku eta zereginetan.

Mumbai barruko ‘uri’ honetan ez dago bereizkeriarik, hinduak, musulmanak zein beste erlijino batzuetakoak alkarregaz bizi dira. Euretako batzuk ukutu ezinak dira baina beste auzo batzuetako aberatsentzako dana dago libre.

Premina gorria

Elektrizidadeagaitik hilero 60 rupia pagau arren, egunean hiru ordutan baino ez daukie argindarrik; ganera, inguruetako ubideetatik doaz kableak eta sarritan ubide horreetan bainua hartzen dagozan umeak elektrokutauta hilten dira. Iturriko urik be ez dago eta, beraz, zelan edo halan konpontzen dira uriaren ondotik doazen hodietatik ura ostuteko.

Aamraee, Unicefen laguntzinoa jasoten dauen Gobernuz Kanpoko Erakundeari esker, uriko bost familia bisitau doguz biztanleen arteko gorabeherak ezagutzeko asmoagaz. Familia horreetako bi hinduak dira, Mumbaikoak; beste bat hindua baina kanpotik etorritakoa, beste familia bat katolikoa eta bosgarrena musulmana. Igarri dodan alde bakarra, atean jarritako plakea da. Batzuetan musulmanen Kaaba sagradua agiri da, beste batzuetan hindu figurak eta katolikoetan Ama Birjinearen irudiak. Ganerakoan ez dot alde handirik igarri; barruko hormarik bako gela txikiak; suetea eta logelea bat eginda, itoginak dagoz edonon eta era guztietako pizti eta zomorroak zain gau eta egun noiz sartuko zain.

Emakume hindu batek berba gogorrak erabili ditu politikoen kontra: ‘Hauteskunde sasoian baino ez gaitue kontuan hartzen. Orduan hau eta bestea agintzen deuskue baina gero ahaztu egiten dira gutaz eta miserian biziten jarraitzen dogu jatekorik barik’.

Harrigarria eta pentsau ezina izan arren, auzo-uri honeetan prostituzinoaren indarra nahiko handia da; gazteak eta hain gazteak ez diranak dabiz horretan eta 30 zentimo eurogaitik sexua praktikau daiteke; ganera, transexualak be badagoz (kultura hindu eta musulmanean gizatalde baztertuena) eta giro horretan hazten dira milaka ume, ezelako jaiotza-kontrolik barik. Gaiaren harian, Nazino Batuen Erakundearen prebisinoen arabera, 2030. urtean Indiako biztanle kopurua Txinakoa baino handiagoa izango da eta horren ondorioz, herritarren egeoereak nabarmen egingo dau okerrera.

‘Hemen bizi dan ume batek kalearen bestaldeko ume batek baino bost aldiz aukera handiagoa dauka bost urte baino lehenago hilteko. India holakoxea da’ esan deust Mumbain Unicefeko arduradun Vuredorj Khamalek.

Bidaide atalean, azken kroniketan jazoera larriak eta ezbeharrak baino ez doguz deskribidu baina bizi garan mundu honetako errealidade gordinak dira eta nahitaezkoa otu jat zuenganatzea. Indiako espiritualtasunak erakarrita hurreratzen diran turistek ebitetan dabezan lekuak dira. Bidebatez, jakin egizue luju handiko hoteletara eta mendebaldeko jatetxeetara zein cool tabernatara doazen neohippiak ez dirala nire gustoko. Sarritan, neurririk bakoa da mendebaldearen hipokresia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu