Jose Gonzalo Zulaikaren urteurrenean

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-08-30 02:00

Gaur, abuztuak 30, beteko da Jose Gonzalo Zulaika Arregi ‘Aita Donostia’ ospetsua hil zaneko 50. urteurrena. Hurrengo lerroetan abade, musikagile eta euskaltzain urgazle honen bizitzeari begiradatxu laburra egingo deutsagu.

Oraingoan Jose Gonzalo Zulaika Arregiren barria dakargu. Holan esanda, akaso ez jatzue ezaguna egingo baina haren ezizena ‘Aita Donostia’ zan eta, jakina, sikeran musikeagaz lotuko dozue. Gaur, abuztuak 30, beteko da ‘Aita Donostia’ ospetsua hil zaneko 50. urteurrena. Hurrengo lerroetan abade, musikagile eta euskaltzain urgazle honen bizitzeari begiradatxu laburra egingo deutsagu.

Jose Gonzalo Zulaika 1886ko urtarrilaren 10ean jaio zan Donostian eta hurrengo egunean bataiatu eben. Hamar urtegaz, Lekarozeko Ikastetxean sartu zan lehenengo ikasketak egiteko asmoz. 1902an, batxilergoa amaitu eta Kaputxino egitea erabagi eban, ‘Fray Jose Antonio Donostia’ ezizena hartuz. Hurrengo lau urtetan botoak egin, eta 1908ko abenduaren 19an abadetu zan.

Urteak aurrera joan ahala, musika zaletasuna handitzen joan jakon. Lekarozen, Donostian bertan, Parisen zein Bartzelonan ibili zan musika kontuetan gaztetandik eukan zaletasuna indartuz. Hasieran Aita Donostiak musika klasikoa landu eban, Gregorianoa tartean. Baina Resurrección Maria Azkuek emondako berbaldia entzun eta hortxe bizitu jakon euskal kantak ezagutu eta lantzeko asmoa.

Gazterik hasi zan. 1897an 'Diana' sortu eban, orkestrarako lana eta hurrengo urteetan, besteak beste, 'Minueto', hari laukoterako; 'Lelengo liliak', bibolin eta pianorako edota 'Meditacion eta Rapsodia Vascongada' orkestrarako. Edozelan be, lanik ezagunenak 'Preludios Vascos' sailekoak dira.

Hurrengo urteetan hainbat herritan ibili zan, Baztan edo Sara tartean, euskal kantagintzea ezagutu eta batzen. Ibilaldi horreen emoitzea izan zan 1919an egin eta 1922an argitarautako ‘Cancionero Vasco’ ezaguna. Danetara, 393 abesti batu ebazan. Edozelan be, ez zan hor amaitu bere lana eta hurrengo urteetan jarraitu eban abesti gehiago batzen.

Batzutan, batutako abestiei moldaketak be egiten eutsiezan eta gehienak Eusko Ikaskuntzako aldizkarian, ‘Euskalerriaren Alde’ edo ‘Gure Herria’ aldizkarietan argitaratzen joan ziran. Haren asmorik handiena, batutako informazino guztia argitaratzea zan, bere sasoian argitaratutako ‘Cancionero Vasco’ osotu, handitu eta ‘Cancionero Popular Vasco Tradicional’ izeneko argitalpena eginaz. Dana dala, ezin izan eban asmoa bete.

Bizitza osoa emon eban abestiak batzen. Hainbat aldizkari, bertoko zein kanpokoetan parte hartu eban, euskal musikearen gaineko artikuluak idatziz; berbarako, ‘Larousse’ hiztegi musikaletan hartu eban parte. Era berean, 1951an ‘Música y músicos en el País Vasco’ lana argitarau eban. Berbaldiak be emon ebazan (danetara, 170) eta lehenengo hitzaldi publikoak 1916ko apirilaren 30ean eta maiatzaren 2an emon ebazan. Hitzaldion arrakastea ikusita, beste hainbat lekutan errepetidu behar izan ebazan. Eta ez bakarrik Euskal Herrian. Espainian zein Parisen bertan be egon zan hitzaldiak emoten. Gaur egun hitzaldi horreetako batzuk argitaratuta be badagoz 'Bidegileak bilduman.

1918tik aurrera, maisu lanak baztertu eta musika munduan sartu zan buru-belarri. Hurrengo urteetan Parisen eta Madrilen egonaldi luzeak egiten ebazan, bertako musikagileen barri hartuz. Tartean Lekarozen be emoten ebazan egunak Aita Donostiak.

Espainiako Gerra Zibila hasi zanean, Frantzira bialdu eben Aita Donostia. Lehenengo Toulousen eta gero Parisen egon zan eta 1943an Espainiara bueltau zan.

Etxean euskerea ikasi ez arren, bere kabuz ikasi ostean, hainbat gutun eta artikulu idatzi ebazan euskeraz eta itzulpen batzuk be egin ebazan. 1932ko urtarrilean euskaltzian urgazle izentau eben.

Azkenik, luzaroan makalik egon ostean, 1956ko abuztuaren 30an hil zan. Azken urteetan euskal musikan erreferentea izandakoak hainbat lan eginda itxi eban belaunaldi barrientzako. Hortik sortuko ziran, gero euskal kantagintzan eragin itzela izan daben hainbat abeslari.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu