Kaxmir lurrikarearen ostean (III). Alde negatiboa
2006-08-24 02:00 BidaideMutur-muturreko kasu bat aurkeztuko deutsuet, lurraren indarrak alargun itxi eban Nisar Fatimarena, hain zuzen be. Thore Parkeko kanpadenda baten bizi da eta haren bizia kalbarioa da.
Thore Parkeko baztertuen eremuan kaosa da nagusi. Ehun bat kanpadenda dagoz monzon sasoiko eurite bakotxean ganezka egiten dauen ibai baten ertzean. Eguraldiak ez dau bape laguntzen eta kanpadenda horreetako tela eta plastikoak erdi ustelduta dagozanez, hezetasun handia dago barruan. Ganera, kanpadendak labe bihurtzen dira egunero eguzkiak gogorren joten dauen bost orduko tartean eta tenperaturea 50 gradu ingurukoa izaten da. Hor ez dago bizitzerik.
Baztertuen eremua Islamiar Garapenerako Erakundeak eta Pakistaneko gobernuak kudeatzen dabe eta barri eta erreportaje sentsazionalisten iturri izanik, han lanean dabizan erakunde eta taldeen lana zapuzteko bestekoak izaten dira. Edozelan be, Bidaide atalean ez daukagu holako kronikea egiteko ezelako asmorik baina hango jentearen egoera eta errealidade negargarria ezagutzea interesgarria deritxot eta, beraz, joandako urriko lurrikareak kaltetutako 30 bat mila lagunen gorabehera batzuk kontauko deuskuz Nisar Fátimak.
Horretarako, mutur-nuturreko kasu bat aurkeztuko deutsuet, lurraren indarrak alargun itxi eban Nisar Fatimarena, hain zuzen be. Thore Parkeko kanpadenda baten bizi da eta haren bizia kalbarioa da. Oinarrizko heziketa barik, edozelako beharrak onartzen ditu bizirauteko. Kaxmirrekoa lako gizarte islamiar zorrotzak ez dau larregi laguntzen eta seme-alabak (1 eta 15 urte bitarteko alaba bi eta lau seme) aurrera atarateko zailtasunak ugari dira.
Seme-alaba guztiei jaten emotea ez da erraza izango...
Ez. Gari eta arroz apur bat baino ez dogu jasoten eta horregaz aurrera egin behar zelan edo holan. Umeek pisua hartu beharrean galdu egiten dabe eta euren bizia arriskuan dago. Ez daukat dirurik umeak ospitalera eroateko eta ez deusku inork laguntzinorik emoten. Kanpadenda be ikusi dozu zelan dagoan, egunez hor ez dago egoterik beroaren beroagaz eta euri sasoian uriolak izaten doguz.
Ez zara kejau baztertuen eremuko arduradunaren aurrean?
Sarritan. Baina kanpadendak konpontzeko ez dagoala dirurik esaten deust behin eta barriro, gobernuak oraindino ez dauela dirurik bialdu. Ganera, agiri guztiak lurrikaran galdu nebazan eta, beraz, legearen arabera, ez naz existiduten; egoera horretan, laguntzinoa jasoten gatxagoa da.
Zer pasau zan lurrikarea izan zan egunean?
Beti lez, senarra goizetik joan zan beharrera; autobus batean txartelen ardurea eukan berak. Lurrikareak eragindako lur-jauste batek autobusa eta bertan joiazan nire senarra eta beste hogei bat bidaiari aurretik eroan ebazan. Balakot herriaren kanpoaldeko gure etxea birrinduta gelditu zan eta ACNUR erakundeak Muzaffarabadeko kanpalekuetara eroan gintuen. Apurka-apurka, jentea jatorrizko lekuetara bueltetan hasi zan baina guk ezin izan genduan. Alargun gelditu nintzan sei seme-alaben ardureagaz eta hona ekarri gintuen. Hasieran gobernuz kanpoko erakunde batzuen laguntzinoa geunkan baina azkenean alde egin eben eta baztertuen eremu hau gobernuaren eta BDIren esku gelditu zan. Ordutik egoereak okerrera egin dau nabarmen.
Dana dala, gobernuak berbea emon dau datorren negurako baztertuen eremua hutsitu eta jente guztiak eukiko dauela behin-behineko etxebizitza duina...
Beti dabiz guzurretan eta inork be ez ditu sinistuten. Nora eroango gaitue? Eta hortik aurrera, zelan atarako dot bizimodua aurrera? Gogorra izan arren, amesgaizto honegaz amaitzeko bota gagiezala gu danok errekara...
Zigor: ezustean, bastertuen eremuko arduraduna agertu da nazinoarteko kazetarien barri izan dauenean eta modu txarrean isiltzeko agindu deutso emakumeari; emakumea ez da kikildu eta txilioka erantzun deutso. Zorionez, Nazino Batuen Erakundeko ordezkariei esker gagoz han eta, besterik ezean, barriketaldia eten baina konpentsazino modura baztertuen eremuko arduradun Sashir Hussain Shah jn.agaz alkarrizketea berbatu deuskue.
Zein da ingurunearen egoerea?
Egoerea ez da ona, onartzen dot baina ezin dogu gauza handirik egin.
Ez dago dirurik?
Ez.
Dana dala, Gobernuak jakinarazo dau beharrezko laguntzinoa bideratu dauela Nisarrena lako egoerak errepetidu ez daitezan...
Nik ez dakit gobernuak zer dinoan baina nik ez dot rupia bakarra jaso kanpadendak konpontzeko plastiko barriak erosteko. Eta Fatimaren kasuan, behin eta barriro esan deutsat plastikoagaz atariperik ez egiteko haizeak eroaten dauelako eta ez dau jaramonik egiten.
Baina Fatimak dino kanpadendan aguantau ezina dala beroa eta guk geuk neurtu dogu tenperaturea, 50 gradu egunez...
Danok sufriduten doguz eguraldiaren erasoak. Hau da nire bizitokia, aire giroturik edo bestelako tramankulurik ikusten al dozu berton? Bat eginda egon behar dogu laguntzinoa heldu arte, ze ziur nago laguntzinoa noiz edo noiz helduko dala; pazientzia euki behar da eta eskura daukaguzan baliabideak ahalik eta gehien optimizau.
UNICEF erakundeak jakinarazo euskunez, Nisar Fatimaren seme txikia abuztuaren 13an hil zan ezagutzen ez diran arrazoiengaitik.
Oraingoz, 5000 lagun inguru euren bizilekuetara bueltau dira baina bien bitartean montzoi sasoiko euriteek lur-jauste eta uriola larriak eragiten dabez.
ACNUR erakundeak plangintza zehatza diseinau dau datorren neguan 50.000 baztertu ingururi harrerea egiteko. ERRA, Birgaitzerako Bulegoko zuzendari Nadeem generalaren jarrerea baikorra da eta urrian ez dala ia jenterik egongo baztertuen eremuetako kanpadendetan adierazo dau.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!