Kaxmir lurrikarearen ostean (II). Alde positiboa

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-08-18 02:00   Bidaide

Pasa dan urriaren 8an Pakistaneko Kaxmirren lurrak dardakadea egin ostean Historian airez inoiz egin dan laguntzino-operazino handiena jarri zan martxan. Oraingoan, 73.000 hildako baino gehiago egozan baina danak herrialde berean. Pakistan, ganera, egoera txarrean egoan, pobreziak jota, Indiagaz gerran eta Al Qaedaren terrorismoagaz.

Pasa dan urriaren 8an Pakistaneko Kaxmirren lurrak dardakadea egin ostean Historian airez inoiz egin dan laguntzino-operazino handiena jarri zan martxan. Tsunamiak hainbat herrialdetako kostaldeak apurtu eta 240.000 itxi ebazanetik urtebete be ez zan pasau. Baina nazinoarteko erakundeek hondamendi naturalez apur bat kokoteraino egozan mendebaldeko biztanle aberatsei diru-laguntzinoa eskatu behar izan eutsen. Oraingoan, 73.000 hildako baino gehiago egozan baina danak herrialde berean. Pakistan, ganera, egoera txarrean egoan, pobreziak jota, Indiagaz gerran eta Al Qaedaren terrorismoagaz.

Halanda be, hasieran ezkortasuna nagusi bazan be, dirua ailegau zan. Orduan be, donazinoak Gobernuz Kanpoko Erakundeen bitartez kudeatu ziran, batez be Nazino Batuen bidez. ‘Garatutako munduak erantzun zabala emon eban, Pakistani estimu gitxi euki arren’, dino Marc Salvail, lurrikareak jotako Muzaffarabad herrian UNICEFek egindako larrialdi-lanen zuzendariak. ‘Hildakoen kopurua gehituko eben izurriteak ebitau ziran eta negu gorria etorri zanerako, hiru miloe lagunek baino gehiagok baeuken non egin lo. Eta hori guztia aurrekaririk bako laguntzinoari esker: indioak eta pakistandarrak kontrol-guneetan lanean, Ameriketako Estadu Batuetako ejerzitoa eta Al Qaeda ia bata bestearen alboan beharrean helburu beragaitik eta nazinoarteko komunidadeko herrialdeak euken guztia emoten. Eta hori guztia ‘tsunami’ operazinoan egindako akatsak barriro ez egiteko’, ganeratu dau Salvail-ek.

Aurrekaririk bako balentria izan zan. Tsunamiagaz pasautakoaren kontrara, Kaxmir ingurura heltzea ia ezinezko da baina, halanda be, biztanle asko bizi da bertan. Bideak beti egozan zarratuta luiziak zirala eta; ganera, biztanleak ez egozan ohituta musulmanak ez diran lagunak ikustera. Halanda be, ezbeharra gogorra izan arren, gogorragoa izatea ebitau zan.

Orain, zorigaiztoko lurrikarea izan eta hamar hilabetera, GKE gehienak desagertu egin dira baina oraindino gitxi batzuk geratzen dira, batez be Nazino Batuen Erakundeko (NBE) agentzia batzuk. NBEk hainbat programa garatu ditu gaur eguneko arazoei aurre egiteko, oraindino be larriak dira eta.

Berbarako, Jatekoen Mundu Programea. ‘Jatekoa lanaren trukean’ deitutako programa zabala daukie martxan eta auzolana egiten daben komunidadeei jatekoa emoten deutse trukean. Biztanleak nazinoarteko laguntzinoaren menpekoak ez izatea da programa horren helburua. Abdul Aziz onuradunetariko bat da eta montzoi euriteek eragindako luizien ondorioz erabat blokeauta geratu dan Bangla mendira doan bide batean topau dogu beharrean. ‘Nire ustez, oso interesgarria da gure arazoak konpontzeko behar egitea eta horren trukean ordainsari legez, nonork jatekoa emotea. Holan, ez dogu zertan inoren laguntzinoa itxaroten egon eta, bide batez, langabeziaren arazoa konpontzen dogu, hori be garrantzitsua baita’. Aziz-egaz batera, berrogeita hamar bat lagun dagoz buru-belarri errepidearen konponketa lanetan.

Eta emakumeak? Eurentzat be, Jatekoen Mundu Programeak urtenbidea topau dau. ‘Gizarte islamiko zarratua dala kontuan hartuta, emakumeek ezin dabe euren zeregin zorrotzetatik urten; holan ba, ‘jatekoak irakaskuntzearen trukean’ programea sortu dogu. Gure edukazino programetan sartzen diran emakumeei jatekoa emoten deutsegu. Alfabetauta ez dagozan andrak alfabetetan doguz, alargun geratu diranei etxeko lanak egiten erakusten deutsegu eta, orohar, euren bizimodua aurrera ataraten irakasten jake’, dinosku Tanuir Khan, lurraldeko PMAko zuzendariak.

Bestalde, Nazino Batuen Erakundearen Garapenerako Programeak programa berezia jarri dau martxan. Helburua honakoa da: familiek jatekoak preparetako daukiezan ohiturak aldatzea. ‘Lehen, egurrezko edo ikatzezko sueteak erabilten ebezan eta, horretarako, arbolak ebagi behar dira; ganera, etxean sutea izateko arriskua be baegoan. Horregaitik, milaka etxetan gasezko sueteak jarri doguz. Gasa erregai merkea da, seguruagoa eta deforestazinoa ebitetan dau. Izan be, deforestazinoaren ondorioz dagoz horrenbeste luizi’. Faisal Hussain da programearen zuzendaria Muzaffarabad-en. Berak lagundu deusku Land Cruiser ibilgailu indartsu batean suete barriak daukiezan etxeetara. Horman dagozan orban baltzetara begiratzeko esan deusku. ‘Hor ikusten da sua goraino heltzen zala, horrek dakarren arriskuagaz. Orain, gasak kerik bako giroa sortzen dau eta, ondorioz, umeen arnas-aparatuko gaixotasunei aurre egiten jake’.

Errefuxiatuentzako Nazino Batuen Goi-Komisionaduak be, azkenik, kontinentzia plan bat jarri dau martxan. Plan horri esker, negua oso gogorra bada, errefuxiatuek zero azpitik hamar gradu ingururaino heltzen diran tenperatura hotzetatik babesteko azpiegiturak izango dabez. ‘Ia 50.000 lagun gehiago hartzeko kapaz gara, hasiera batean uste genduana baino 30.000 gehiago. Baina, kasu honeetan, hoba da sobran egotea faltan baino’, dino Pakistaneko Errefuxiatuentzako Nazino Batuen Goi-Komisionaduaren zuzendari Killan Kleinschmidt-ek.

Duda barik, gogor egin da lan biztanleen egoerea hobetzeko eta oraindino be, asko eta asko, horretan dabiz. Baina oraindino lan asko geratzen da egiteko. Hurrengo artikuluan, ezbehar honen alderik ilunenera hurreratuko gara.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu