Krishna Bahadur Mahara: ‘armak itxi eta joko demokratikoan sartzeko prest gagoz’

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-08-02 02:00   Bidaide
Gerrilla maoistearen bozeroalea eta liderra

Gerrilla maoistearen bozeroale eta lider Krishna Bahadur Mahara-k nazinoarteko komunikabide bategaz egiten dauen hirugarren alkarrizketea da hau eta arpegian igarten jako kazetariak ez jakozala lar gustetan. ‘Oraindino, isilpeko mobimentu bat gara eta prensan agertzen garan bakotxean astrapalea sortzen da’.

Krishna Bahadur Mahara-k nazinoarteko komunikabide bategaz egiten dauen hirugarren alkarrizketea da hau eta arpegian igarten jako kazetariak ez jakozala lar gustetan. ‘Oraindino, isilpeko mobimentu bat gara eta prensan agertzen garan bakotxean astrapalea sortzen da’. Lehenengo baieztapena zitea egin dogun bulegoaren dekorazinoan igarten da, ezelako lujorik bakoa eta nahiko eskasa, Katmandú Nepaleko uriburuko bazterren batean. Apaingarri bakarra dauka horman eskegita: gerrillearen lider eta ‘lagun handia’ Camarada Prachanda-ren erretratua. Lehiotik, begetazino berde zarratua ikusten da eta handik sartzen da, baita, oiloen, txakurren eta hainbat txoriren hotsa.

Mahai ganean, telefono gorri merke bat jo eta jo dabil. Maharak arin egiten dau berba, esaldi laburrakaz. Aginduak emoten dituala igarten da. Alkarrizketea egin ahal izateko lasaitasuna topau guran, telefonoa altzauta itxi eta begiakaz kazetaria topetan dau. Egonezina, mesfidantzea eta prisea igarten jako begiradan. Ez da denporarik galdu behar.

- Apirileko iraultzearen ostean, ze aldaketa izan da Nepaleko politikan?

- Esperantzearen bidea zabaldu da, gure herriarentzat mehatxua dan feudalismoagaz amaitzeko aukerea. Herriak indarra erakutsi dau eta erregeari eta Ejerzitoari aurre egin deutso. Holan, Nepal benetan herrialde demokratikoa bihurtzeko aukerea zabaldu da eta, oraindino garrantzitsuagoa dana, bakean biziteko aukerea.

- Monarkia ez dozuela sistema legez onartuko esan gura dozu?

- Gure ideala Herri Errepublikea da baina, danaren ganetik, demokrazia dago. Herriak erabagi ezkero Nepalen monarkiak jarraitu behar dauela, onartu egingo dogu. Dana dala, galderarik garrantzitsuena Gyanendra-ri egin behar jako: prest dago tronua ixteko hauteskunde libreetan hori erabagi ezkero? Guk errege horrek Nepali eta nepaldarrei zenbat min egin deutson jakinarazoteko lan egingo dogu. Gurea lako herrialde batek monarkia bat mantentzea zeinen zentzubakoa dan erakutsiko deutsegu nepaldarrei. Izan be, dirutzea da guretzat eta ez dakar ezebez.

- Ondorioz, herrialdearen Konstituzino barrian parte hartuko dozue?

- Gure helburua indar politikoakaz ahal danik eta gogorren negozietea da, herrialdearen beharrizanei egokitutako Konstituzinoa lortzearen helburuagaz. Badakigu gurea baino ideologia gehiago dagozala eta demokratak garanon artean lan egin behar dogu Nepal pobrezia kronikotik atarateko.

- Halanda be, gobernuak ez dau talde gerrillari bategaz negoziau. Armak ixteko prest zagoze Batzorde Konstituzionalean egoteko?

- Momentu honetan, armak itxi eta joko demokratikoan sartzeko prest gagoz. Gure Liberazinoaren Herri Armadea bizitza zibilean sartzeko helburua daukan prozesuari, hau da, bake prozesuari ekiteko beharrezkoak diran baldintzak dagozala uste dogu.

- Zer egingo leuke Camarada Prachandak testuinguru demokratiko barrian?

- Hori oraindino ez da erabagi eta, erabagita egongo balitz be, ez neuke esango. Aurreratu neikena da Prachanda oso garrantzitsua izango dala prozesu honetan eta modu aktiboan hartuko dau parte ganera. Nepal barria eregiteko baldintzak egokiak izan ezkero, arpegia emongo leuke eta bera izango litzateke lider politikoa.

- Zer deritxazu nazinoarteko indarrak Nepalen sartzeari? Mundu guztiari eskatu gura neuskio, lehenengo eta behin, gure barruko arazoak gure erara konpontzen ixteko, bakarrik. Horretarako gauza ez bagara, baietz uste dodan arren, orduan aztertuko geunke nazinoarteko laguntzinoa onartzea ala ez. Ordura arte, mesedez, itxi bakean.

- 1990ean, Nepalen sistema demokratikoa ezarri zan, lehenengoz. Halanda be, zuek burruka armatuagaz hazi zineen. Ze berme emoten deutsazue orain nepaldarrei armak itxiko dozuezala esakeran?

- Izen hori emon arren, ha ez zan demokrazia izan. Hauteskundeak ez ziran libreak izan, ezta hareetatik urten eben gobernariak be. Erregearen eta Ejerzitoaren eskua beti egon zan atzean. Ez da nahikoa sistema bati ‘demokrazia’ izena jartea. Izena baino, izana behar dau. Eta guk ez dogu burrukea itxiko holan izan arte. Baina, orain, Konstituzino barrian daukagu jarrita gure esperantzea...

- Gobernu batzuek terroristatzat joten zaitue eta, bitartean, nepaldar askorentzat, indar politikoa zaree. Kanpoan, ez da ulertzen errealidade nepaldarra?

- Benetan, ‘terrorista’ izena Bushen Administrazinoak jarri deusku eta bera da, hain zuzen be, munduko errealidade bat bera be ulertzen ez dauena, ezta berea be. Gehiago esatearren, planetako burrukei erreparau ezkero, esango neuke eurak dirala munduan bildurra eta terrorea zabaldu daben bakarrak. Guk, herri zapaldu baten askapenaren aldeko burrukea egiten dogu eta herritar asko gure alde dago. Indar armatua erabili dogu eta, oraindino mantentzen badogu, herrialde hau herriaz arduratzen ez dan jauntxo feudalen esku dagoalako da. Egoera hori aldatzen dan momentuan, ez dogu ezelako arazorik izango armak aldatzeko.

- Zelan egingo deutsazue aurre Nepaleko pobreziari?

- Herrialdean bueltatxu bat emon ezkero konturatuko zara baliabideen aldetik oso aberatsak garala. Arazoa da aberastasun hori ez dala beharginen edota nekazarien eskuetara heltzen. Ministroen, gobernari lokalen eta nazinoarteko enpresen boltsiloetan geratzen da. Korrupzinoari aurre egitea ezinbestekoa da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu