Euskal Herriaren ‘sortzailea’

Asier Madarieta Abertzaletasunaren Museoko Teknikaria 2006-08-01 02:00

Arnald Oihenart 1592ko abuztuaren 7an jaio zan Maulen. Hurrengo artikuluan lege gizon, idazle eta historialari honen barri emongo dogu.

Arnald Oihenart 1592ko abuztuaren 7an jaio zan Maulen. Hurrengo artikuluan lege gizon, idazle eta historialari honen barri emongo dogu.

Txikitatik ezagutu ebazan Arnaldek etxean lege eta Errege kontuak, bere aita erregearen ordezkaria zalako Zuberoan. Ama be abogadu baten alabea izanda, Arnalderi umetatik ez jakozan arrotzak egin Zuberoako zein Euskal Herriko lege eta Foru eta antxinako ohituretan oinarritutako eskubideen kontuak. Beraz, Oihenart gaztea be, lehenengo ikasketak egin eta gero, Bordeleko Unibertistatera joan zan Lege titulua lortzeko.

Hogei urte baino ez eukazalarik, eta titulua lortu barria besopean, berehala erakutsi eban Arnaldek bere jakinduria eta Zuberoa zein Iparraldeko eskubide eta legeak defendiduteko kemena. Holan, Mauleko biztanleek bera izentau eben Pirinioetako iparraldeko lur batzuetako ordezkari Gobernadorearen aurrean. Handik gitxira, 1623an, Zuberoako Silviet deitutako legebiltzarkide hautatu eben. Hurrengo urteak erlijino kontuakaz erdi nahastauta emon ebazan Oihenartek. Parisen, ahaleginak eginez, garrantzi handia euken protestanteen indarra ahuldu gura eban. Urte batzuk lehenago, 1512an, euren erresumea itxi behar izan eben Nafarroako Erregeen eskubideak aldarrikatu ebazan, eskaria egiteko eukezan arrazoiak aztertu ostean.

1627an Juana Erdoy alargunagaz ezkondu zan eta, berez nahiko ezaguna zan gazteak, emaztearen bitartez, inguruan ziran jauntxoen etxeen ate guztiak zabaldu eutsozan. Hurrengo ureteetan Nafarroako Legebiltzarreko idazkari lanak bete ebazan. Gero, Donapaleuko epaile be izentau eben.

Izandako ardura guztietan, bere ardura nagusienetarikoa Iparraldeko eta, batez be, Zuberoako euskaldunek eukezan eskubideen defentsea mantentzea izan zan. Eta, horregaz lotuta, Nafarroako Erregeen eskubideen aldarrikapena aurrera eroatea. Ordukoa da Trois Villes, edo nahiago badozue, Trebilleko jauna, Dumasek bere idatzietan D´Artagnanegaz batera ospetsu bihurtutakoa eta herriarenak ziran lur guztiak erosi gura ebazana, Frantziako Erregeagaz tratua egin eta gero. Orduan, zuberotarrak altxau eta Oihenarti tokau jakon zuberotarren eskubideak defendidutea Frantziako Erregearen eta haren ordezkarien aurrean. Antzerako neurriak hartzeko eta 1639an Erregeak sinatutako aginduaren kontra egiteko be, Oihenart bialdu eben zuberotarrak Parisera.

Bitartean, emazteak eta haren lagunek etxean eukezan liburuak aprobetxauta, historiarako itxi deuskun liburua idatzi eban: ‘Notitiae utriusque Vasconiae tum Ibericae tum Aquitaniae’, latinez idatzita. Bertan, Euskal Herria osotzen daben lurralde bakotxaren azterketa historikoa egiten dau Arnaldek.

Nahiko bitxia eta esanguratsua da Oihenarten idatzietan Euskal Herriaren ganean berba egiterakoan Pirinioetako alde bietan dagoan herria hartzen ebala kontuan. Muga politiko eta administratiboak albo batera itxita. Bere ikerketearen eremua finkatzeko, euskal kulturea hartzen eban oinarri nagusitzat.

Beste idazlan batzuk euskal poesiara dedikau ebazan zuberotarrak, baina bere lanik aitagarriena goian aitatutakoa dogu.

Ez dago argi noiz hil zan Oihenart. Baina bere bizitzan oraindino hainbat tratu eta epaiketetan izan eban zerikusia, berbarako Baigoirriko mugak ezartzeko epaian edota Baionako Gotzaindegiak eta Orreagako fraileek izandako tirabiretan. Baina gaur egun gugana historiagile modura heldu jaku gehien bat. Eta batez be goian aitatutako ‘Notitiae Utriusque’ liburua idazteagaitik.

Euskal Herriaren izaera aldarrikau eban bertan Oihenartek, nahiz eta bere sasoian berak esandakoak eragin handirik ez izan. Ikerketa sakonak eta azterketa zuzenak emon ebazan mauletarrak. Ez dot uste bere buruan pentsau be egingo ebanik, bostehun urte geroago oraindino gauza bardinakaz ibiliko ginanik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu