Museo birtualak
2006-07-27 02:00Nork ikusi leikez bere lanak museo batean? Eta zergaitik ez erabili teknologia eta beronek eskaintzen deuskuzan abantailak? Ordiziako neska gazte bik Nicolas Lekuona artistearen lanak jaso dabez sarean.
Artearen munduan edonork esango deusku ondorengoa: artea sortzea ez da erraza baina egin leiteke. Benetan gatxa dana eta sarritan ezinezkoa zera da: artelanen erakusketak antolatzea beste pertsona batzuei gure lana erakusteko (eta nonork zeozer erosten badau, ondo baino hobeto).
Margolaritzan, argazkigintzan, eskulturan eta beste arlo batzuetan arazo bera dago artelanak ‘kaleratzeko’: non eta zelan erakutsi gure lanak? Ohiko arte-galerietara joatea ez da bape erraza. Joatea bai, baina gero gure lanak bertan ikustea ez. Gainera, askok ez dauka bertara joateko ohiturarik eta gure asmoa jente askorengana heltzea bada, akaso galerien bidea ez da zuzenena izango. Eta arte-galerien mundua gatxa bada, zer esango geunke museoen ganean? Nork ikusi leikez bere lanak museo batean? Eta zergaitik ez erabili teknologia eta beronek eskaintzen deuskuzan abantailak?
Antzerako zeozer pentsau dabe Arte Ederretan lizentziautako Ordiziako neska gazte bik, Mareu Apalategi eta Paula Garaialdek. Euren helburua zera izan da: Ordizian jaiotako Nicolas Lekuona artistearen lanak ‘museo’ batera eroatea.
Nikolas Lekuona (Ordizia, 1913 – Fruiz, 1937) Espainiako Gerra Zibilean hil zan baina hil aurretik bere lanak itxi euskuzan, margolaritzan, argazkigintzan, marrazkigintzan eta argazki-muntaian be. Garai haretako lanak dira, Espainiako abangoardiakoak. Surrealismo ikutuek eragin nahiko izan dabe ondorengo artistakan. Madrilen be egin eban egonalditxoa eta bertako eta garaiko artistakaz hartu-emonak izan ebazan. Bere lan gehientsuenak familiaren eskuetan dagoz baina batzuk badagoz museoetan be, Gasteizeko Artium Museoan, Bilboko Arte Eder Museoan eta Madrileko Reina Sofia Museoan hain zuzen be.
Gaia zera izan da: zelan lortu Lekuonaren obreagaz museo bat eregitea? Zelan batu bere lanak eta jente guztiarentzako erakusgai imini? Museoa (ohiko museoa) eregitea oso garestia da eta, ganera, zenbat lagun joango litzatekez bertara? Urtenbidea: Internet.
Lekuonaren lanak bai Artium-en eta baita Reina Sofian egon ziran (familiak itxita), erakusketa osoa egiteko asmoz. Horrela, lan gehientsuenak digitalizauta dagoz eta, hori oinarritzat hartuta, informatikoen lana izan da gero museo birtuala ‘eregitea’: www.nicolasdelekuona.org
Webgune honetan, hiru dimensinoko museoa topauko dogu, hiru gela daukazan esparru birtuala. Gela bakotxean lanak dagoz ikusgai.
Normalean, alderantzizko bidea egiten da, hau da, ohiko museoak webgunea ataraten dau erakusketen barri emoteko. Baina museo tradizionalik (eraikina) egiteko dirurik ez badago, horra hor museo birtualak.
Benetan ideia polita da eta aukera ugari zabaltzen deuskuz. Holan, edonork euki leike arte-galeria edota museoa. Ez litzateke txarto egongo ideia hau zabaltzea eta museo birtual guztiak batzea, beste aukera kultural barri bat sortuz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!