Hitzordua gerrilla maoisteagaz

Testua Eta Argazkiak Zigor Aldama 2006-07-26 02:00   Bidaide

Barri fresko-freskoa Bizkaie!-ko nire lagunentzat. Lehen mendebaldarrak gara Nepaleko Herri Askapenerako Ejerzitoaren, gerrilla maoistearen baimena lortu dogunok euren ganeko gorabeherak bideo eta argazkietan jasoteko. Ez da lan erraza izan.

Barri fresko-freskoa Bizkaie!-ko nire lagunentzat. Lehen mendebaldarrak gara Nepaleko Herri Askapenerako Ejerzitoaren, gerrilla maoistearen baimena lortu dogunok euren ganeko gorabeherak bideo eta argazkietan jasoteko. Ez da lan erraza izan. Suberte handia izan dogu baina faktore bat baino gehiago erabagiorrak izan dira. Alde batetik, Nazino Batuen Erakundeagaz kolaboretan dodanez, erakundeak bitartekaritza lana egin dau; ganera, gure nazionalidadea be garrantzitsua izan da. Ipar amerikarrak eta britainiarrak ez garanez, maoisten jarrerea edegiagoa izan da, izan be, aitatu bi herrialde horreek eta beste batzuek talde terroristatzat daukie gerrilla maoistea. Nepalen, barriz, talde armatutzat daukie. Horrezaz ganera, aurretik guerrillearen bozeroaile eta negoziatzaile ofizialagaz alkarrizketea egin izana be erabagiorra izan da (nazinoarteko komunikabide bik baino ez deutsie alkarrizketarik egin) eta, jakina, azken aldian, Nepalen bizi dan bake eta adiskidetze giroak be zeresana euki dau primicia hau lortzeko.

Bide gogorra

Nepaleko uriburura, Kathmandura heldu eta egun bi geroago hasi ginan beharrean. Alderdi Maoisteagaz alkarrizketea lortzeko nahitaezkoa izan da NBEren lana. Hamarkada luze eta odoltsuaren ondoren (14.000 lagun inguru hil dira), klandestinidadea ia baztertzea lortu dabe maoistek joan dan apirileko mobimentu herritarrari esker, izan be, miloe bat lagunek (20 lagun hil ziran soldadukaz izandako aurrez-aurrekoetan) manifestazinoak egin ebezan kaleetan 2005eko zezeilaren 1ean estadu kolpea emon eban Gyanendra erregearen monarkia indargabetzeko asmoagaz. Azkenean ez eben lortu. Erregeak boterean jarraitzen dau baina txori-jagole hutsa da. Maoisten bozeroaileak adierazo euskunez, eurak prest dagoz armak itxi eta joku demokratikoari ekiteko.

Kontuak kontu, Krishna Bahadur Mahara bozeroaileagaz lortutako alkarrizketea oso pozgarria izan zan Alex eta biontzat baina ez genekian lehen pausua izango zala hori gerrilla maoisteagaz basoan bat egiteko.

Maharak uriburutik 300 bat kilometrora dagoan Dang eskualdean, lider maoistak bisitetako konbidapena egin euskun. Zur eta lur geratu ginan baina denporea alperrik ez galtzeko auto bat alokatu eta bideari ekin eguntson. Helmugea Gorahi izeneko herria zan. Zorionez, han UNICEF erakundeak gure asmoen barri jakin ebanean, lur orotariko oficial bat itxi euskun eta eskerrak horri ze besteal ezinezkoa izango zan maoistengana heltzea.

Lehen aurrez-aurreko kontaktua

Lur orotarikoan bideari ekin aurretik, Gorahi herrian, zoramena izan zan ze bertako kazetariak, INSEC, Nepaleko adiskidetzearen aldeko erakundea eta UNICEF bera be buru-belarri ibili ziran gure amesetako batzarra lortzeko. Azkenean, herrira heldu eta egun bi geroago, garagarrilaren 14an, hain zuzen, maoisten burua alkarrizketatzeko baimena lortu genduan.

Pelikuletan pasetan dan legez, lur orotarikoan Gorahi-tik abiatu ginanean, ez genekian nora gindoazen eta irrati bidez gure posizinoaren barri emon behar genduan eten barik; INSEC erakundeko ordezkariak baino ez ekian lehen topalekua non egoan, ordu erdira gitxi gorabehera eta bidea nahiko txarra zan baita lur orotarikoan joateko be.

Lehen puntu horretara heldu eta tarteka jomuga barrien ganeko informazinoa emoten euskuen leku edo puntu bakotxera heltzen ginanean. Azkenean, etxola batera hurreratu eta arama barik egozan zenbait maoistek harrerea egin euskuen, nahikoa serio baina galdera batzuen ostean (nortzuk garan, zertara, norentzat lan egiten dogun...), giroa nabarmen lasaitu zan eta maoisten buruari alkarrizketea egiteko baimena emon euskuen.

Maoisten eremuan

Hiruretarako hitzordua jarri euskuen eta ordu bi lehenago, zehaztu bako puntu baterantz abiatu ginan UNICEF erakundearen Land Cruiser erraldoian. Erreka, arroz-solo eta bide malkartsuetan gora goaz, isilean, ze baimena daukagun arren, inoiz ez dago jakiterik zer pasau daitekeen. UNICEFeko koordinatzailea eta gerrilleagaz hartu-emon onak dituan INSEC erakundeko ordezkariagaz goaz baina...

Azkenean, gerra jantziakaz, pistolea eskuetan eukala altoa emon euskun emakume batek. Autoa bertan itxi eta oinez jararitu behar izan genduan. Emakumea eskualdeko komandanteordea da eta bere soldaduak arroza landatzeko lanetan ebizan. Zur eta lur geratu ginan. ‘Pobrezia gorria bizi dauen herrian sortutako mobimentua da gurea, komunidadeari babes osoa eskaintzen deutsegu’ esan deusku.

Bihurgune batean, soldadu bat dago M-16 bategaz jagoletza lanetan eta apur bat aurrerago jagole gehiago ikusten ziran arroz-solo baten inguruetan. Soldaduen arpegietan ez dago irribarrerik, mendebaldarrakaz ez dira fidatzen baina arrozs¡-soloetan gure ibilkera motela ikusita zeozelan lasaitu egin ziran. Emoten eban, erorketearen zain egozala baina ez geuntsen burlarako aukerarik emon. Goitik behera aztertzen gintuen.

Soldaduei bostekoa emon eta giroa lasaitzen joian. Kamarak martxan jarri eta sasibake giroan, gerrilla maoistearen eguneroko bizimodua jasoten hasi ginan.

Apurka-apurka, gure irribarre eta ahaleginen eraginez, aurreikusi bako lekuak erakutsi euskuezan eta komandante ordeak kamara aurreko alkarrizketarako prest egoala esan euskun. Ganera, entrenamentu saio bat be eskaini euskuen eta argazkiak be trankil atara genduzan.

Zerua baltz egoan, ekaitza etorren eta monzoiak gure ekipoak kaltetzeko bildurrez autorantza joatea erabagi genduan. Kasu batzuetan, edade txikiko soldaduen eta emakume soldaduen babesagaz heldu ginan kotxera. Bake itxaropenagaz itxi genduzan: ‘armak itxi gura doguz, Nepal demokratikoa gura dogu ustelkeriarik barik eta pobreziaren kontra burrukan egingo dauen sistemea’. Ideología maoistea sendoa da baina ikusteko dago euren asmoak beteko diran ala ez. Oraingoz, itxaropenerako ateak zabalik dagoz eta alde bateko zein besteko kontrolik bako lagunek ate horreek ez zarratzea falta da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu